|
|
|
 |
|
[
Bageranet
>
Kultur Errota
]
|
|
 |
Kultur Errota
Topaguneko euskara elkarteek kulturgileen partaidetzaz euskal kultura formato txikian sustatzeko antolatutako kultur zirkuitoa da Kultur Errota. Ekimen horretan parte hartze aktiboa dauka Bagerak.
Topaguneak, edo zehatz esanda Euskara Elkarteen Federazioaren kulturgintza arloak, Kultur Errota egitasmoa abian jarri zuenean helburua argi zegoen: Topaguneko elkarteei kultur ibilbideak eskaintzea, euskal kultura sustatzeko asmoz, eta bide batez elkarteen arteko harremanak sakontzea. Egitasmoa 1998ko azaroan abiatu zen eta urte bereko abendura arte 26 kultur ekitaldi burutu ziren 11 herritan. Egitasmoaren arrakasta eta harrera ona ikusirik, 1999. urtean askoz eskaintza zabalagoa egin zuen eta guztira 100 bat emanaldi egin ziren.
Donostian 2001eko otsailaren 2rako antolatu genuen Kultur Errotarekin elkarlanean lehen ekitaldia. BAGERA euskara elkartea eta Txirain elkartearen artean bideratu genuen eta Xabier Amuriza bertsolariaren "Lazkaro-Txiki, bat-bateko sorgina" ekitaldi izan zen aukeratua. Hunkigarria izan zen bertan egon ginenentzat eta gainera ondoren afari goxo batean bildu ahal izan genuen.
Ekainaren 22rako bigarren emanaldia prestatzen dihardugu, Kultur Errota, BAGERA eta Txirain. Oraingo honetan Zuberoako "Beņat Axiari" izango dugu gure artean.
Ondoren Kultur Errota egitasmoak dituen helburu eta definizioa jaso ditugu, informazio xeheagoa nahi duenarentzat.
HELBURUAK
Kultur Errota egitasmoaren bidez, Topaguneak honako helburu hauek erdietsi nahi ditu:
- Herri mailako ekitaldi xume, formato txikikoen beharrari erantzutea.Kulturgune handietara jo gabe, herrian bertan egiten diren adierazpen artistikoak garatzea. Poliki-poliki herritar guztien topagune bihurtuko diren emanaldiak. Belaunaldi, sineskera eta bizipen ezberdinetako herritarrak bizitzeko bitarteko izango direnak.
- Badira hainbat artista gure errealitatea modu berritzaile batez ezagutzen eta ulertzen lagun diezaguketenak. Tokian tokiko kulturgile amateur nahiz profesional hauei merezi duten zirkuito duina eskaini behar zaie.
- Adierazpen artistiko ez ohikoei aukera bat eman behar zaie. HerrietanKulturaren esparru berriak eguneroko bizitzan txertatu: herri arnasaren muinetik sortzen dena iraunarazteko eta kultur adierazpen landuen plazaratzea bermatzeko.
- Elkarte bakoitzaren kultur jarduera eta eguneroko dinamikarako eskaintza egokia bideratzea batetik, eta bestetik, herri bakoitzeko kulturgile berrientzako harrobi lana martxan jartzea.
- Belaunaldi gazte hauen partehartzearen bitartez, etorkizunerako euskarazko kultur dinamika bat sustatzea.
- Belaunaldien arteko zubia eraikitzea; elkarren arteko harremanak bultzatuz, eta bide batez, tradizioa eta modernotasuna uztartuz.
- Euskara Elkarteen arteko harremanak aberastu eta estutzea, proiektu komun batean lan egitearen ondorioz.
- Gauzak ondo antolatu eta eginez gero, euskal kultura, neurri apal batean bada ere errentagarria izan daitekeela erakustea.
DEFINIZIOA.
- Aurreko helburuetatik eratortzen denez, Kultur Errotaren definizio arrunt eta sinpleena hauxe litzateke:
- Topaguneko euskara elkarteek kulturgileen partaidetzaz euskal kultura formato txikian sustatzeko antolatutako kultur zirkuitoa.
Dena den, asko eta askotarikoak dira Kultur Errotaren garapenean eragin positiboa izan duten faktoreak, eta bere definizioa osatzen lagunduko dutelakoan, beheko lerroetan azalduko ditugu hitz laburrez:
- Hitzaren erabateko lehentasuna. Euskara elkarteek euskal herritarrentzat sorturiko egitasmoa denez gero, dudarik ez dugu egiten euskal hitzak erabateko lehentasuna izan behar duela K.E. barruan. Horrek ez du esan nahi inoiz berbarik erabiltzen ez duten ekitaldiak onar ezin daitezkeenik, baina hasieratik argi ikusten da euskal kulturaren transmisioa hitzen bidez egitea dugula premiazkoena eta horretarantz jo behar dugula. Edozelan ere, euskaraz ez diren berbazko jarduerak ere antolatu ahal izango dira, beti ere hizkuntza gutxiagotu baten inguruko informazioa emateko, beste hizkuntzetako kultur espresioak jasotzeko,e.a.
- Kultur emanaldien kalitatea. Oinarri-oinarrizko balorea da edozein proiektu martxan jartzeko garaian. Jakina, kalitatea eta kostuaren arteko kezka etengabe sortuko da eta kultur ibilbideak bere eskaintza zehazteko orduan hau finkatu beharko da, mota askotako proposamenak aztertu, hautatu eta horren arabera osatu. Hala ere gaia, berez labainkorra da eta oreka bilatu beharko da. Bestalde, elkarteei dagokienez, emanaldien kalitatea bermatu beharko dute antolaketa egokia bideratuz: lokal egokia aukeratu, eskenatoki duinak, ikuslegoaren erantzun ona zihurtatu, e.a.
- Aniztasuna. Geuk ezarri behar dugun ereduak zerbait kontutan hartu behar badu, hain zuzen ere, kultur eskaintzen aniztasuna ( kantaldiak, poesia errezitaldiak, antzerkia, e.a. ) da. Izan ere, Topagunearen helburuetan eta eguneroko lanean oinarri nagusienetariko bat da, eta elkarteak dituzten herriak ere oso errealitate anitza edo plurala dutela gogoan izatea komeni da.
- Lurralde guztietako adierazpenak jasotzea. Irizpide hau gogoan hartzea behar-beharrezkoa da. Ezin baita ahantzi elkarren arteko ezjakintasuna ikaragarria dela. Horren ondorioz, gure zeregina da horri irtenbidea ematea. Beraz, saiakera berezia egin beharko dugu lurralde ezberdinetako kulturgileen adierazpenak bildu eta bultzatzeko ( Araba, Nafarroa, Iparraldea,..).
- Belaunaldi ezberdinen arteko harremanak bultzatzea. Kultur ibilbidea osatzeko garaian, oso garrantzitsua da belaunaldi guztiei zabalik egotea batetik, eta bestetik, antolaturiko ekitaldien artean belaunaldion arteko harreman eta transmisio lana bultzatzea.
- Kultur erakundeekiko harreman egokiak. Euskal kulturak bizi duen egoera larria ikusirik eta kultur emanaldiek gaur egun dituzten kostu handiak kontuan harturik, begien bistakoa da era eta toki guztietako kultur instituzio eta erakundeen dirulaguntza izan ezik, ezinezkoa gertatuko litzatekela honelako kultur zirkuito bat antolatzea. Gainera, kontuan izanik gizartearen mesedetan burutzen diren ekintzak direla, oso logikoa deritzogu lankidetza mota hau proposatzeari. Erakunde esaten dugunean, bai publikoez eta bai pribatuez ari gara.
- Harrobi lanaren garrantzia. Puri-purian dauden kulturgileak erakartzearekin batera, Kultur Errotak dituen zereginetako bat, dudarik gabe, harrobi lana zaintzea eta garatzea izan behar da, horretarako, euskara elkarte guztien laguntzarekin, datu base egoki bat sortuz. Izan ere, horrela ez bada, nekez jakingo bait dugu zer nolako kulturgileak sortzen ari diren bazterretan. Datu basearen aberastasuna oso garrantzitsua da gerora begira. Herrietako erroldan oinarrituz, kultur ibilbidea antolatzea Topagunearen Kulturgintza Sailaren egitekoa izango da,bertan parte hartuko duten kulturgileei eskatu beharreko kalitate maila sail honen arduradunen esku geratzen delarik. Bestalde, harrobi lanari dagokionean, gogorazi nahi dugu Kultur Errotak ahalegin berezia egin beharko lukeela euskara elkarteetan sortutako kultur adierazpenak zirkuitoan sartzen. Lan horrretarako oso garrantzitsua da elkarteek egin dezaketen aportazioa datu base aberats bat osatzeko.
- Eklektikotasuna. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko dinamika bat martxan jartzeko helburua dugunez, garrantzitsua da honi osotasuna ematea, eta bai hizkuntza eta bai kultura modu zabal batez ulertzea. Eklektikotasuna kontzeptuarekin horixe adierazi nahi dugu, alegia: ohiko kultur jarduerekin batera ( trikitixa, kantagintza,..) berriei eta sor daitezkenei ( performance berriak, musika estilo berriak,...) irekiak egotea, alde batetik, Kultur Errotak denetariko eskaintzak egin ditzan eta, bestetik, jasotzaileak ohar daitezan euskal kulturaren esparrua uste ohi den baino zabalagoa dela. Hau da, honekin zera adierazi nahi da: euskeraren mundua bizia dela eta, gure sustraiak ezagutzearekin batera, urbanoa, aurrerakoia eta modernoa ere badela.
- Interaktibotasuna. Ikusleen partehartzea bultzatzen duten ekitaldiak ( Tapia eta Leturia, eta Patxi; Urbeltzen Dantza Ganbara,..) bultzatzea oso garrantzitsua ikusten dugu, kulturgile eta publikoaren artean harreman berezia sortzen baita.
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
|
|