|
|
|
 |
|
[
Bageranet
>
Behaketak
>
Beldur eta Fantasia Astearen emaitzak
>
2004ko Beldur eta Fantasia Astea
]
|
|
 |
2004ko Beldur eta Fantasia Astea
BAGERA Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, euskararen erabilera areagotzea ardatz duela, Donostiako aisialdian eragina duten ekintza nagusietan hizkuntza erabileraren neurketa egin ohi du: Aste Nagusia, Jazzaldia, Zinemaldia eta Musika Hamabostaldia. Hau dela eta, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean azken urte hauetan bezala, aurten ere behaketa egin dugu.
Garrantzitsua da oso euskararen erabilera normalizatzea egunerokotasunean. Era berean, gizarteari eskaintzen zaizkion aisialdirako kultur ekitaldietan euskaren presentzia areagotzea oso garrantzitsua da. Ostera ere, gogorarazi behar dugu euskara hizkuntza ofiziala dela Euskal Autonomi Erkidegoan eta, halaber, Donostiako udal ordenantzek euskarari ofizialtasun hau aitortzeaz gain, Udalak antolatutako ekintza guztietan lehentasuna izan behar duela esaten dute ere.
Beraz, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean antolatzen diren jardueratan euskararen erabilera idatzia zein ahozkoa areagotzea du helburu Bagerak; hau da, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean euskararen presentzia normalizatzea.
METODOLOGIA
Azkeneko hiru urte hauetan, 2002tik, urtez urte egin du BAGERA Elkarteak Zinema Astearen neurketa eta beraz, datu guztiak aurrean izan ditugu neurketa egin eta ondorioak ateratzerakoan. Asteak bere gain hartzen dituen momentu guztiak neurtzen saiatu gara. Filmen aurkezpenak, euskaraz azpititulatutako edota bikoiztutako film kopurua, programazio aurrerapenaren txostena, filmez filmeko gida, kartelak, e.a. neurtu ditugu besteak beste.
Behaketa aurrera eramateko orduan, bagerakideen laguntza ezinbestekoa izan da, halere, elkartetik kanpoko kolaboratzaileak ere izan ditugu. 10 lagunetik gora aritu dira datuak jasotzen, behaketa aurrera eramateko orduan.
Neurketa egiterakoan, hizkuntza erabilera 3 atal desberdinetan azaldu dugu eta kasu guztietan elebietan egin zela adierazten dugunean, zehazki, euskaraz eta gazteleraz egin zela esan nahi dugu:
Ahozko erabilera: Filmak, ekitaldi nagusiak, prentsaurrekoak, film emanaldietako ongi etorri eta aurkezpenak (ongi etorria, sarrerako lehen hitzak bezala eta aurkezpena pelikulen xehetasunak ematerakoan) eta jendaurreko zerbitzuak aztertzen ditugu atal honetan. Zein hizkuntza erabiltzen den eta bakoitza zein neurritan erabiltzen den hartzen dugu kontuan.
Idatzizko materiala: Idatzizko material ugari izaten da Astean. Antolakuntzaren argitalpenak (filmez filmeko gida, programazioaren aurrerapen txostena, ...), kartelak, web orria, errotulazioak, e.a. izaten ditugu aztergai.
Erakusketak: Atal honetan Astearen baitan antolatzen diren erakusketetan egiten den hizkuntza erabilera neurtzen dugu.
AHOZKO ERABILERA
Filmak
Atal hau Zinema Astearen ekintzarik garrantzitsuena dela gogoan izan behar dugu. Aurten Asteak 40 film luze eman ditu, horietatik 9 euskaraz. Bestalde, 28 labur eman ditu, guztiak gazteleraz. Emanaldiak, berriz, 47 izan dira film luzeena, 8 euskaraz azpititulatuak eta 1 euskaraz; beraz, euskaraz filme luzeen emanaldien %19 izan da. Film laburren emanaldiak 35 izan dira, bat bera ere ez euskaraz. Azpititulu gehienak gazteleraz ziren, hainbatetan ingelesez ere ageri ziren arren.
Sailez-sail honakoak izan dira aurten eskainitako filmak eta euskarazko emanaldien kopurua:
Film luzeen sail ofiziala: 15 film, 3 euskarazko emanaldiarekin ere.
Film laburren sail ofiziala: 19 film, bat bera ere ez euskaraz.
Film laburren Dama Saria: 12 film, bat bera ere ez euskaraz.
Hammer films saila: 16 film, horietatik 5 soilik euskaraz.
Berreskuratutako klasikoak: 4 film, bat bera ere ez euskaraz.
Sexu fantastikoa saila: 2 film, bat bera ere ez euskaraz.
Haurrentzako zinema: 2 film, horietako bat euskarazkoa.
Ekitaldien ongi etorri eta aurkezpenak
Ongi etorri eta aurkezpenak aztertzerakoan, kontuan izan behar dugu ekitaldi batzuk film bat baino gehiagoren emanaldia izan arren, normalean, laburren bat lehenengo eta luze bat edo gehiago ondoren, gehienetan ekitaldi osoak aurkezpen bakarra izan duela.
Bagerak behatutako 21 ekitaldietatik, gehienek, 11k (%52), ez du aurkezpenik izan. Euskara hutsez soilik bakarra egon da, bai ongi etorrietan eta baita aurkezpenetan (%5) (azken kasu honetan aurkezpenean frantsesez ere egin zen baina itzulpena euskarara izan zen). Elebietan ongi etorriak 5 izan baziren ere (%24), aurkezpenen kasuan soilik bakarra (%5) izan zen elebietan. Gazteleraz, berriz, ongi etorriak 3 (%14) izan ziren bitartean, aurkezpenak behatutako herena (7). Hauetaz gain, hizkuntzarik gabeko aurkezpen bat izan zen, euskarazko filma bakarrarena, baina mimoek egindako keinu eta hitzak gaztelerazkoak izan ziren.
Ekitaldi nagusiak
Inaugurazio ekitaldiaren aurkezpena, aurten ere, Javier Merino eta Lourdes Bediaren eskutik izan zen. Hasierako hizkuntza gaztelera izan zen, eta jarraian euskaraz hasi baziren ere, segituan gaztelerara pasa ziren berriz; horrela hasierako saioa gazteleraz izan zen nagusiki. Ondoren, sari banaketa bat eta beste saio bat egon ziren eta guztia gaztelera hutsez izan zen. Bukatzeko, estreinako pelikularen aurkezpena bi aurkezlek elebietan egoki egin zuten, nahiz eta zuzendariek hitza hartu zutenean, frantsesez egin eta itzulpena soilik gaztelerara egin zen.
Klausura ekitaldia Santiago Segurak aurkeztu zuen, berak bakarrik eta den-dena gaztelera hutsez. Sariak banatzerakoan, saridunek ingelesa eta gaztelera besterik ez zuten erabili, baita itzultzaile lanak egin zituen Santiago Segurak ere. Euskaraz ez zuten ez ongi etorririk eta ez agurrik egin ere.
Aurkezpen prentsaurrekoak
Aurtengoan bi aurkezpen prentsaurreko izan dira. Lehena, aurkezpen ofiziala, urriaren 22an egin zen eta bigarrena, euskarazko filmen berri emateko egin zena, urriaren 28an. Biak Udaletxean egin ziren arren, aurkezpen nagusia areto nagusian egin zen eta euskarakoena prentsaurrekoetarako aretoan. Bietan hizlari nagusiak Ramon Etxezarreta eta Jose Luis Rebordinos izan ziren.
Aurkezpen nagusian euskara hasieran erabili zen, aurkezpen modura eta Astearen programazioaren berri emateko, baina ondoren gaztelera erabili zen, denbora luzeagoz eta informazio gehiago eskainiz. Galdera txandan gaztelera soilik erabili zen, baita euskarazko filmei buruzko galderetan ere.
Euskarazko Astearen aurkezpen prentsaurrekoan euskara nagusi izan zen. Lehenengo azalpena eta luzeena euskaraz egin zen eta ondoren informazio bera gazteleraz eman zen denbora laburragoan izan bazen ere. Galderak euskaraz zein gazteleraz egin ziren. Agurtzeko esaldia, hala ere, Ramon Etxezarretak gazteleraz egin zuen.
Prentsaurrekoak
Atal honetan Zinema Asteko ekintzak aurkezteko egin diren prentsaurreko guztiak hartu ditugu kontuan, bai filmei buruzkoak, komiki jardunaldiei buruzkoak edota liburu aurkezpenak ere. Honela egitea erabaki dugu guk behatutako guztietan hizkuntz erabilera oso antzekoa izan delako.
Gehienetan ongi etorria eta lehen aurkezpena elebietan izan da, lehenengo euskaraz. Izan da salbuespenik ere, azaroaren 2ko liburu aurkezpenean prentsaurreko osoan ez zelako euskara erabili. Gainontzekoetan ere, prentsaurrekoaren tarte nagusian euskarak ez du inongo presentziarik izan, askotan hizlariak kanpotarrak izan dira, baina bestetan bertako jendea ere egon da eta hauekin ez da euskara erabiltzeko ahaleginik egin. Soilik zenbaitetan galdera tartea zabaltzerakoan euskaraz ere eskatu da, baina ez da euskarazko galdera-erantzunik egon.
Aipatzekoa da, egun bakarrean prentsaurreko bat baino gehiago jarraian egon denean, komikiarekin erlazionaturik azaroaren 5ean eman zena kasu, aurkezle bera izan arren, lehenengoan aurkezpena euskaraz egiten zuen bitartean (dagoeneko azaldu dugun bezala) jarraian egindako beste prentsaurrekoetan euskarak ez zuela inongo lekurik izan.
Jendaurreko zerbitzuak
Jendeari erantzuteko zerbitzuetan nolako harrera jaso ahal izan dugu neurtu nahi izan dugu.
Hainbat ekitalditan zeuden laguntzaileekin euskaraz egin ahal izan da, baina askotan lehenengo hitza gazteleraz izan da, besteak beste prentsa bulegoan, erakusketaren batean eta zinema sarreretan.
Bestetik, Kultur Udal Patronatura deitu izan dugunean, kasuren batean izan ezik beti euskaraz egin digute arreta, hala ere, gazteleraz izan da ia beti, deia hartzerakoan, lehenengo hitza.
Komiki Jardunaldiak
Komiki Jardunaldiak direla eta gutxienez bi mahai inguru antolatu dira. Bageratik horietako batean izan gara eta euskararen arrasto izpirik ez da izan, ezta ongi etorria egiteko ere, eta, gainera, nabarmenago geratzen da kontuan izanda hizlarietako bat gutxienez bertakoa zen eta entzuleen artean antolakuntzako prentsa arduradunak zeuden.
IDATZIZKO MATERIALA
Oro har Asteko antolakuntzari dagokion idatzizko materiala elebietan edota hirueletan idatzirik dagoela esan daiteke, nahiz eta zenbait salbuespen egon hortik kanpoko materialarekin. Dena den, jaso dugun idatzizko materiala banan bana aztertu dugu:
Liburuak
2 argitalpen eskuratu ditugu, hauez gain, beste bertsiorik edo libururik izan bada ez dugu jaso.
“Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XV. Astea”-ren liburuan, astean zehar izango diren film eta bestelako ekintzei buruzko informazioa azaltzen da 105 orritan. Hasierako informazioa; sarrera, aurkezpena, epaimahaia e.a elebietan edota gehienetan hirueletan dago. Hala ere, badira salbuespenak; besteak beste, Donostia Kulturaren egoitzaren helbidea eta Zinema Asteko lantaldeari buruzko informazioa gazteleraz daude. Jarraian, filmei buruz datorren informazioa hirueletan dago eta izenburua jatorrizko hizkuntzan, baina, hala ere, alboan datorren fitxa teknikoak gazteleraz daude soilik. Gainontzeko ekintzei buruzko informazioa ere hirueletan dago. Sail batzuen hasieran, laguntzaile eta koproduzitzaileen berri gazteleraz ematen duten oharrak daude. Informazioaz gain, hainbat iragarki edo filmen kartelak daude. Sei filmen kartel daude, bat bera ere ez euskaraz eta lau gazteleraz. Honetaz gain, iragarki batzuk badira, euskara bakar batean azaltzen da, ingelesa eta gaztelera dira gehien erabiltzen diren hizkuntzak. Aipatzekoa da, horietako batean, Europako Fantasiazko Zinemaldien Federazioari dagokionean, Zinema Astearen berri ematen dela soilik gazteleraz, nahiz eta beste hainbat hizkuntza ere erabiltzen dituzten beste zinema jaialdiak; besteak beste, ingelesa, nederlandera, katalana eta frantsesa.
“Flash-Back. I Jornadas del Cómic” liburua. Liburu guztia gaztelera hutsez dago biltzen dituen komikien dialogoak kontuan hartu gabe ere.
Programazio liburuxka
24 orriko liburuxka bat da. Azalean kartel ofiziala du, elebietan eta antolatzaile, babesle eta laguntzaileekin. Kontrazalean, berriz, pelikula baten kartela dator gazteleraz. Barnean, filme bakoitzaren azalpen labur bat dator, elebietan, euskarak lehentasuna izanik eta testuak bata bestearen itzulpena dira. Dena den, gehienetan filmeen izenburuak jatorrizko hizkuntzan azaltzen diren arren, zenbait kasutan, euskarazko emanaldi batzuena barne, izenburua gaztelerara itzulia dago.
Programazio taula
Triptiko formatuan, aste osoko programazioa modu grafikoan azaltzen da. Azalean kartel ofiziala dator hirueletan eta kontrazalean filme baten kartela gazteleraz. Informazioa guztia elebietan dago eta zenbait gauza hirueletan ere. Salbuespena gazteleraz dagoen Xenon Computer-en iragarki bat izan ezik.
Beldurrezko astea euskaraz
Astean zehar euskaraz izango diren filme emanaldiak biltzen dituen 12 orriko liburuxka da. Azalean kartel ofiziala euskaraz azaltzen da Donostia izena izan ezik elebietan baitago. Barruko orrietan, film bakoitzari buruzko informazioa euskaraz dago soilik, eta baita filmen jatorrizko izena ere. Hizkuntzarik gabeko Kutxaren iragarki bat dago azken aurreko orrian. Atzean euskarazko filmen programazioa azaltzen da Zinema Asteko babesle eta laguntzaile guztiekin. Ohar bat ere azaltzen da non testuak gazteleratik itzuliak izan direla azaltzen den.
Eskuorriak, sarrerak, postalak, ...
Atal honetan Zinema Astearen inguruan sortzen den beste material idatzi asko biltzen dugu, kontuan izanik hau dela jende gehienarengana iristen den materiala.
Eskuorri bat jaso dugu, “Quatermass” aldizkariaren iragarkia eta guztia gazteleraz dago. Bestalde Kresala Zineklubaren eskuorria jaso dugu eta bertan zati batzuk elebietan egon arren, gehiena gazteleraz azaltzen da.
Emanaldietarako eskuratu ditugun sarrerak oro har elebietan egon dira, baita haurrentzako filmeetako gonbidapenak ere. Dena den, Principen egon diren euskarazko emanaldi batzuetan filmearen izena jatorrizko hizkuntzan zetorren bitartean beste batzuetan gazteleraz azaltzen zen.
Erakusketak iragartzen dituzten 2 postal jaso ditugu: “Bartalos eta bere panpinak” eta “Antonio Graell: En la frontera”. Guztietan informazioa elebietan dago, lehenengoan egoitzaren kalea eta bigarreneko izenburua izan ezik.
Aurten zazpi fanzine daude topaketan. Gutxi batzuk eskuratu ditugun arren, aurretik iragarrita zegoen bakarrean izango zela euskararen presentzia. Kasu honetan euskara nagusi zen, fanzinearen %90 inguru euskaraz zegoen bitartean bestea gazteleraz zegoen, tartean izenburua ere. Beste fanzine guztietan euskarak ez du inongo presentziarik.
Film luzeen, laburren eta fanzine lehiaketan bozka emateko tiratan, informazio gehiena elebietan edo hirueletan dagoen arren, hainbat hutsune daude. Lehenengo biek izenburua soilik gazteleraz zuten: “monstruómetro” eta fanzineen kasuan izenak gazteleraz egoteaz gain, gaztelerak lehentasuna du Fanzine Topaketa izenburuan.
WEB orria
Iaz bezala, interneteko ataria du Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteak. www.donostiakultura/terror klikatu eta hiru hizkuntzetan egiteko aukera ematen da, euskara, gaztelera eta ingelesa, aipatutako ordenan. Informazio guztia hiru hizkuntzetan eskuratzeko aukera ematen du.
Kartelak
Guztira 8 kartel desberdin ikusi ditugu Zinema Astean zehar prentsaurrekoetan barne:
Ofiziala: gehienetan ikusi duguna hirueletan azaltzen zen, nahiz eta zenbaitetan elebietan eta baita euskaraz soilik ere ikusi dugun.
Babesleena: prentsaurrekoetan ikusi izan dugu eta bertan antolatzaile eta babesleen berri hirueletan agertzen zen. Aipatzekoa da Donostia Kulturako helbidea euskaraz agertzen zela.
Hammer Films sailarena: hirueletan zegoen.
Komiki jardunaldiena: guztia elebietan zegoen.
Erakusketenak:
Sergio Bledarena: kartela elebietan.
Enrique Venturarena: kartela elebietan.
Gabe Bartalosena: kartela elebietan zegoen, baina egoitzaren kalea gazteleraz.
Antonio Graellena: kartela elebietan dagoen arren, izenburu nagusia gazteleraz soilik dago.
Prentsarako materiala
Prentsaurrekoetan eta antolakuntzak utzitako kutxatilan eskuratu izan dugun materiala bildu dugu. Prentsa txostena, eguneko programazio txostenak, filme batzuei buruzko informazio txostenak, erakusketei buruzko informazio txostenak eta zenbait iragarki besteak beste.
Prentsa txostenak 28 orri ditu, bertan agertzen den informazioa elebietan dago, eta euskarari lehentasuna eman zaio. Prentsarako beste material gehienean bezala, hemen ere Donostia Kulturaren egoitzaren helbidea gazteleraz agertzen da soilik.
Eguneko programazio txostenak ere elebietan daude nagusiki, baina hauetan ere helbidea gazteleraz agertzen da eta euskarazko emanaldien izenburuak gazteleraz edota jatorrizko hizkuntzan agertzen dira. Azkenik erakusketen izenburuak soilik gazteleraz daude.
Filmen sail ezberdinetako txostenak orokorrean bi bertsio izan dituzte, bata elebietan eta bestea ingelesez. Elebietako bertsioan euskarazko bertsioa zegoen lehenik eta ondoren gaztelerazkoa. Dena dela, euskarazko bertsioan helbidea gazteleraz azaltzen da berriz ere, eta filmen izenburu batzuk gaztelerara itzuliak azaltzen dira.
Erakusketa bakoitzeko txosten bat eskuratu dugu, hauetan ere bi bertsiorekin, bata elebietan eta bestea ingelesez. Elebietan zegoen bertsioan euskarak lehentasuna du, baina gazteleraz agertzen den informazioaren sarreraren itzulpenera mugatzen da eta gaztelerazko informazioa luze zabalagoa da.
Zinema Asteko antolakuntzak prestatutako filmen txostenak elebietan daude eta zenbait kasutan baita ingelesez edota frantsesez. Euskarazko bertsioa txostenean lehena izanagatik, zenbait kasutan besteak baino laburragoa da.
Egileek egindako zenbait filmen iragarki jaso genituen prentsa kutxatilan, eta baita txostenak eta CD ROMak ere, eta horietan ez dago euskarazko testurik, gehienak gazteleraz daude eta zenbait kasutan ingelesez.
Bestetik, e-posta bidez bidalitako prentsa oharretan, informazioa euskaraz eta gazteleraz jaso zitekeen, hala ere, mezuetan idatzitako zenbait informazio gaztelera hutsez dago.
Errotulazioa
Zine aretoetako edota erakusketa tokietako eta bulegoetako ateetan ipinitako ohar edo txartelak orokorrean elebietan ikusi ditugu. Hala ere ikusi ditugu salbuespenak; besteak beste, Antzoki Zaharrean kartelak salgai zeudela iragartzeko orria eta zenbait emanalditarako sarrerak agortuta zeudela (astean zehar honetaz ohartu eta oharrak elebietan jarri zituztela ikusi dugun arren), Kursaaleko agenda panelean Zinema Astearen izena eta Principe Zinemetako lehiatilan zeuden hainbat ohar gazteleraz topatu ditugu.
Komiki Jardunaldiak
Komiki Jardunaldien barnean hainbat material idatzi jaso dugu. Horietako zenbait dagoeneko aztertu dugun arren, badira beste batzuk tarte honetan aztertuko ditugunak.
Komiki Jardunaldien programazioa azaltzen duen 8 orritako liburuxka elebietan dago. Hala ere, hemen ere topatu ditugu zenbait hutsune, adibidez mahai-inguruen izenburuetan, komiki tailerra sailaren izena edota azken orrialdean azaltzen diren erakusketen izenak gazteleraz daude, barruko orrietan elebietan egon arren.
Beste alde batetik, jardunaldi hauek direla eta, erakusketaren egoitza izan diren liburutegi eta kulturetxetan hainbat eskuorri eta liburuxka atera dituzte. Oro har elebietan dauden arren, Udal Liburutegi Nagusian bildutako liburuxkan gaztelerak lehentasuna izateaz gain, bertan azaltzen den ia 200 komikiren zerrendan ez dago euskarazko komiki bat bera ere aipatuta.
Iragarkiak
Atal honetan bi iragarki mota desberdin aipatu nahi ditugu, batetik Zinema Asteak, Donostia Kulturak eta Euskararen Patronatuak ekitaldien berri emateko egunkarietan jarritako iragarkiak eta bestetik filmeen aurretik zineman jarritako iragarkia.
Donostian aurreko hilabeteetan egondako beste zenbait ekintzetan Zinema Asteak jarritako iragarkiak beti hirueletan topatu izan ditugu. Egunkarietako iragarkiei dagokionez, hiru erakundeek Zabalik eta Berria egunkarietan jarritako iragarkiak euskaraz zeuden, El Diario Vasco egunkarian jarritakoak, berriz, elebietan zeuden arren, zenbait kasutan egoitzaren helbidea gazteleraz agertzen zen soilik. Bestalde, Zinema Asteak ateratako gehigarri berezian euskara eta gaztelera tartekatu egiten dira nahiko era orekatuan, eta sail bakoitza hizkuntza bakarrean azalduta azalduta. Zenbait hutsune aipatzeagatik, orrialde guztietan agertzen den gehigarri bereziaren izena eta azken orrialdeko iragarkia gazteleraz daudela adierazi behar dugu.
Beste alde batetik, filme emanaldien aurretik, Calle 13ren iragarki bat eman izan dute eta hau beti gaztelera hutsean izan da.
ERAKUSKETA ETA ANTZERKIAK
Antzerkiak
Behatutako antzerkietan ez da inongo hizkuntzarik erabili.
Erakusketak
Zinema Astearen inguruan egon diren sei erakusketak behatu ditugu, alde batetik komiki jardunaldien inguruan egondako lauak eta bestetik argazki eta panpinen erakusketa:
Komiki Jardunaldien inguruan lau erakusketa antolatu dira. Oro har lauetan hizkuntza erabilera berdina izan da: kanpoaldean zeuden kartel nagusiak elebietan zeuden eta baita testu nagusien barneko panelak ere. Hauetan euskarak lehentasuna zuen kokapenarengatik, eta aipatzekoa da, gaztelerazko testuaren itzulpena izan arren, garbi ikus zitekeela itzulpena euskararen jatortasuna errespetatuz egin zela. Baina, barnean erakusten ziren komikietako testuak albo batetara utzita (ez zegoen bat bera ere euskaraz hainbat egileren komiki bilduma erakusten zuenean ere), erakusleihoetako testuak eta oinak gazteleraz soilik zeuden.
“Antonio Graell: En la frontera” erakusketan izenburua gazteleraz izateaz gain, bertan topatu dugun panel bakarra gazteleraz zegoen.
Gabe Bartalosen erakusketan panel nagusirik ez zegoen eta erakusketako panpinen oinak ingelesez zeuden. Baita bertan ikusgai zeuden hainbat filme ere.
ONDORIOAK ETA PROPOSAMENAK
Orain arte azaldutako datuak aztertuz, atalez-atal balorazio orokor bat egingo dugu jarrain.
Ahozko hizkuntza erabilerari dagokionean zenbait aurrerapen nabaritu ditugu, esate baterako euskarazko filmeetako batzuk sail ofizialekoak izatea edota euskarazko emanaldi bateko aurkezpen osoa euskaraz izatea.
Dena dela, zertan hobetua badago oraindik ere, zenbait sailetako filmeetan ez dagoelako euskararik, batez ere filme laburretan, Zinema Astean garrantzitsuak izateaz gainera, hauetako batzuek Eusko Jaurlaritzaren dirulangutzak izan dituztela kontuan izanik. Gainera Ekitaldi nagusietan euskararen presentzia ez zen izan behar adinakoa, batez ere klausura ekitaldian, gaztelera hutsean izan baitzen. Filmeen aurkezpen gehienetan eta prentsaurrekoetan gaztelera euskararen gainetik jarraitzen du nabarmen.
Are okerragoa dena, aurten atzerapausuak ere somatu ditugu iazko Zinema Astearekin alderatuta: garrantzitsuena filme kopurua bere osotasunean hartuta eta ehunekoei erreparatuta, euskarak filmeetan toki txikiagoa izan duela, iaz filmeen %14,9 euskaraz izan zen bitartean, aurten %13,2a besterik ez da izan. Datu hauek, neurri handi batean, Bagerak oso negatiboki baloratzen duen erabaki batengatik izan dira, Kutxak babestutako haurrentzako bi filmeak iaz euskaraz eman ziren bitartean, aurten soilik bakarra eman da euskaraz. Horrez gain, filme horrek izandako aurkezpena, mimoen bitartez egin bazen ere, eta hizkuntzarik gabe ondorioz, mimoek egindako hitz apurrak eta keinu eta soinuak gazteleraz izan zirela nabarmendu digute gure behatzaileek.
Idatzizko materialari dagokionez, aurreko urteetako bide beretik euskararen erabilera egokia izan da, elebitasuna eta hirueletasuna gailendu direlarik. Dena dela, aurreko urteetako hainbat hutsunek bere horretan diraute eta datorren urteari begira antolakuntzak badu zer hobetua. Idatzizko materialaren barnean bada positiboki baloratzen dugun ekintza bat, hain zuzen ere aurten lehenengo aldiz euskarak lekua izan du Fanzine Topaketetan, fanzine bat ia guztiz euskaraz aurkeztu zelako.
Halaber, antolakuntzak euskal prentsan iragarkiak ezarri izana, euskarazko filmeen iragarpena bultzatzeari begira, positiboa iruditzen zaigu.
Komiki Jardunaldietan berriz balorazioa ezin da positiboa izan, idatzizkoan hutsune asko izan direlako (liburua guztiz gazteleraz zegoelako eta erakusketetan euskara panel nagusietan zegoelako bakarrik), eta ahozkoan hutsuneak are larriagoak izan direlako (mahai-inguruetan zein prentsaurrekoetan euskarari eskainitako lekua oso txikia izan da).
Azkenik, erakusketei dagokienean, kartel eta postaletan hirueletasunerako joera dagoela esan daiteke. Hala ere, erakusketetan idatzitakoa oso gutxi izan arren, erabili denean euskararik ez da erabili.
Oro har, Bagerak positiboki baloratzen dituen aurrerapausuak eman diren arren, atzerapausu nabariak ere egon dira aurten eta beraz Bagerak ondokoa proposatzen dio Zinema Asteko antolakuntzari: aurten egindako atzerapausu horiek zuzentzea, aurrerapausuetan sakondu dezala eta txostenean azaltzen den bezala, urtero errepikatzen diren hutsuneei konponbidea ezar diezaiela, Zinema Astean euskararen normalizazioa lortzeari begira. Antolakuntzak badaki bide horretan Bageraren laguntza behar izanez gero, beti prest edukiko gaituela.
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
|
|