1.Sarrera
Jazzaldiaren funtsa, musika emanaldiak diren neurrian, ahozko hizkuntza erabilera saioen aurkezpenetan baino ez da gertatzen. Era berean, idatzizko materiala, oinarrizko esku liburuetara eta paisai linguistikora mugatzen da, batez ere. Donostian egiten diren beste ekintza batzutan ez bezala, ahozko edo idatzizko hizkuntza aztertzeari ekin diogu, euskarak hauetan jasotzen duen tratamendua ezagutu asmoz, musika emanaldietan egiten den erabilera behatu gabe.
Behaketa eta bertatik ateratako emaitzak, egoera baloratzeko bitartekoak besterik ez dira. Honela bada, garrantzia urtean zehar egindako lanak eta bertatik ateratzen diren emaitzek dute, eta noski, urtez urte euskararen presentzia handitzen joatea, eta euskara normalizatzen joateko aurrerapausoak egitea.
1.1.Lan metodologia
Denetara zortzi lagun aritu dira jarraipena egiten, euskararen ahozko erabilera eta idatzizko materiala aztertuz.
Jazzaldia iristen den gune guztietako emanaldiren bat gutxienez behatzen saiatu gara, behaketa ahalik eta osoena izan dadin.
Ohar modura esan, txostenean bi eletan edo bi hizkuntzetan esaten denean, besterik zehaztu gabe, euskaraz eta gazteleraz esan nahi duela.
2.Idatzizko materiala
2.1.Jazzaldiaren egitarau osatua
Jazzaldiari buruzko informazioa luze-zabalean azaltzen den liburuxka da. Musikari eta talde bakoitzaren berri ematen du. Aurtengoak 52 orrialde ditu.
Lehen orrialdean, azalean, 2006ko kartela azaltzen da (ikus 2.4.). Azken orrialdean egitarau laburtua ageri da hiru eletan: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.
Sarrera bi eletan idatzirik dago, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz eta hitzez hitzeko itzulpena da. Euskarazkoa gris argiz dago eta gaztelerazkoa beltzez. Euskarazkoa ezker aldean egon arren kolorearen diferentziak gaztelera nabarmentzen du.
Jarraian, atal desberdinetan egunez egun dauden ekitaldietan parte hartuko duten taldeei buruzko azalpenak datoz, informazio guztia bi eletan dago, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz, testu hauetan ere, euskarazkoa gris argiz dagoenez eta gaztelerazkoa beltzez, gaztelerazkoa gehiago nabarmentzen da.
Iragarkiekin ez da testuarekin bezala gertatzen eta gaztelera da hizkuntza nagusia.
Gaztelera hutsezko iragarkiak:
2 or. Frigo
8 or. Menabi (Skoda)
10. or. Universal music eta verve music group
19. or. Blue note europe eta Emi music
34. or. Nuevos Medios
36. or. Quadrant records
37. or. Cadena Ser
41. or. Jazz Euskadi
48. or. Nordic Mist
49. or. Fnac Donostia
Euskara hutsezko iragarkiak:
14 or. Kutxa
Euskaraz eta gazteleraz azaltzen diren iragarkiak:
12 or. El Diario Vasco
43. or. Cuadernos de Jazz eta Donostiako Jazzaldia
46. or. Getxo Jazz (Hainbat datu gazteleraz bakarrik daude)
47. or. Elkar
Hiru eletan:
42. or. Eroski (Lelo nagusia eta logoa gaztelera hutsez daude)
Hizkuntzarik gabekoak:
32. or. Obegisa (Helbidea euskaraz dago)
2.2.Prentsa oharrak
BAGERAn, posta elektroniko bidez 32 mezu jaso ditugu. Guztietan informazioa bi eletan jaso dugu. Aurtengoan mezu bakarra jaso dugu web orriko formatuan, non mezua ireki eta lehenengo gaztelerazko bertsioa ikusten den, nahiz eta informazioa euskaraz jasotzeko aukera ere eman.
Aurkezpenean banatutako materialean bi CD jaso ditugu: batean Jazzaldian parte hartu dutenen argazkiak eta biografiak daude bi eletan, nahiz eta, karatulan euskarazko testuak akats bat izan (textua) eta artxiboen izen gehienak gazteleraz egon. Eta bestean musika dago karatulan kartel ofiziala duela.
Prentsaurreko gehienetan banatu den informazioa bi eletan jaso genuen, kasuren batean euskarazkoa edo gaztelerazkoa aukeratzeko eman ziguten arren, gehienetan orri berdinean aurrean gazteleraz eta atzean euskaraz zituzten orriak banatu zizkiguten (aurreko aldea eta atzekoa grapatuta zuten ordenagatik bereiztu zitezkeen). Girondakoek emandako prentsa dossierra gaztelera hutsez banatu zuten.
2.3.Web orria
www.jazzaldia.com helbidean sartuz gero, lehenengo pantailan hizkuntza aukeratu behar da.
2.4.Jazzaldiko kartela
Aurtengo Jazzaldia iragartzeko kartelean, azaltzen den informazioa, laburra bada ere, euskaraz eta gaztelaniaz dago. Data bi eletan dago, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz eta 41. Heineken Jazzaldia jartzen du.
2.5.Programa
Orrialdeko programan, datak, lekuak eta bestelako oharrak ere hiru eletan azaltzen dira. Lehenik euskaraz eta gero gaztelaniaz eta ingelesez.
2.6.Gironda eta Donostia arteko topaketa
Gironda eta Donostia arteko topaketen baitan, zenbait musikarien trukaketaz gain, hango eta hemengo turismo eskaintzak zabaltzen izan dira.
Horretarako, Kursaaleko Zurriola terrazan, zenbait saltoki eta stand egon dira Girondako gastronomia eta turismo eskaintza ezagutarazteko. Bereziki Jazzaldirako ateratako triptiko bat zabaldu dute, eta guztia bi eletan dago. Horretaz gain, standean zeuden mapa eta liburuxkak gazteleraz edota frantsesez zeuden (hauek ez ziren espresuki Jazzaldirako eginak). Produktu gastronomikoak saltzen zituen standeko kartelak nagusiki gazteleraz zeuden, soilik bakarra zegoen bi eletan eta bertan euskara bigarren maila batean agertzen zen.
2.7.Bestelakoak
- Zurriola eta Kursaalgo guneetako paisai linguistikoa:
Jazzaldiko programazio osoa ikus zitekeen panel bat zegoen. Orokorrean hiru eletan egon arren, egitarau liburuxkan ez bezala, guneen izenak gazteleraz bakarrik zeuden.
Kursaalaren gunean, gauzak non zeuden jakiteko plano bat zegoen. Informazio ia guztia gaztelera hutsez zegoen. Oinarria bi hizkuntzetan zegoen (Zurriola hondartza, Kursaal auditorioa eta Ganbera aretoa) eta Jazzaldirako jarritako guztia gaztelera hutsez.
Jazzaldiaren dendan, prezioen zerrendak gaztelera hutsez zeuden eta baita produktu bakoitzaren ondoan zegoen txarteltxoa ere.
Kursaaleko gunean zehar, bide seinale moduko batzuk zeuden gune bakoitzera joateko norabidea erakutsiz. Seinale hauetan guneen izenak gaztelera hutsez zeuden.
Tiketen salmenta postuetan, prezioen zerrendak bi eletan zeuden eta edarien zerrendaz gain, “El rincón del marisco”-n zeuden produktuen zerrendak ere bi hizkuntzetan zeuden. Edaria edo janaria erosteko tiketak bi eletan zeuden. “El rincón del marisco” postuan berriz, zerrendak eta gainerako guztia gazteleraz zegoen.
Karpa edo jaima bakoitza zer den (denda, taberna…) adierazten duten txartelak hiru eletan zeuden, baita hauetan zeuden beste ohar batzuk ere; salbuespena tiketeretan, “un ticket = una ronda” oharra zen, gazteleraz eta ingelesez bakarrik baitzegoen.
Frigo eszenatokian, euskaraz eta gaztelerazko leloak zeuden. Aurreko partean azpiko pankarta euskaraz zegoen eta goian (alboetan eta aurrean) gaztelerazko leloak zeuden. Ondoan, argi eta soinuaren mahaiak zeuden eszenatoki txikia zegoen, Frigoko publizitatearekin estalita hiru aldeetatik, guztietan gaztelera hutsezko leloak irakur zitezkeen. Donostiako Udalaren irudia bi hizkuntzetan zegoen agertokiaren atzeko aldean.
Zurriolako hondartzako agertoki berdean, “Escenario verde” soilik jartzen zuen eta alboetan Heineken markaren leloa gazteleraz. Bertako pantaila batean ohar ezberdinak ageri ziren hiru eletan (hondartzak garbi mantentzekoa…). Baina zenbaitetan gaztelera hutsezko oharrak zeuden (Hoy a las 21:00h…). Azkenik, hondartzan zeuden zakarrontziak adierazteko ohartxoa gazteleraz zegoen.
- Trinitate plazako paisai linguistikoa:
Trinitate plazaren sarreran hainbat panel zeuden. Hauetako batean, Trinitateko kontzertu guztien berri ematen zen, izenburua gazteleraz eta data hiru eletan zeuden. Ondoan, Jazzaldiaren programarekin beste panel bat zegoen, hau hiru eletan zegoelarik.
Trinitatera sartzean mapa handi bat zegoen, hiriko gune ezberdinak azaltzen zituena gazteleraz.
Plazaren goiko harmailen gainean pantaila bat zegoen. Bertan, jaialdiaren izena agertzen zen (Heineken 41. Jazzaldia). Emanaldi bakoitzean, zegokion artista edo taldearen izena agertzen zen pantailan, Heinekeneko publizitatearekin tartekatuz. Bi kontzerturen artean pantailan “A continuacion...” gazteleraz soilik irakur zitekeen.
Agertokian, urtero bezala, “Heineken 41. Jazzaldia, Donostia-San Sebastian” jartzen zuen panela zegoen. Alboan, Donostiako udaleko panela zegoen bi eletan.
Heineken etxeak hainbat iragarki euskarri erabili zituen: fokuak, kuxinak… guzti hauetan ez zen inongo esaldi edo lelorik erabiltzen.
- Chillida-Lekuko paisai linguistikoa:
Soilik kartel bat zegoen kontzertuko gunea adieraziz, bi eletan gaztelerak lehentasuna zuen arren.
Kaleko faroletan, Jazzaldiko kartela eta Heinekenen iragarkiarekin zintzilikarioak ikusi ditugu. Alde batetik, Jazzaldiko kartela (aurretik azaldua), eta bestetik Heinekeneko iragarkia, hau gaztelera hutsez (Piensa en verde!).
Jazzaldiko autoetan, “Skoda Jazzaldiaren kotxe ofiziala” leloa euskaraz, albo batean, eta gazteleraz, bestean ikus zitekeen.
Jazzaldiko bulegoan, salgai dagoen materiala zeukaten sarreran eta prezioen zerrenda guztiak bi eletan zeuden.
Jazzaldian zehar banatutako hainbat publizitate eskuorri jaso ditugu, hauetako batzuk bi eletan eta besteak gaztelera hutsez banatu dira:
Jazzaldiko antolakuntzak Kursaaleko sarrera nagusiaren ondoan jarritako bulegoan, “Spanish Courses In San Sebastian” zioen eskuorria zuela hizkuntza akademi baten publizitate gisa.
Skoda etxeak Trinitate plazan banatu izan ditu azaleko leloa euskara hutsez zuten eskuorriak. Barruan autoen ezaugarriak gaztelera hutsez zeuden, markaren leloa ingelesez eta helbidea euskaraz zituen.
Onda Cero-k Jazzaldiaren inguruko liburuxka banatu zuen Kursaaleko terrazetan, guztia gazteleraz.
Blue Note diskoetxeak eta FNAC dendak, biek batera Jazzaldirako eskuorria banatu zuten Kursaaleko terrazetan, hauek gaztelera hutsez idatzita zeuden.
Ocio izeneko web orrialdearen berri ematen zuen bi eskuorri ezberdin banatu ziren; hauetako bat gaztelera hutsean, bestea gazteleraz eta ingelesez.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak Jazzaldiaren inguruko edizio berezia banatu zuen Kursaaleko terrazetan, 16 orri zituen eta nagusiki gazteleraz zegoen idatzia, soilik orrialde bat zegoen euskaraz.
Jazzaldiaren antolakuntzak egunkarietan jarri dituen iragarkiei buruz, esan bi egunkaritan jarritako hiru iragarki eskuratu ditugula. Hiru iragarkiek egitura berdina izan arren, lelo nagusia desberdina zuten (bi euskarazkoa eta bestea gaztelerazkoa). Programazioaren atala bi eletan zegoen kasu guztietan, zenbait ohar kenduta; labur bat euskaraz bakarrik zeuden (sarrerak agortuta) eta luzeago bat gazteleraz (venta de entradas...).
2.8Antonio Alonsoren argazki erakusketa
Argazki erakusketa Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak antolatu duen arren, egokia iruditu zaigu txosten honetan sartzea Jazzaldiarekin estuki loturik egon delako. Erakusketan zeuden argazkietan testu gutxi azaltzen zen eta gehienetan artistaren izena besterik ez. Kasuren batean ohar batzuk ageri ziren gazteleraz (año, premio entregado a…). Erakusketaren eskuorri bat atera dute antolatzaileek eta bertan erakusketaren izena gazteleraz bakarrik ageri zen arren, beste guztia bi eletan zegoen, baina lehenengo gazteleraz eta euskaraz ondoren.
3.Ahozko erabilera
3.1.Prentsaurrekoak
- Aurkezpen prentsaurrekoa:
Ekainaren 20an, Kursaalean izan zen aurkezpen prentsaurrekoa. Bertan, Jazzaldiaren antolakuntzatik Miguel Martin zuzendaria eta Jesus Torquemada prentsa arduraduna izan ziren. Donostiako alkate Odon Elorza ere bertan zen.
Prentsaurrekoa Jesus Torquemadak hasi zuen, bi eletan egin zuen aurkezpena eta berehala hitza eman zion Miguel Martin zuzendariari. Honek gazteleraz egin zuen aurkezpena. Azkenik, Odon Elorza igo zen oholtzara eta hitz batzuk egin zituen, denak gaztelaniaz.
Girondako ordezkaritzakoek hartu zutenean hitza; frantsesez hitz egin zuten, eta Jesus Torquemadak itzulpenak egin zituen gaztelerara.
- Antonio Alonsoren argazki erakusketa:
Lehen esan bezala, erakusketa hau ez zen egitarau ofizialean sartzen, baina hemen gehitzea erabaki dugu Jazzaldiarekin izan duen harremanagatik eta bertan Miguel Martinek parte hartu zuelako. Aurkezpenean, esan bezala, Miguel Martin eta Antonio Alonso aritu ziren, biak gazteleraz egin zuten osorik.
Jesus Torquemadak aurkezpen labur bat egin zuen euskaraz, Mikel Azpiroz euskalduna izanda euskaraz galdetzeko aukera zegoela azpimarratuz eta ondoren gazteleraz errepikatu zuen aurkezpena.
Miguel Martinek hitza hartu eta gazteleraz aurkezpen zabalagoa egin zuen. Jarraian, Mikel Azpiroz taldeko eledunak hitza hartu zuen, euskaraz agurtu ondoren “erdaraz egingo det denak ulertzeko” esanez gazteleraz egin zuen hitzaldi guztia. Amaitzean, kazetari batek eskatuta euskaraz laburpen bat egin zuen. Egindako galderak gazteleraz izan eta erantzun zituen. Agurra bi hizkuntzetan egin zuen eta azken oharra gazteleraz.
Prentsaurrekoa Costa Vasca hotelean izan zen. Bertan, McCoy Tyner berak eta Jesus Torquemadak hartu zuten parte.
Jesus hasi zen hizketan, agurra euskaraz egin eta beste guztia gazteleraz egin zuen. McCoy Tyner-ek ingelesez hitz egin zuen, Torquemadak egin zituen itzulpenak gaztelerara.
- Donostia Jazzaldia saria:
Uztailaren 24an, arratsaldeko zortzietan Maria Cristina hotelean izan zen ekitaldia. Bertan Miguel Martin zuzendaria eta Jesus Torquemada prentsa arduraduna izan ziren Jazzaldiaren antolakuntzatik.
Torquemadak euskaraz agurtu eta gazteleraz egin zuen sariaren aurkezpen guztia.
Miguel Martinek saria eman aurretik hitz batzuk egin zituen, gazteleraz. Saria jaso ondoren, Herbie Hancockek hitz batzuk egin zituen, ingelesez, itzulpenak Jesus Torquemadak egiten zituen, gaztelerara.
- Balorazio prentsaurrekoa:
Udaletxean izan zen uztailaren 27an. Mahaian Miguel Martin eta Ramon Etxezarreta egon ziren. Lehen hitza Ramonek hartu zuen balorazio orokor bat eginez lehenik euskaraz eta gero gazteleraz. Ondoren, Miguel Martini pasa zion hitza eta hau denbora luzez aritu zen gazteleraz. Galderentzako tartea ireki zuen Martinek gazteleraz, eta egindako 2 galderak (gazteleraz), Miguel Martinek berak erantzun zituen gazteleraz. Agurra Miguelek egin zuen gazteleraz bakarrik.
3.2.Kontzertuetako aurkezpenak
Aurkezpenak izan ziren kasuetan bi hizkuntzetan izan ziren, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz.
Aurkezpenek beti eskema bera jarraitu zuten Trinitatean: bi talde izaten ziren, lehenengo taldearen aurkezpena euskaraz hasi eta gero gazteleraz bukatzen zutelarik. Lehenengo kontzertua amaitu ondoren, bigarren kontzertuaren berri ematen zuten, lehenengo gazteleraz eta gero euskaraz. Bigarren kontzertua hastean, aurkezpena lehenengo euskaraz, eta gero gazteleraz egiten zuten. Hau amaitzean, hitz batzuk egiten zituzten, gauean zehar zeuden gainontzeko kontzertuen berri emanez eta abar, lehenengo gazteleraz eta gero euskaraz.
Kursaaleko auditorioan behatutako kontzertuetan ez da aurkezpenik izan. Keith Jarret eta Caetano Velosoren emanaldietan, kontzertua hasi aurretik mugikorrak eta argazki kamerak itzaltzeko eskatu zuten bozgorailuetatik, lehenbizi euskaraz eta gazteleraz ondoren, betiere bi hizkuntzen arteko oreka mantenduz. Uztailaren 22an Erykah Badu-k eskaini zuen kontzertua atzerapenarekin hasi zen, atzerapen honen azalpena bozgorailuetatik gaztelera hutsean eman zuten.
Gainontzeko agertokietan izandako kontzertuetan, aurkezpenak izan direnetan hauek bi eletan egin izan dira, euskaraz lehenbizi eta gazteleraz ondoren.
Aurkezpen ofizialetatik aparte, talde batzuek beren burua aurkezten zuten, kontzertuaren bukaeran batez ere, musikari bakoitzaren izenak aipatuz. Gehienek ingelesez hitz egiten zuten eta bateren batek gazteleraz ere bai. Talde baten kasuan gutxienez, aurkezpena egingo zuen pertsona bat jarri zuten (ez dakigu Jazzaldiaren antolakuntzakoa ote zen) eta honek agurra euskaraz egin bazuen ere, gehiengoa gazteleraz izan zen.
3.3.Bestelakoak:
- Uri Caine piano-jolearen topaketa:
Ekitaldia uztailaren 24an, eguerdiko hamabietan FNAC-en izan zen. Pianoa joaz ekin zion topaketari Uri Cainek. Bi pieza jo zituen, ondoren mikrofonoa hartu zuen eta ingelesez ekin zion bere musikaren azalpenari. Jazzaldiko antolakuntzako kide batek ingelesetik gaztelerara itzuli zituen piano-jolearen hitzak.
Galderen txanda iritsi zenean, galderak gazteleraz edota ingelesez egin ziren.
Kursaal auditoriora sartzerakoan eta sarrerak hartzen dituztenen artean guztiek ez zekiten euskaraz. Behin aretoan sartuta jendearen eserlekuak aurkitzeko zeuden neskak euskaraz erantzuten zuten. Trinitateko sarrerakoak, berriz, ez zekiten euskaraz.
Tabernan eta edari salmenta postuetan ere denetarik zegoen. Batzuek euskaraz bazekiten arren beste batzuek ez.
4.Bakearen aldeko kontzertua
Ekitaldi berezi hau gehitu dugu txostenean Jazzaldiaren barnean egon ez arren, antolakuntza Jazzaldiaren esku zegoelako eta programako liburuxkan ere gehitu zutelako.
Ezin izan ziren behatu ekitaldi hau iragartzeko egon diren prentsaurrekoak , baina posta elektronikoz jasotako mezu guztiak (bai Jazzaldiak bidalitakoak bai Kursaal Fundazioak bidalitakoak) bi hizkuntzetan zeuden.
Euskarak presentzia izan zuen ekitaldian, hizkuntza paisaian (paneletan zeuden leloetan, baina ez agertokiaren izen nagusian), kartelean eta beste euskarri gehienetan. Ekitaldiak ez zuen aurkezpenik izan.
Egunean bertan jaso ziren eskuorriei dagokionez, espresuki egun horretarako Skoda etxeak ateratakoa nabarmendu nahi dugu. Lelo nagusia bi eletan dago (euskarak lehentasuna izanik) baina, hala ere, beste hainbat ohar gazteleraz zituen bakarrik.
5.Ondorioak
Idatzizko hizkuntza
Idatzizko materialean, hau da, Jazzaldiaren egitarau osatuan, egitarau laburtuan, liburuan eta abar, elebitasuna nagusi izan da eta lehenengo hizkuntza oro har, euskara izan da. Bi eletan dauden testuak (euskaraz eta gazteleraz) bata bestearen itzulpen literalak dira, orokorrean. Eta beti lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz idatzita daude, nahiz eta koloreagatik gaztelerazkoa nabarmendu.
Egitarau laburtuan, egitarau osatuan eta oro har idatzizko materialean azaltzen diren iragarle etxeen iragarki gehienak gaztelera hutsez daude. Hamazazpi iragarle etxe izan dira, horietatik hamar gazteleraz, euskara hutsezko bakarra, bi eletan eginikoak lau, hiru eletan bat eta hizkuntzarik gabekoa beste bat. Iazkoarekin alderatuta gaztelera hutsean egindakoak gehiago izan dira, bi eletan egindakoak eta euskara hutsezkoak mantendu egin dira. Beraz, iragarkietan euskara kontuan hartzeko eskatuz, Jazzaldia hasi aurretik BAGERAtik luzatu genien proposamenak nolabaiteko eragina izan arren, emaitzek ez dute aparteko datu onik eman. Hala ere, iragarle batzuek gaztelera soilik erabili izanak harritzen gaitu eta datorren urterako zuzentzea espero dugu, besteak beste honako hauek: Jazz Euskadi, Eroski Bidaiak eta Menabi (azken biak Bai Euskarari Ziurtagiria daukatelako eta Menabik Jazzaldian bertan erabili dituen beste hainbat euskarritan euskara nahiko era txukunean erabili duelako).
Paisai linguistikoan hainbat hutsune ikusi ditugu. Adibidez, Jazzaldiko dendan eta “El rincón del marisco” gunean zeuden zerrendak eta txarteltxoak soilik gazteleraz zeuden, planoen panelak (batzuk erabat eta besteak nagusiki) eta guneak markatuz zeuden bide seinaleak bezala. Zurriola hondartzako agertoki berdean, “Escenario Verde” jartzen zuen handi handiz eta gaztelera hutsean. Behatzaileen esanetan, gaztelerazko mezu gehiago agertu ziren, euskarazkoak eta ingelesezkoak baino. Zentzu horretan euskara, gutxienez, gazteleraren mailan ipintzea beharrezkoa ikusten dugu.
Jasotako prentsa oharrak bi eletan izan dira.
Web orriaren kasuan, aurrera pausoa egon da eta www.jazzaldia.com helbidean sartzerakoan, lehenengo pantaila hizkuntza aukeratzeko da, horrela oreka mantenduz.
Ahozko hizkuntza
Ahozko hizkuntzari dagokionez, aurkezpenetan elebitasuna mantendu da, hau da, euskara eta gaztelera erabili dira. Lehenengo eta azken hitzak beti euskaraz izan dira eta hizkuntza bakoitzean informazio propioa landu da.
Hala ere, hutsune handia ikusi dugu prentsaurrekoetan eta aurkezpenetatik kanpo gelditzen diren beste agerraldietan (topaketak eta sari banaketak), gaztelera nagusi izan baita.
Laburbilduz, emaitza orokorrean baikorra izan arren, oro har elebitasuna mantendu delako bai ekitaldien aurkezpenetan baita idatzizko materialean ere, idatzizkoan urteroko hutsuneak errepikatu dira eta ahozkoan hutsune nabarmena dago prentsaurrekoetan.
BAGERAk Donostiako Jazzaldiko arduradunak zoriondu nahi ditu euskarari ematen dioten lekuagatik. Era berean, aipatutako hutsuneak urtez urte zuzentzen joan ditzan eskatu nahi diegu Jazzaldiko antolatzaileei.