BageraNet BageraNet
Bagera logoa

Gora Jazzaldiaren emaitzak

Artikulua 2006ko Jazzaldiaren behaketa
Artikulua 2005eko jazzaldia
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Behaketak  >  Jazzaldiaren emaitzak  >  2005eko jazzaldia ]

2005eko Jazzaldia

1. Sarrera

1998. urtean BAGERA Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostiako Jazzaldian euskararen erabileraren inguruko lehen behaketa egin zuen eta, orduz geroztik, urtero aztertu du musika jaialdia. BAGERAk Donostian egiten diren hainbat ekintzetan hizkuntza erabilera zer nolakoa den aztertu ohi du.

Izan ere, Donostian egunetik egunera, euskarak dagokion lekua, presentzia eta indarra lor dezan ari gara lanean, eta hiritarroi eskaintzen zaizkigun ekintzetan euskararen erabilera neurtzea beharrezkoa da.

Jazzaldiaren funtsa, musika emanaldiak diren neurrian, ahozko hizkuntza erabilera saioen aurkezpenetan baino ez da gertatzen. Era berean, idatzizko materiala, oinarrizko esku liburuetara mugatu da, batez ere.

Donostian egiten diren beste ekintza batzuek ez bezala, ahozko edo idatzizko hizkuntza aztertzeari ekin diogu, euskarak hauetan jasotzen duen tratamendua ezagutu asmoz.

Behaketa eta bertatik ateratako emaitzak egoera baloratzeko bitartekoak besterik ez dira. Honela bada, garrantzia urtean zehar egindako lanak eta bertatik ateratzen diren emaitzek dute.

1.1. Lan metodologia

Denetara zortzi lagun aritu dira jarraipena egiten, euskararen ahozko erabilera eta idatzizko materiala aztertuz.

2. Idatzizko materiala

2.1. Jazzaldiaren egitarau osatua

Jazzaldiari buruzko informazioa luze-zabalean azaltzen den liburuxka da. Musikari eta talde bakoitzaren berri ematen da. Aurtengoak 44 orrialde ditu.

Lehen orrialdean, azalean 2005eko kartela azaltzen da. Data elebietan dago, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz eta Heineken 40. Jazzaldia jartzen du. Azken orrialdean egitarau laburtua ageri da hiru eletan, baina badira gune batzuen izenak gazteleraz bakarrik azaltzen direnak (Adib.: Carpa Heineken, Escenario Verde) .

Sarrera elebietan idatzirik dago, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz eta hitzez hitzeko itzulpena da, euskaraz eta gazteleraz informazio bera azaltzen da.

Liburuxka honetan, dauden atal desberdinetan egunez egun dauden ekitaldietan parte hartuko duten taldeei buruzko azalpenak datoz, informazio guztia elebietan dago, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz, hala ere, euskarazkoa gris argiz dagoenez eta gaztelerazkoa beltzez, gaztelerazkoa gehiago nabarmentzen da.

Iragarkiekin ez da testuarekin bezala gertatzen eta gaztelera da hizkuntza nagusia, bai egitarau osatuaren liburuxkan, baita kalean edo jazzaldiaren guneetan topatutako edozein euskarritan.

Gaztelera hutsezko iragarkiak:
2 or. Frigo
12 or. Cuadernos de Jazz
14 or. Menabi (Skoda)
25 or. Cadena Ser
29 or. Nordic Mist
36 or. Viajes Eroski Bidaiak
37 or. Jazz Euskadi
40 or. Nuevos Medios

Euskara hutsezko iragarkiak:
19 or. Kutxa

Euskaraz eta gazteleraz azaltzen diren iragarkiak:
8 or. Universal music eta verve music group (Gehiena elebietan alboetako esaldiak izan ezik)
10 or. El Diario Vasco
33 or. Quadrant records
38 or. Getxoko Jazzaldia

Hizkuntzarik gabekoak:
20 eta 21 or. Heineken

Aipatzekoa da, Viajes Eroski Bidaiak eta Menabi (Skoda) iragarleek, Bai Euskarari Ziurtagiria bidean izanik, gaztelera hutsez ipini dituztela beraien iragarkiak.



2.2. Prentsa oharrak

BAGERAn, email bidez. 25 mezu jaso ditugu. 25etik 14 bi eletan zeuden. Gazteleraz jaso ditugun 3 mezu euskaraz ere jaso ditugu, eta gainontzekoak euskara hutsez zeuden. Web orriko formatuan jaso dugun bat izan ezik, hori mezua ireki eta lehenengo gaztelerazko bertsioa ikusten da, nahiz eta informazioa euskaraz jasotzeko aukera eman.

Aurkezpenean banatutako materialean bi CD banatu zituzten, batean Jazzaldian parte hartuko dutenen argazkiak daude eta bestean musika dago. Beraz, ez dago hizkuntzarik.

Prentsaurrekoetan banatutako materiala euskaraz jaso dugu guztietan. Euskaraz egiten ez duten komunikabideei, txosten berdinak gazteleraz ematen dizkiete.

2.3. Web orria

www.jazzaldia.com helbidean sartuz gero, pantailan ageri den hizkuntza gaztelera da. Ondoren, euskara edo ingelesa aukera daitezke.

2.4. Jazzaldiko kartela

Aurtengo Jazzaldia iragartzeko kartelean, azaltzen den informazioa, laburra bada ere, euskaraz eta gaztelaniaz dago.

2.5. Programa

Orrialdeko programan, datak, lekuak eta bestelako oharrak ere hiru eletan azaltzen dira. Lehenik euskaraz eta gero gaztelaniaz eta ingelesez. Hala ere, lehen aipatu bezala, badira gazteleraz bakarrik izendatzen diren guneak.

2.6. Gironda eta Donostia arteko topaketa

Gironda eta Donostia arteko topaketa izan da eta topaketa horren baitan, zenbait musikarien trukaketaz gain, hango eta hemengo turismo eskaintzak zabaltzen izan dira.

Horretarako, Kursaaleko Zurriola terrazan, zenbait saltoki eta stand egon dira Girondako gastronomia eta turismoa eskaintza ezagutarazteko. Bereziki Jazzaldirako ateratako triptiko bat zabaldu dute, eta guztia bi eletan dago. Horretaz gain, standean zeuden mapa eta liburuxkak gazteleraz edota frantsesez zeuden (hauek ez ziren espresuki Jazzaldirako eginak).

2.7. “40 urte” liburua

Aurten, 40. urtea denez, orain arteko Jazzaldiak biltzen dituen 260 orrialdeko liburu bat atera dute.

Azala eta kontrazalean, argazki txikiak daude eta idatzitakoa elebietan dago. Liburuaren edukia aztertuz gero, bi eletan dagoela esan daiteke. Lehenengo euskaraz (gris argiz) eta bigarren zutabean gazteleraz (beltzez). Nahiz eta lehenengo euskaraz egon, kolore diferentzia dela eta, gaztelerazkoa nabarmentzen da.
Bi atal izan ezik, guztia bata bestearen itzulpena da. “El jazz español en el Festival” atala gazteleraz dago bakarrik, eta “Euskal jazza Donostiako Jazzaldian” berriz euskara hutsez. Beraz, informazio propioa ere lantzen da hizkuntza bakoitzean eta hori beti positiboki baloratzen dugu.

2.8. Bestelakoak

 Zurriola eta Kursaalgo guneetako paisai linguistikoa:

Jazzaldiko programazio osoa ikus zitekeen bi panel zeuden. Esku egitarauan bezala, hiru eletan zeuden.

Kursaalaren gunean zeuden gauzak non zeuden jakiteko plano bat zegoen. Bertan izen guztiak gazteleraz zeuden (escenario verde, tienda,...)

Jazzaldiaren dendan, prezioen zerrendak gaztelera hutsez zeuden eta produktu bakoitzaren ondoan zegoen txarteltxoa ere.

Kursaaleko gunean zehar, bide seinale moduko batzuk zeuden gune bakoitzera joateko norabidea erakutsiz. Seinale hauetan guneen izenak gaztelera hutsez daude.

Tabernan eta tiketen salmenta postuetan prezioen zerrenda nagusiak bi eletan zeuden, baina alboetan orri txuri plastifikatuetan zeudenak gazteleraz. Edarien zerrendaz gain, “El rincón del marisco”-n zeuden produktuen zerrendak gazteleraz zeuden, eta postu horretako paisaia ere gazteleraz zegoen. Edaria edo janaria erosteko tiketak bi eletan zeuden.

Frigo eszenatokian, euskaraz eta gaztelerazko leloak zeuden. Aurreko partean azpiko pankarta euskaraz zegoen eta goian (alboetan eta aurrean) gaztelerazko leloak zeuden. Ondoan, argi eta soinuaren mahaiak zeuden eszenatoki txikia zegoen, Frigoko publizitatearekin estalita hiru aldeetatik, guztietan gaztelera hutsezko leloak irakur zitezkeen.

Zurriolako hondartzako agertoki berdean, “escenario verde” soilik jartzen zuen. Bertako pantaila baten bidez, hondartzak garbi mantentzeko oharra hiru eletan irakur zitekeen. Eta hondartzan zeuden zakarrontziak adierazteko ohartxoa gazteleraz zegoen.

 Trinitate plazako paisai linguistikoa:

Heineken-ek jarritako hainbat pankarta publizitario zeuden. “Más que una expresión musical una forma de pensar” eta “Piensa en verde” leloekin.

 Beste batzuk:

Kaleko faroletan, Jazzaldiko kartela eta Heinekenen iragarkiarekin zintzilikarioak ikusi ditugu. Alde batetik, Jazzaldiko kartela elebietan dago, eta bestetik Heinekeneko iragarkia, hau gaztelera hutsez (piensa en verde!.).

Jazz Euskadiko triptikoan, Euskal Autonomi Erkidegoan egiten diren hiru Jazz jaialdiak biltzen dira, eta aurten ere gaztelera hutsez dago, euskaraz hitz bakar bat ere ez dago. Triptiko hau, Eusko Jaurlaritzako kultura sailak babestuta kaleratutakoa dela azpimarratu beharra daukagu.

Zurriolako sarreran, Skodako auto berria zegoen erakusgai eta “Skoda modelo berria” zioen txarteltxoa zeukan ipinita.

Jazzaldian zehar banatutako hainbat publizitate orri ikusi ditugu, guztiak gazteleraz: Trinitateko sarreretan FNAC disko denda eta Blue Note diskoetxearenak eta Kursaal auditorioaren barruan eta Trinitate enparantzan, Menabi kontzesionarioarenak.

Onda Cero-k jazzaldiaren inguruko liburuxka banatu zuen Kursaaleko terrazetan, guztia gazteleraz.

Jazzaldiko bulegoan, salgai dagoen materiala zeukaten sarreran eta prezioen zerrenda guztiak bi eletan zeuden.


3. Ahozko erabilera

3.1. Prentsaurrekoak

 Aurkezpen prentsaurrekoa:

Ekainaren 24an egin zen 40. Jazzaldiaren aurkezpenaren prentsaurrekoa. Ez genuen aurkezpenaren deialdiaren berri jaso, baina, bertan egondako kazetariek esandakoaren arabera, aurkezpena ondoren azaltzen dugun bezala garatu zen. 4 lagunek hartu zuten hitza: Miguel Martin, Odon Elortza alkatea, eta Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari bana. Azalpen gehienak Martinek eman zituen, gazteleraz. Beste hiru hizlarietatik batek bakarrik, egin zuen bere hizketaldia bi eletan, gainerakoek gaztelera hutsez hitz egin zuten.

 Girondako produktu gastronomikoen dastatzea.

Uztailaren 21ean, Kursaalean egindako Girondako aurkezpenean, Miguel Martinek hitz egin zuen lehenik, gazteleraz. Ondoren, Girondako ordezkariari eman zion hitza, hau frantsesez aritu zen eta Jesus Torquemadak gaztelerara itzuli zuen esandakoa.

 Bertako taldeen prentsaurrekoa:

Uztailaren 22an egin zen, eguerdiko 12:00etan Costa Vasca Hotelean. Miguel Martinek egin zuen sarrera, gaztelera hutsean. Ondoren, Jesus Torquemadak hartu zuen hitza, han ziren sei taldeak aurkeztu zituen eta euskal komunikabide batek euskaraz egin nahi izanez gero, aukera zuela esan zuen (gazteleraz). Ondoren, talde bakoitzak bere aurkezpena egin zuen, eta lauk gazteleraz egin zuten eta beste bik bi eletan. Azkenik bi galdera izan ziren, biak gazteleraz eta erantzunak ere gazteleraz izan ziren (lehen euskaraz aritutako bati egin zioten gaztelerazko galdera).

 Trio Exclusiv taldea:

Uztailaren 27an Costa Vasca Hotelean izan zen. Jesus Torquemada eta taldeko lau musikariak izan ziren. Torquemadak “Egunon, buenos días” esan ondoren, zuzenean galderetarako tartea ireki zuen gazteleraz. 8-9 galdera egon ziren, guztiak gazteleraz. Galderak ingelesera itzuli ondoren, erantzunak gaztelerara itzuli zituen. Galdera gehiago zeuden galdetu zuen gazteleraz, eta, amaitzeko, musikariei eskerrak eman zizkien ingelesez.

 Balorazio prentsaurrekoa:

Udaletxean izan zen uztailaren 28an. Mahaian Miguel Martin, Odon Elortza, Ramon Etxezarreta eta Jesus Casero (Heineken) egon ziren. Lehen hitza alkateak hartu zuen eta 5 minutu inguru eman zituen gaztelera hutsez. Ondoren, Miguel Martini pasa zion hitza eta hau denbora luzez aritu zen gazteleraz. Jarraian, Ramon Etxezarreta eta Jesus Caserok oso interbentzio laburrak egin zituzten, eta biak gaztelera hutsez. Galderentzako tartea ireki zuen Martinek, eta egindako 6 galderak (6ak gazteleraz), Miguel Martinek erantzun zituen gazteleraz (baten batean Jesusen laguntzarekin). Beraz, prentsaurreko guztian hitz bat bera ere ez zen egin euskaraz, ezta agurtzeko ere.

3.2. Kontzertuetako aurkezpenak

Aurkezpenak izan diren kasu gehienetan elebietan izan dira, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz.

Kursaaleko kubo handian eta Trinitate enparantzan egiten diren kontzertuetan izan dira aurkezpen gehienak. Trinitateko aurkezpenetan informazio propioa erabili da erabilitako hizkuntzetan (euskaraz eta gaztelaniaz). Kursaaleko auditorioan egindakoetan ere bi eletan egin dira, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz. Heineken karpan, Frigo gunean eta agertoki berdean ez dira aurkezpen asko izan, baina izan denetan, elebietan egin dira besteetan bezala.

Hala ere, hutsuneak ere izan dira, adibidez, uztailaren 24an Kursaal auditorioan Keit Jarrett-i emandako sari banaketan egindako hitzak gazteleraz izan ziren. Eta Txillida Leku Museoan egindako omenaldian, aurkezpena bi eletan izan arren, ondorengo bi interbentzioetan gaztelera nagusitu zen.

Ondoren, normalean, taldeak hartu ohi du hitza, hori dela eta ingelesa, frantsesa eta gaztelera izan dira gehien entzundako hizkuntzak.

3.3. Bestelakoak

Kursaal jauregia. Sartzerakoan eta sarrerak hartzen dituztenen artean denetarik zegoen. Egun batzuetan euskaldunak eta beste batzuetan erdaldunak. Behin aretoan sartuta jendearen eserlekuak aurkitzeko dauden neskak euskaraz erantzuten zuten. Trinitateko sarrerakoak, berriz, ez zekiten euskaraz.

Tabernan eta edari salmenta postuetan ere denetarik zegoen. Batzuek euskaraz bazekiten eta beste batzuek ez.

4. Ondorioak


Idatzizko hizkuntza

Idatzizko materialean, hau da, Jazzaldiaren egitarau osatuan, egitarau laburtuan, liburuan eta abar, elebitasuna nagusi izan da eta lehenengo hizkuntza oro har, euskara izan da. Bi eletan dauden testuak (euskaraz eta gazteleraz) bata bestearen itzulpen literalak dira, orokorrean. Eta beti lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz idatzita daude.

Egitarau laburtuan, egitarau osatuan eta oro har idatzizko materialean azaltzen diren iragarle etxeen iragarki gehienak gaztelera hutsez daude. Hamalau iragarle etxe izan dira, horietatik zortzi gazteleraz, euskara hutsezko bakarra, bi eletan eginikoak lau eta hizkuntzarik gabekoa bat. Iazkoarekin alderatua bi eletan egindakoak gehiago izan dira eta neurri berdinean gaztelera hutsezkoak gutxitu egin dira. Beraz, iragarkietan euskara kontuan hartzeko eskatuz, Jazzaldia hasi aurretik luzatu genien proposamenak emaitza onak eman dituela uste dugu. Hala ere, iragarle batzuek gaztelera soilik erabili izanak harritzen gaitu eta datorren urterako zuzentzea espero dugu, batik bat honako hauek: Jazz Euskadi, Eroski Bidaiak eta Menabi (azpimarratzekoa da azken biak Bai Euskarari Ziurtagiria daukatela).

Paisai linguistikoan hainbat hutsune ikusi ditugu. Adibidez, Jazzaldiko dendan eta “El rincón del marisco” gunean zeuden zerrendak eta txarteltxoak gazteleraz zeuden. Eta Jazzaldiko guneen izenak gazteleraz bakarrik ipini dira, eszenatokietan, txarteletan, planoetan, e.a. Jazzaldiaren dendan zeuden zerrendak ere gaztelera hutsez zeuden.

Jasotako prentsa oharrak bi eletan izan dira eta beste asko euskara hutsez.

Web orriaren kasuan, gaztelera da lehenengo hizkuntza eta ondoren aukeratzeko aukera ematen du euskaraz nahiz ingelesez.

Ahozko hizkuntza

Ahozko hizkuntzari dagokionez, aurkezpenetan elebitasuna mantendu da, hau da, euskara eta gaztelera erabili dira. Lehenengo eta azken hitzak beti euskaraz izan dira eta hizkuntza bakoitzean informazio propioa landu da.

Hala ere, hutsune handia ikusi dugu prentsaurrekoetan eta aurkezpenetatik kanpo gelditzen diren beste agerraldietan (omenaldiak eta sari banaketak), gaztelera nagusi izan baita.

Laburbilduz, emaitza orokorrean baikorra izan arren, oro har elebitasuna mantendu delako bai ekitaldien aurkezpenetan baita idatzizko materialean ere, idatzizkoan iazko xehetasun txikiak errepikatzeaz gain akats berri batzuk egon dira eta ahozkoan hutsune nabarmena dago prentsaurrekoetan.


BAGERAk Donostiako Jazzaldiko arduradunak zoriondu nahi ditu euskarari ematen dioten lekuagatik eta erabilitako euskara maila ere txukuna delako. Era berean, aipatutako hutsuneak zuzendu ditzan eskatu nahi diegu Jazzaldiko antolatzaileei.




Donostian, 2005eko uztailean


O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Bagera/Behaketa/jazzaldia/2005