BageraNet BageraNet
Bagera logoa

Gora Beldur eta Fantasia Astearen emaitzak

Artikulua 2005eko Beldur eta Fantasia Astea
Artikulua 2004ko Beldur eta Fantasia Astea
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Behaketak  >  Beldur eta Fantasia Astearen emaitzak  >  2005eko Beldur eta Fantasia Astea ]

2005eko Beldur eta Fantasia Astearen Hizkuntz Behaketa

1. METODOLOGIA

Azkeneko lau urte hauetan, 2002tik, urtez urte egin du BAGERA Elkarteak Zinema Astearen neurketa eta beraz, datu guztiak aurrean izan ditugu neurketa egin eta ondorioak ateratzerakoan. Asteak bere gain hartzen dituen momentu guztiak neurtzen saiatu gara. Filmen aurkezpenak, euskaraz azpititulatutako edota bikoiztutako film kopurua, programazio aurrerapenaren txostena, filmez filmeko gida, kartelak, e.a. neurtu ditugu besteak beste.

Behaketa aurrera eramateko orduan, bagerakideen laguntza ezinbestekoa izan da, halere, elkartetik kanpoko kolaboratzaileak ere izan ditugu. 10 lagunetik gora aritu dira datuak jasotzen, behaketa aurrera eramateko orduan.

Neurketa egiterakoan, hizkuntza erabilera 3 atal desberdinetan azaldu dugu eta kasu guztietan bi eletan egin zela adierazten dugunean, zehazki, euskaraz eta gazteleraz egin zela esan nahi dugu:

  • Ahozko erabilera: Filmak, ekitaldi nagusiak, prentsaurrekoak, film emanaldietako ongi etorri eta aurkezpenak (ongi etorria, sarrerako lehen hitzak bezala eta aurkezpena pelikulen xehetasunak ematerakoan) eta jendaurreko zerbitzuak aztertzen ditugu atal honetan. Zein hizkuntza erabiltzen den eta bakoitza zein neurritan erabiltzen den hartzen dugu kontuan.
  • Idatzizko materiala: Idatzizko material ugari izaten da Astean. Antolakuntzaren argitalpenak (filmez filmeko gida, programazioaren aurrerapen txostena, ...), kartelak, web orria, errotulazioak, e.a. izaten ditugu aztergai.
  • Erakusketak: Atal honetan Astearen baitan antolatzen diren erakusketetan egiten den hizkuntza erabilera neurtzen dugu.

2. AHOZKO ERABILERA

2.1. Filmak

Atal hau Zinema Astearen ekintzarik garrantzitsuena dela gogoan izan behar dugu. Aurten, asteak 43 film luze eman ditu, horietatik 8 euskaraz. Bestalde, 25 labur eman dira eta horietatik 15 euskarazko azpitituluak izango dituzte. Emanaldi kopuruei erreparatuz, 50 izan dira film luzeena, 7 euskaraz azpititulatuak eta bat euskaraz; beraz, euskaraz filma luzeen emanaldien %16 izan da. Film laburren emanaldiak 40 izan dira horietatik 15 euskaraz azpititulatuak, hau da, %37,5.

Sailez - sail honakoak izan dira aurten eskainitako filmak eta euskarazko emanaldien kopurua:

  • Film luzeen sail ofiziala: 20 film, 7 euskaraz azpititulatutako emanaldiarekin.
  • Film laburren sail ofiziala: 15 film, 15ak euskaraz azpititulatutako emanaldiarekin.
  • Film laburren Dama Saria: 10 film, 1 euskarazko azpititulatutako emanaldiarekin.
  • Espainiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinema 1984 - 2004 saila: 23 film, guztiak gazteleraz.
  • Berreskuratutako klasikoak: 2 film, bat bera ere ez euskaraz.
  • Haurrentzako zinema: 2 film, horietako bat euskarazkoa.

2.2. Ekitaldien ongi etorri eta aurkezpenak

Ongi etorri eta aurkezpenak aztertzerakoan, kontuan izan behar dugu ekitaldi batzuk film bat baino gehiagoren emanaldia izan arren (normalean, laburren bat lehenengo eta luze bat edo gehiago ondoren), gehienetan ekitaldi osoak aurkezpen bakarra izan duela.

Bagerak behatutako 19 ekitaldietatik, gehienek, 11k (%58), ez du aurkezpenik izan. Behatutako aurkezpenen artean ez da iaz bezala euskara hutsezko aurkezpenik egon. Ongi etorriak 5 izan baziren ere (%26) guztiak bi eletan egin dira.

2.3. Ekitaldi nagusiak

Inaugurazio ekitaldiaren aurkezpena Aitzpea Goenagak egin zuen bi eletan. Aurten hildako gizon bat omentzeko bideo bat bota zen eta hau ere bi eletan izan zen. Ondoren, Filmaxi saria eman zioten eta horretarako Rebordinos igo zen, bi hitz izan ezik gazteleraz egin zuen. Javier Merino eta Lourdes Bediak ere parte hartu zuten eta gazteleraz egin zuten. Bukatzeko, estreinako pelikularen aurkezpena egiteko filmaren zuzendaria igo zen eta gazteleraz egin zituen hitz batzuk. Gauzak horrela, iazko inaugurazio ekitaldian baina euskara gehiago erabili arren oraindik ere gaztelera nagusi izan zen.

Klausura ekitaldia Santiago Segurak aurkeztu zuen. Hasieran Rebordinos atera zen eta bi eletan esan zituen hitz batzuk, baina ondoren dena gaztelera hutsez egin zen. Sariak banatzerakoan, saridunek beren jatorriko hizkuntzan egin zuten eta gaztelera ez zen beste hizkuntza bat erabiltzean itzulpenak gaztelerara egin ziren.

2.4. Aurkezpen prentsaurrekoak

Aurtengoan bi aurkezpen prentsaurreko izan dira. Lehena, aurkezpen ofiziala, urriaren 20an egin zena eta bigarrena, euskarazko filmen berri emateko urriaren 27an. Bietan hizlari nagusiak Ramon Etxezarreta eta Jose Luis Rebordinos izan ziren.

Aurkezpen nagusian, Ramonek hasi zuen gazteleraz bi hitz esanez eta gero aurkezpen txiki bat eta Astearen programazioaren berri eman zuen lehenik euskaraz eta jarraian gazteleraz. Ondoren Rebordinosek programaren hainbat gauza azpimarratu zituen gazteleraz. Galdera txandan gaztelera soilik erabili zen.

Euskarazko Astearen aurkezpen prentsaurrekoan euskara nagusi izan zen. Lehenengo azalpena eta luzeena Ramonek eman zuen euskaraz eta ondoren laburpen bat egin zuen gazteleraz. Amaitzeko, Rebordinosek azken orduko baten berri eman zuen gazteleraz. Ez zen galderarik egon.

2.5. Prentsaurrekoak

Atal honetan Zinema Asteko ekintzak aurkezteko egin diren prentsaurreko guztiak hartu ditugu kontuan, bai filmei buruzkoak, komiki jardunaldiei buruzkoak edota balorazioarenak ere. Baloraziorako prentsaurrekoa udaletxean egin zen eta aurkezpenerako egindako eskema berdina jarraitu zen. Gainontzekoak, Astean zehar San Telmon egindakoak dira eta hauek desberdinak izaten dira.

Astean zehar egindako prentsaurrekoetan desberdina izan da. Astearen arduradun batek ematen zion hasiera prentsaurrekoari, nahiko labur, eta hizkuntz erabilera prentsaurrekoa aurkeztu duen pertsonaren baitan egon da. Rebordinos egon denetan, aurkezpen labur hori bi eletan egin du eta gainontzekoa gazteleraz izaten zen. Gainontzean, Komikien jardunaldiaren aurkezpen prentsaurrekoan izan ezik, non arduradunak bi eletan egin zuen, guztia gazteleraz egin da. Egindako galderak beti gazteleraz izan dira eta erantzunak ere gazteleraz egiten ziren. Gaztelera ez zen beste hizkuntza bat erabili denean itzulpenak beti gaztelerara egin dira. Aipatu beharra daukagu prentsaurrekoren batean parte hartzaile euskaldunak izan direla eta hauek ere ez dutela euskaraz egin.

2.6. Jendaurreko zerbitzuak

Jendeari erantzuteko zerbitzuetan nolako harrera jaso ahal izan dugu neurtu nahi izan dugu.

Hainbat ekitalditan zeuden laguntzaileekin euskaraz egin ahal izan da, baina askotan lehenengo hitza gazteleraz izan da, batik bat zinema sarreretan.

Bestetik, Kultur Udal Patronatura deitu izan dugunean, gazteleraz izan da ia beti, deia hartzerakoan, lehenengo hitza eta ondoren ere gaztelera erabili behar izan dugu askotan.

3. IDATZIZKO MATERIALA

Oro har Asteko antolakuntzari dagokion idatzizko materiala bi eletan edota hiru eletan idatzirik dagoela esan daiteke, nahiz eta zenbait salbuespen egon. Antolakuntzatik kanpoko materialean berriz ez dago euskararen arrastorik. Dena den, jaso dugun idatzizko materiala banan bana aztertu dugu:

3.1. Liburuak

Lau argitalpen eskuratu ditugu:

  • “Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVI. Astea”-ren liburuan, astean zehar izango diren film eta bestelako ekintzei buruzko informazioa azaltzen da 130 orrialdetan. Hasierako informazioa; sarrera, aurkezpena, epaimahaia, e.a. bi eletan edota gehienetan hiru eletan dago. Hala ere, badira salbuespenak; besteak beste, Donostia Kulturaren egoitzaren helbidea eta Zinema Asteko lantaldeari buruzko informazioa gazteleraz daude. Jarraian, filmei buruz datorren informazioa hiru eletan dago eta izenburua jatorrizko hizkuntzan, baina, hala ere, alboan datorren fitxa teknikoak gazteleraz daude soilik. Gainontzeko ekintzei buruzko informazioa ere hiru eletan dago. Informazioaz gain, hainbat iragarki edo filmen kartelak daude. Hogei filmen kartel daude, bat bera ere ez euskaraz. Honetaz gain, iragarki batzuk badira, euskara bakar batean azaltzen da, ingelesa eta gaztelera dira gehien erabiltzen diren hizkuntzak.
  • Pedro Usabiagaren “Alerik ederrenak” liburua: 72 orrialdeko liburu honetan, Usabiagaren hainbat argazkia biltzen dira eta azalpen edota testu guztiak hiru eletan daude eta euskarazkoak dira lehenak.
  • “Flash-Back” II Komiki jardunaldiari buruzko liburua. Liburu guztia gaztelera hutsez dago biltzen dituen komikien dialogoak kontuan hartu gabe ere.
  • “Cine fantástico y de terror Español 1984-2004” liburua, 570 orrialdetakoa gaztelera hutsez dago.

3.2. Programazio liburuxka

Hogei eta zazpi orriko liburuxka bat da. Azalean kartel ofiziala du, bi eletan eta antolatzaile, babesle eta laguntzaileekin. Kontrazalean, berriz, pelikula baten kartela dator gazteleraz. Barnean, filma bakoitzaren azalpen labur bat dator, bi eletan, euskarak lehentasuna izanik eta testuak bata bestearen itzulpena dira.

3.3. Programazio taula

Triptiko formatuan, aste osoko programazioa modu grafikoan azaltzen da. Azalean kartel ofiziala dator hiru eletan eta kontrazalean filma baten kartela gazteleraz. Informazioa guztia bi eletan dago.

3.4. Aurkezpen triptikoa

DINA-4 tamainako triptiko batean Astearen atal bakoitzaren aurkezpen labur bat egiten da. Informazioa guztia hiru eletan dago, baina argazki oinak ingelesez bakarrik daudela esan beharra dago.

3.5. Beldurrezko astea euskaraz

Astean zehar euskaraz izango diren filma emanaldiak biltzen dituen 10 orriko liburuxka da. Azalean kartel ofiziala euskaraz azaltzen da Donostia izena izan ezik bi eletan baitago. Barruko orrietan, film bakoitzari buruzko informazioa euskaraz dago soilik. Atzean euskarazko filmen programazioa azaltzen da Zinema Asteko babesle eta laguntzaile guztiekin. Ohar bat ere azaltzen da non testuak gazteleratik itzuliak izan direla azaltzen den.

3.6. Eskuorriak, sarrerak, postalak, ...

Atal honetan Zinema Astearen inguruan sortzen den beste material idatzi asko biltzen dugu, kontuan izanik hau dela jende gehienarengana iristen den materiala.

Emanaldietarako eskuratu ditugun sarrerak oro har bi eletan egon dira, baita haurrentzako filmetako eta hasiera eta amaierako festen gonbidapenak ere.

Erakusketak iragartzen dituzten postaletan informazioa bi eletan dago. “Héroes & Antihéroes” sailaren izena gaztelerazkoa denez postalaren aurreko aldea gazteleraz dago.

Aurten sei fanzine izan dira topaketan. Aurretik iragarrita zegoen bezala bakarrean izan da euskararen presentzia. Kasu honetan euskara nagusi zen, fanzinearen %90 inguru euskaraz zegoen bitartean bestea gazteleraz zegoen (hainbat komikietako elkarrizketetan), tartean izenburua ere. Beste fanzine guztietan euskarak ez du inongo presentziarik.

Film luzeen, laburren eta fanzine lehiaketan bozka emateko tiratan, informazio gehiena bi eletan edo hiru eletan dagoen arren, “monstruómetro” gaztelerazko hitza erabiltzen da eta fanzineen kasuan ere izenburua gazteleraz soilik dago.

3.7. WEB orria

Iaz bezala, interneteko ataria du Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteak. www.donostiakultura/terror klikatu eta hiru hizkuntzetan egiteko aukera ematen da, euskara, gaztelera eta ingelesa, aipatutako ordenan. Informazio guztia hiru hizkuntzetan eskuratzeko aukera ematen du.

3.8. Kartelak

Guztira 8 kartel desberdin ikusi ditugu Zinema Astean zehar prentsaurrekoetan barne:

  • Ofiziala: Hiru eletan ikusi ditugu kartel guztiak.
  • Babesleena: prentsaurrekoetan ikusi izan dugu eta bertan antolatzaile eta babesleen berri hiru eletan agertzen zen. Aipatzekoa da Donostia Kulturako helbidea euskaraz agertzen zela.
  • Arthur Suydam sailarena: Bi eletan.
  • Héroes y Antihéroes sailarena: Leloa gazteleraz, gainontzekoa bi eletan.
  • Espainiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinema 1984-2004: Leloa gazteleraz, gainontzeko datuak bi eletan.
  • Komiki jardunaldiena: Bi eletan.
  • Erakusketenak:
  • Sergio Stivaletti: Bi eletan.
  • Pedro Usabiagarena: Bi eletan.

3.9. Prentsarako materiala

Prentsaurrekoetan eta antolakuntzak utzitako kutxatilan eskuratu izan dugun materiala bildu dugu. Prentsa txostena, eguneko programazio txostenak, filma batzuei buruzko informazio txostenak, erakusketei buruzko informazio txostenak eta zenbait iragarki besteak beste.

  • Prentsa txostenak 27 orri ditu, bertan agertzen den informazioa bi eletan dago, eta euskarari lehentasuna eman zaio. Prentsarako beste material gehienean bezala, hemen ere Donostia Kulturaren egoitzaren helbidea gazteleraz agertzen da soilik.
  • Eguneko programazio txostenak ere bi eletan daude nagusiki, baina hauetan ere helbidea gazteleraz agertzen da eta gazteleraz edota jatorrizko hizkuntzan agertzen dira. Azkenik erakusketen izenburuak soilik gazteleraz daude.
  • Filma ezberdinetako txostenak orokorrean, hiru eletan zeuden. Lehenik euskaraz, gero gazteleraz eta ondoren ingelesez. Hala ere, salbuespenak izan dira. Adibidez, “La furia de Mackenzie” filmeko txostenak 3 zeuden eta euskarazkoa informazio gutxiago zekarren. “The Exorcism” filmeko informazioa ez dugu euskaraz jaso. Gaztelerazko bertsioa CDan jaso genuen eta txostena ingelesezko bertsioa bakarrik eskuratu ahal izan genuen.
  • II. Komiki Jardunaldien bi txosten jaso ditugu prentsaurrekoen aretoan. Bietan azala bi eletan dago eta Erakusketaren komisarioak idatzitako lehen orrialdea hiru eletan. Baina gainontzekoa, biografiak, sariak, argitalpenak, e.a. gazteleraz soilik jasota dago.
  • Egileek egindako zenbait filmen iragarki jaso genituen prentsa kutxatilan, eta baita txostenak eta CD ROMak ere, eta horietan ez dago euskarazko testurik, gehienak gazteleraz edo ingelesez.

Bestetik, e-posta bidez bidalitako prentsa oharretan, informazioa euskaraz eta gazteleraz jaso zitekeen, hala ere, mezuetan idatzitako zenbait informazio gaztelera hutsez dago.

3.10. Errotulazioa

Zine aretoetako edota erakusketa tokietako eta bulegoetako ateetan ipinitako ohar edo txartelak orokorrean bi eletan ikusi ditugu.

3.11. Komiki Jardunaldiak

Komiki Jardunaldien programazioa azaltzen duen 8 orritako liburuxka bi eletan dago, bata bestearen itzulpena da.

Bestetik, aurtengo jardunaldiak egindako erakusketetara soilik mugatu da eta erakusketa hauetan ikusitakoa 5. puntuan zehaztu dugu.

4. ERAKUSKETA ETA ANTZERKIAK

4.1. Antzerkiak

Behatutako antzerkietan ez da inongo hizkuntzarik erabili.

4.2. Erakusketak

Zinema Astearen inguruan egon diren sei erakusketak behatu ditugu, alde batetik komiki jardunaldien inguruan egondako lauak eta bestetik Pedro Usabiaga eta Sergio Stivalettirenak:

  • Komiki Jardunaldien inguruan lau erakusketa antolatu dira. Oro har lauetan hizkuntza erabilera berdina izan da: kanpoaldean zeuden kartel nagusiak bi eletan zeuden eta baita testu nagusien barneko panelak ere. Hauetan euskarak lehentasuna zuen kokapenarengatik. Baina, barnean erakusten ziren komikietako testuak albo batetara utzita erakusleihoetako testuak eta oinak gazteleraz ziren asko, kontuan hartu gabe hainbatetan jatorrizko hizkuntzan zeuden izenburu edo izen propioak zirela.
  • Pedro Usabiagaren argazki erakusketan, argazki oinetan izen propioak besterik ez daude, ez zegoen azalpen gehiagorik. Horretaz gain, erakusketaren kartel handi bat zegoen, lehenago esan bezala bi eletan.
  • Sergio Stivaleittiren erakusketa, Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan izan zen. Hainbat ohar hiru eletan zeuden, eta ikusgai zeuden piezen aurkezpen txarteletan filmaren izenburuak jatorrizko hizkuntzan edo gazteleraz zeuden. Txarteletan ez zegoen informazio gehiagorik.

5. ONDORIOAK ETA PROPOSAMENAK

Orain arte azaldutako datuak aztertuz, atalez-atal balorazio orokor bat egingo dugu jarraian.

Ahozkoan eta filmetan erabilitako hizkuntzari dagokionean zenbait aurrerapen izan dira, esate baterako euskaraz azpidatzitako filma guztiak sail ofizialekoak izatea eta hainbat filma labur euskaraz azpidatzi eta denak batera proiektatzea.

Film luzeetan kuantitatiboki euskaraz azpidatzitako filma bat gutxiago egon arren kualitatiboki hobekuntza izan da, euskaraz azpidatzitako guztiak sail ofizialekoak izanagatik. Film laburretan ere izan da hobekuntza, orain arte guztiak gaztelerazkoak baitziren eta aurten film laburren emanaldien % 37,5 izan dira euskarazko azpidatziekin. Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi, aurten ere haurrentzat emandako bi filmetatik bat gaztelerazkoa izan dela eta hori Bagerak oso negatiboki baloratzen du.

Dena dela, zertan hobetua badago oraindik ere, ekitaldi nagusietan, aurkezpenetan eta prentsaurrekoetan euskararen presentzia oraindik ez baita behar bezain bestekoa. Nahiz eta inaugurazio ekitaldian egindako ahalegina zoriontzekoa izan, batez ere klausura ekitaldian, dago hutsune nabarmena, gaztelera hutsean izan baitzen. Filmen aurkezpen gehienetan eta prentsaurrekoetan gaztelera euskararen gainetik jarraitzen du nabarmen.

Idatzizko materialari dagokionez, aurreko urteetako bide beretik egin da euskararen erabilera. Elebitasuna eta hirueletasuna gailendu arren badira zuzendu beharreko batzuk. Batetik, Fanzine Topaketan euskarazkoak egon daitezen lan egitea, aurten iaz bezala euskara erabili duen bakarra baitzegoen. Bestetik, Asteak kaleratzen dituen argitalpenen artean bada gaztelera hutsean ateratzen den bat, Flash-Back.

Azkenik, erakusketei dagokienean, kartel eta panel orokorretan elebitasunerako joera dagoela esan daiteke. Honetaz gain, erakusketetan idatzitakoa oso gutxi izan arren, txarteltxoetan erabili denean euskararik ez da erabili.

Oro har, Bagerak positiboki baloratzen dituen aurrera pausuak eman diren arren, oraindik ere zuzendu beharreko gauza asko daude beraz Bagerak ondokoa proposatzen dio Zinema Asteko antolakuntzari: dauden hutsuneak zuzentzea eta aurrera pausuetan sakondu dezala. Txostenean azaltzen den bezala, urtero errepikatzen diren hutsuneei konponbidea ezar diezaiela, Zinema Astean euskararen normalizazioa lortzeari begira. Antolakuntzak badaki bide horretan Bageraren laguntza behar izanez gero, beti prest edukiko gaituela.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Bagera/Behaketa/belduretafantasiaastea/2005