1. METODOLOGIA
Hamaikagarren urtez egin du BAGERA Elkarteak Zinemaldiaren neurketa eta beraz, hamaika urteetako datuak aurrean izan ditugu neurketa egiterakoan. Zinemaldiak bere gain hartzen dituen momentu guztiak neurtzen saiatu gara. Filmeen aurkezpenak eta kolokioak, euskaraz azpititulatutako edota bikoiztutako filme kopurua, programazio aurrerapenaren txostena, filmez filmeko gida, “Festival” egunkari ofiziala, kartelak, e.a. neurtu ditugu besteak beste.
Behaketa aurrera eramateko orduan, bagerakideen laguntza ezinbestekoa izan da, halere, elkartetik kanpoko kolaboratzaileak ere izan ditugu. Batazbeste, 25 lagunetik gora jasotako datuak bildu ditugu behaketa aurrera eramateko orduan.
Neurketa egiterakoan, 3 multzo desberdindu ditugu:
- Material idatzia: Material idatzi ugari izaten da Nazioarteko Zinemaldian. Antolakuntzaren argitalpenak (Filmez filmeko gida, progamazioaren aurrerapen txostena, ...), kartelak, “Festival” egunkaria, web orria, errotulazioak, e.a. izaten ditugu aztergai. Baita, Donostiako kaleak apaintzen dituzten iragarki panelak, e.a.
- Ahozko erabilera: Ekitaldi Nagusiak, prentsaurrekoak, filme emanaldietako aurkezpen eta kolokioak eta jendaurreko zerbitzuak aztertzen ditugu atal honetan. Zein hizkuntza erabiltzen diren eta bakoitza zein neurritan erabiltzen den hartzen dugu kontuan.
- Filmeak: Filmeen azterketa sinplea da. Zinemaldia irauten duen egunetan zenbat pelikula eta zenbat emanaldi proiektatuko diren kontuan hartu eta hoietatik euskarara bikoiztutakoak edota azpititulatutakoak zenbat izan diren azalduko dugu.
2. NEURKETAREN EMAITZAK
Eremu desberdinak neurtu ondoren, arloz arlo, neurketaren emaitzak emango ditugu ezagutzera. Azken partean ondorioak eta aurrera begirako proposamenak azalduko ditugu.
Ohar moduan honakoa argitu nahi genuke: txostenean zehar elebietan adierazten denean, euskara eta gaztelera erabiltzen direla esan nahi da. Eta hirueletan esaten denean, aldiz, euskara, gaztelera eta ingelesa erabiltzen direla esan nahi da.
2.1. MATERIAL IDATZIA
2.1.1. Argitalpenak
2.1.1.1. Filmez filmeko gida
Gida, 78 orrialdetakoa, aztertu eta gero, azterketak ondorengo emaitza eman du:
Liburuxka guztiko testuak hirueletan daude: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, aipatutako ordenean eta, kasu guztietan, bata bestearen itzulpenak dira. Argitalpen datuak eta beste zenbait ohar, berriz, euskaraz eta gazteleraz daude. Azalean aurtengo edizioko kartela azaltzen da. Kontrazalean datorren iragarkia (Kutxarena) ere elebietan dago.
Filmez filmeko gidarekin batera, hiru eskuorri banatu dituzte:
- Eskuegitarauan ez dago testu gehiegirik. Filmeen izenburuak, jatorrizko hizkuntzan daude, bestetik, zinemaldiaren izena hirueletan dago, eguna bezalaxe. Baina, sailen hainbat izen gazteleraz daude (sección oficial, velodromo,....), soilik Zabaltegi dago euskaraz eta beste bi sailen izenak zuzendarien izenak dira. Orrialde azpiko oharretan ere gaztelera nagusitzen da.
- Sarrerak eskuratzeko azalpenak ematen dituen esku orria elebietan dago, bata bestearen itzulpen gisa.
- Donostia Sariak banatuko dieten aktoreei buruzko informazioarekin diptiko bat ere banatu dute. Hirueletan dago, bata bestearen itzulpena.
2.1.1.2. Programazio aurrerapenaren txostena
Bi txosten banatu ziren Zinemaldiko karpeta batekin batera 32 orrialdekoak. Karpetan, zinemaldiaren kartel nagusia agertzen da azalean eta atzekaldean zinemaldiaren babesleen logoak, irudia eta helbidea, gazteleraz. Aipatutako bi txostenak bata bestearen itzulpena dira, lehenengoa euskaraz idatzia eta bestea gazteleraz.
2.1.1.3. Programazioaren aurrerapena
Sei orrialdeetako triptikoa da. Bai azala (kartel ofiziala azaltzen da) zein beste orrietako informazioa elebitan dago. Testuak bata bestearen itzulpena dira.
2.1.1.4. Nazioarteko Zinemaldiaren informazio liburua
Liburuak 268 orrialde ditu. Azalean, Zinemaldiaren kartel ofiziala dago eta kontrazalean Viva Video enpresaren iragarkia gazteleraz. Barruan guztia hirueletan dagoela esan genezake; zintilioak, bukaerako palmaresa saila eta baita sailak bereizteko orrialde alboetan dituen markak. Gainontzean, sail bakoitzaren informazioa hirueletan dago, filmeen izenburuak berezko hizkuntzan daude eta gainontzeko informazioa, fitxa teknikoa, zuzendariari buruzko azalpen laburra eta filmearen sinopsia hirueletan, lehenengo euskaraz, ondoren ingelesez eta azkenik gazteleraz agertzen da. Halaber epaimahaikide guztien erreferentzi labur bat hirueletan agertzen da, euskaraz, ingelesez eta gazteleraz. Testu guztiak bata bestearen itzulpena dira.
Liburuan 31 iragarki daude orrialde osokoak. Horietatik elebietan dauden bi iragarkietan soilik ikusi daiteke euskararen arrastoa. Besteetatik, 25 iragarki gaztelera hutsez edo gaztelera nagusitzen diren iragarkiak dira.
2.1.1.5. Akreditatuentzako CD-ROMa
Pdf formatoan 268 orrialdetako liburua ikusi daiteke. Guztia liburuan bezelaxe dago, hau da, hirueletan.
2.1.1.6. Esku orriak
Zinemaldiak iraun duen egunetan hainbat eskuorri izan dira eskuragai. Guk eskuratu ditugunen artean, Zinemaldiaren antolakuntzari zegozkionetan euskararen presentzia bermatu egin da hainbat hutsune izan diren arren.
Errebelde eta Intsumisa saileko filmeen sinopsiarekin hainbat esku orri jaso ditugu Principe eta Warnerreko zinematan, guztiak hiru eletan zeuden.
Prentsa emanaldien egitarauetan sailen izenak gazteleraz eta beste hainbat ohar gazteleraz nagusiki eta batzuetan ingelesez agertzen dira.
Bestelako iragarki, filmeei buruzko esku orri, aldizkari eta txostenak gazteleraz nagusiki eta baita frantses eta ingelesezkoak aurkitu ditugu, baina euskararen presentziarik ez.
2.1.2. Zinemaldiko kartelak
Aurten zinemaldiak 6 kartel izan ditu: nagusia, Zabaltegi sailekoa, “Horizontes Latinos” sailekoa, Robert Wise sailekoa, Errebelde eta Intsumisoak sailekoa eta Abel Ferrara sailekoa. Guztiak elebietan agertzen dituzten zinemaldiaren izena, lekua eta data eta sail bakoitzaren izena hizkuntza bakarrean agertzen da, horrela, Zabaltegirena euskaraz dagoen bezala, Horizontes Latinos eta Errebelde eta Intsumisoak gazteleraz azaltzen da.
2.1.3. Festival egunkari ofiziala
Zinemaldian egunero kaleratzen den egunkaria aztertu dugu. Aurten ere, iaz Zinemaldiko antolatzaileekin eta Euskararen Udal Patronatuko teknikariekin ezarritako irizpideak erabili ditugu azterketa honetarako, hala egunkaria atalka banatu dugu eta horren arabehera atera ditugu emaitzak eta ondorioak. “Festival” egunkarian agertzen diren iragarkien azterketa txostenaren 3.1.5 atalean agertzen dugu.
Batetik, zintiloak, argazkien oinak, programazio atala, filmeen sinopsiak, agenda eta staff atala aztertu ditugu. Guztiak kontuan hartuta gaztelera nagusitzen da. Zintilo nagusiak elebietan edo hirueletan izaten dira baina hainbat azpisailen izena soilik gazteleraz topatu ditugu (perlas de otros festivales...) nahiz eta zinemaldiaren beste zenbait materialetan saila euskaraz ere agertzen den. Filmeen sinopsiak beti hirueletan izan dira baina hainbat hutsune izan dituzte. Gainontzeko ataletan gaztelera izaten da nagusi; besteak beste argazki oinak, programazio atala, agenda, staff-a ...
Bestetik, egunkariaren muina aztertu dugu, hau da, artikuluen bi sailkapen egin ditugu: batetik zabaleraren arabera, nagusi eta laburren artean bereiztu dugu eta bestetik sailaren arabera sailkatu ditugu.
Orokorrean hartuta, hau da, sail guztietako artikulu nagusiak eta laburrak batuta, gaztelera nagusi dela ikusi daiteke (%61), ondoren euskara eta ingelesa maila beretsuan azaltzen dira (%19’7 lehena eta %18’4 bigarrena), gelditzen dena frantsesez argiratutako artikulu gutxi batzuk dira (%0,9).
Artikulu nagusietan, gaztelera nabarmenki nagusitzen da (%71), ondoren euskara (%25) dago eta maila apalagoan ingelesa (%4). Artikulu laburretan berriz, ingelesa eta gaztelera dira nagusi (%44 bakoitza) eta euskara (%12) bigarren maila batean erabiltzen da.
Sail bakoitzari eskainitako artikuluak zein hizkuntzetan azaldu diren aztertuz gero, euskarari egindako tartearen emaitza oso desberdina da sailaren arabera:
- Inaugurazio eguna eta Fripresci sari nagusiari eskainitako artikulu nagusiak gazteleraz idatzi dira. Eta laburretan, euskaraz eta ingelesezko artikulu kopuruak berdinak izan dira bi kasuetan.
- Sail ofizialean euskaraz idatzitako artikulu nagusien kopurua gaztelerazkoen azpitik daude, hala ere, iazko datuekin alderatua diferentzia gutxitu egin da 10 puntutan. Artikulu laburretan berriz, ingelesezkoak nabarmen egin dute gora eta euskarazkoak berriz beheraka.
- Zabaltegin zaila izan da batzuetan artikulu nagusia edo txikia den zehaztea. Tamaina kontuan izan gabe, gaztelera izan da artikulu gehienetan erabili den hizkuntza (% 49) eta euskara ia ingelesaren pare (% 28 lehena eta % 23 bigarrena). Iazkoarekin alderatu ezkero artikulu laburretan dago diferentzia gehien. Iaz, ingelesez izan ziren artikulu labur gehienak eta euskarazkoak ia ez ziren egon. Aurten berriz, gazteleraz eta ingelesezko artikulu laburren kopurua antzekoa izan da eta euskarazkoak handitu egin dira.
- Horizonte Latinos sailari buruzko artikuluetan lekurik ez zaio eskaini euskarari ez artikulu nagusietan ezta laburretan ere. Ia artikulu nagusi guztiak gazteleraz izan dira (% 94), gainontzekoak ingelesez. Artikulu txikietan berriz alderantziz, ingelesez % 93a eta gainontzekoak gazteleraz.
- Belodromoan emandako filmeei buruzko artikulu luzeetan gaztelera izan da nagusi (% 75) eta laburretan, berriz, erdiak euskaraz izan dira eta beste erdiak ingelesez.
- Robert Wiseren atalean, artikulu nagusi guztiak gazteleraz izan dira eta laburrak berriz euskaraz.
- Abel Ferrara ezagutu atalean, artikulu nagusietan euskara erabili da gehien (% 57), ondoren gaztelera (%29) eta azkenik ingelesa (% 14). Artikulu txikietan ordea gaztelera diferentzia handiz nagusitzen da (% 86). Hala ere aipatzekoa da euskarazko hainbat testuetan agertzen ziren lehioak gazteleraz zeudela, alderantziz ez bezala eta egunkarietako beste atal batzuetan ez bezala.
- Errebelde eta intsumisak atalean euskaraz idatzitako artikulu nagusien portzentaia gora egin du, aurten ez bait dira egon ingelesezko artikulu nagusirik. Baina artikulu txikiak, gazteleraz soilik idatzi dira.
- Zinema eskolak atalean, artikulu nagusiak gazteleraz izan dira eta laburrak, maila berdinean gazteleraz, ingelesez eta frantsesez. Hau da, ez da euskara erabili atal honetan.
- Gazteriaren sariari buruz bi artikulu egon dira bakarrik, bat nagusia euskaraz eta bestea laburra gazteleraz.
- Sales office atalari dagozkionetan euskarak ez du lekurik izan. Gaztelera, ingelesez eta frantsesez izan dira. Nagusietan gaztelera izan da nagusi eta laburretan berriz ingelesa.
- Donostia Sariak ataleko artikulu nagusietan gaztelera soilik erabili da. Laburretan berriz ingelesa da nagusi (% 50) eta euskaraz eta gazteleraren maila berdina lortzen du (% 25).
- Epaimahaiari buruzko artikuluetan gaztelera izan da nagusi, batez ere nagusietan (% 86), gainontzekoak euskaraz izan dira (% 14). Laburretan ez da euskarazko artikulurik egon. Guztiak gazteleraz (% 53) eta ingelesez (% 47) izan dira.
- Berriak eta beste artikulu batzuei dagokienez, gaztelerarekin alderatua (% 81) euskarak leku txikia izan du artikulu nagusietan (% 19), eta laburretan %18tan erabili da soilik.
- Euskal zinearen egunari buruz gutxi izan dira idatzitako artikuluak baina aipagarria da artikulu nagusiak bi izan direla eta biak gazteleraz.Laburrak berriz euskaraz, baina bakarra.
2.1.4. Web orria
Aurtengo web gunean lehenik hizkuntza aukeratzeko pantaila agertzen da, gaztelera, euskara, ingelesa eta frantsesaren (soilik prentsa komunikatuak) artean aukeratzeko eskatzen zaigu. Behin aukeratu ondoren hizkuntza guztietan aukera berdinak eskaintzen ditu. Web orriak duen hutsune nabarmenena dauden bideoak (prentsaurreko, ekitaldi, ...) gazteleraz soilik entzuten daitezkeela da, nahiz eta euskarazko bertsioan sartu.
Azkenik aipatzekoa da web guneko orrialde guztietan agertzen den Eusko Jaurlaritzaren iragarkia gazteleraz bakarrik dagoela, baita euskarazko bertsioan ere.
2.1.5. Iragarkiak
“Festival” egunkari ofizialean argitaratu diren iragarkien azterketa egin dugu. Gaztelera soilik erabiltzen duten iragarleak nagusi dira, 39 iragarletik 27k (%69), eta ondorioz maila berean argitaratutako iragarkien gehiengoa (%68) gazteleraz dago. Euskara hutsezko iragarkiak erabili dituzten iragarle etxeak iazkoan baino gehiago izan dira, lau hain zuzen. Elebitan izan diren iragarki kopurua, euskara hutsezkoak igo diren neurri berean jeitsi dira, hau da, iaz elebietan egindako batzuk aurten euskaraz egin dituzte, baina ez dira euskara erabiltzen hasi duen iragarle etxe berririk. Aurten ere ingelesa eta hirueletasuna erabili duten iragarleak izan dira.
Egunkarian azaldutako iragarkiez gain, kalean, Zinemaldi plazan eta beste gune batzuetan beste euskarri batzuen bitartez ikusitako iragarkiak eta oharrak ere aztertu ditugu, hala nola, farolak, panelak eta standak.
Zinemaldi plazan: Stand bakarra izan da, Metropoliseko denda eta ez zituen txartelik ipinita.
Sales office eta akreditatuen gunean: Beste materialarekin gertatzen den bezala, gune honi dagokionean iragarle etxeen iragarkietan euskarak ez du inongo lekurik. Gazteleraz edota ingelesez izan dira batipat.
Farolak: 3 iragarle desberdinek erabili dute euskarri hau (TCM, Hamilton eta Volkswagen). Batetik zinemaldiaren kartelaren irudia bestetik iragarlearen iragarkia zegoen. TCM eta Volkswagenen iragarkiak gazteleraz zeuden eta Hamiltonena hizkuntzik gabekoa. Zinemaldiaren kartela berriz bi eletan.
Panelak: Kursalaren aurrean eta Maria Cristinaren inguruetan erabili dira. Iragarki publizitarioei dagokionez, “Festival” egunkarian azaldu diren iragarle askok ipini dute publizitatea kaleko panel handietan. Eusko Jaurlaritzak bi iragarki desberdin zituen, bat hirueletan eta bestea, euskal zineari buruzkoa euskara hutsez. Zinemaldiak hiru eletan ipinitako bat ere bazen. Gainontzean, euskara eta gaztelera erabili duten iragarle etxeak bi bakarrik izan dira (Kutxa eta TVE). Gainontzeko 15 iragarleek ipinitakoak gaztelera hutsez edo hizkuntzik gabekoak izan dira.
2.1.6. Abono, gonbidapen, sarrera eta akreditatuentzako materiala
Beste urteetan bezala, aurtengoan ere elebietan ageri da informazio guztia bai abonoetan, gonbidapenetan eta sarreretan ere. Aurkezpen ofizialetako gonbidapenetanak ere elebietan daude.
Akreditatuentzat banatutako materialean zeuden txartelak hirueletan zeuden ( argitalpenak erosteko txartela, zinemaldiko poltsarengatik trukatzeko txartela eta akreditazioak baimentzen dizunaren oharrak azaltzen duen txartela). TVEren opariak zituen poltsatxoan, opariak eta hirueletan zegoen triptiko bat zegoen (leloa elebietan).
Ongi etorri gidari buruz esan euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez dagoela gidako testu nagusia. Gaztelera bakarrik erabiltzen da helbideetarako eta Donostiako planoan. Bestetik, kontutan hartu behar da, gida honetan orrialde osoko 11 iragarki daudela, guzti-guztiak gaztelera hutsez eta horien artean Gipuzkoako Foru Aldundikoa eta Eusko Jaurlaritzarena.
2.1.7. Errotulazioa (Zine aretoko oharrak, ...)
Zinemaldiaren guneetan, antolakuntzak ipinitako ohar txartel guztiak elebietan edo, kasu batzuetan, hirueletan daude.
Kursaal 2ko sarreran proposamenetarako kutxa bat dago eta bertan “Buzón sugerencias” soilik jartzen du. Horren ondoan, gazteen epaimahaikoentzat oharrak biltzen dituen kortxo bat dago eta goian “Rincón de la juventud” ipintzen du. Kortxoan dauden oharrak berriz bi eletan daude.
2.1.8. Prentsa harremanak
E-mailez guztira 23 prentsa ohar jaso ditugu, horietatik 21 zinemaldiko antolakuntzarenak izan dira. Beste bietatik bat, zinemaldiaren barruan Ibaiak antolatzen duen Euskal Zinemaren Egunari dagozkiona da eta bestea, Generaltickets-ek sarreren salmenten informazioa emateko bidalitakoa. Ibaiak bidalitakoa, elebitan izan da euskarari lehentasuna emanaz eta Generaltickets-ena berriz gaztelera hutsez. Antolakuntzako 21 e-mail horietatik gehiengoa, 18, euskara hutsez izan dira, beste bi elebietan, batean euskarari lehentasuna emanez eta bestean gaztelerari. Eta akreditazioari buruzko informazioa espreski guri bidalitakoa gazteleraz bakarrik jaso genuen.
Prentsaurrekoen berri emateko, prentsa gunean dauden orri idatzietan elebitasuna eta hirueletasuna erabili da, euskarari lehentasuna emanez.
2.1.9. Besteak
Aurten ere ikusi dugu, zinemaldiarekin batera egin den “Erakusleihoen lehiaketa” Gipuzkoako Merkatarien Elkarteak antolatuta eta Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala eta Telefonicaren babesarekin. Lehiaketa honen karteleko mezu nagusia gazteleraz zegoen eta baita partehartzen zuten dendetako kartela ere.
Zinemaldi Plazan dagoen “De las sombras al film” erakusketan azalpenekin dauden karteltxo guztiak gazteleraz daude bakarrik. Baita erakusketa aurkezten duen kartela ere.
2.2. AHOZKO ERABILERA
2.2.1. Ekitaldi Nagusiak
2.2.1.1. Aurkezpen ofizialak
Maiatzaren 6ean izan zen Kursaal Elkarguneko balio anitzeko aretoan. Aurkezpena amaitutakoan gidoia eman ziguten eta bertan azaltzen da zehatz-mehatz dena. Hitzez hitz kontatu gabe ere nabari da gaztelera nagusitzen dela. Euskarazko interbentzioak maiztasunez egiten dira baina oraindik ere gutxiago. Hala ere, hizkuntza bakoitzean informazio propioa lantzen da eta hori beti oso positibotzat jotzen dugu. Tartean bi bideo ipini ziren, lehenengoan gehiena hizkuntzik gabekoa izan zen, eta izan zena frantsesez eta gazteleraz izan zen. Bigarren bideoak gaztelerazko azpitituluak izan zituen. Bestalde, aurkezpenaren ondoren egon zen luncheko menuaren karta bieletan zegoen.
Irailaren 2an egin zen zinemaldiaren 53. edizioaren aurkezpen ofiziala. Mikel Olaziregi eta Angel Herrero – Velarderen artean egin zuten aurkezpena. Olaziregik hirutan hartu zuen hitza, bi eletan aritu zen eta gehienetan gazteleraz emandako informazioa gehiago izan arren, hitzkuntza bakoitzean informazio propioa eman zuen eta hori positiboki baloratzen dugu. Herrero – Velardek bitan hitz egin zuen, guztia gazteleraz. Beraz, oro har, gaztelera gehiago erabili zen aurkezpenean, hala ere, aurreko urteetan baino gehiago entzun da euskara, batetik euskararen inguruko hainbat informazioaz gain bestelako informazio orokorra ere eman zen euskaraz. Aurkezpenerako prestatutako fondorako panela bi eletan zegoen. Bestalde, bi monitore zeuden babesleen izenak bertan azaltzen zirela. Babesle gehienek ez zuten hizkuntzarik, hiruzpalauk berriz, gaztelera hutsezko zuten leloa (Max Factor, TCM...).
2.2.1.2. Inaugurazio eta amaiera ekitaldiak
Inaugurazio ekitaldian Edurne Ormazabal eta Rosa Maria Sardá aritu ziren aurkezle lanetan. Ekitaldian 11 bideo izan ziren ikusgai. Hauek, bai Kursaalean baita ETB1 eta TVE telebista kateetan ere gazteleraz soilik entzun eta ikusi ahal izan ziren. Ekitaldian zehar, bi aurkezleek hitza txandaka hartu zuten eta aurkezpen osoa ia erabat gazteleraz izan zen. Euskaraz 6 interbentzio labur besterik ez ziren egon. Hainbat gonbidatuk ere hitza hartu zuten, kasu hauetan beraien jatorrizko hizkuntzan hitz egiten zuten eta itzulpena, egin zen kasuetan, gazteleraz egin zen. 40 minutu eta 19 segundo iraun zituen ekitaldia.
Amaiera ekitaldian, Edurne Ormazbal eta Ana Duato izan izren aurkezleak. Euskararen erabilerari dagokionez aurrekoaren oso antzekoa izan zen. Euskararen presentzia hainbat interbentziotan izan zen, baina beti oso laburrrak, askotan agurtzeko bakarrik. Berriro ere erabili ziren bideo guztiak gazteleraz soilik entzun ziren, bai Kursaalean baita ETB1 eta TVE telebista kateetan.
2.2.1.3. Donostia Sariak banaketa ekitaldiak
Aurten banatutako bi Donostia Sarietan euskararen erabilera berdina izan zen. Edurne Ormazabal egin zituen bi ekitaldien aurkezpena. Euskaraz, hasiera eta amaierako agurretan besterik ez ziren egin. Ekitaldian zehar ipinitako bideoak gazteleraz entzun ziren, gaztelera ez zen beste hizkuntza batean zenean gaztelerazko azpitituluekin. Sariduna aurkezteko hitza hartu zutenak gazteleraz egin zuten eta ondoren saridunak egindako hitzak ez ziren itzuliak izan, hau da, ingelesez egin zuten.
2.2.1.4. Beste sari batzuen banaketa ekitaldiak
Irailaren 22an, Aupa Etxebeste! filmaren aurkezpenean hainbat sari eman ziren. Lehenik Asier Hernandezek filmaren aurkezpena egin zuen guztia euskaraz eta gero sari banaketarekin hasi ziren. Lehen sariaren aurkezpena gazteleraz egin zen eta saridunak frantsesez egindako hitzak gaztelerara itzuli ziren. Bigarren saria, Amalur saria izan zen eta aurkezpena bi eletan egin zen, baina gaztelera nagusi. Sariduna Benito Ansola izan zen eta honek euskaraz egin zuen. Azkenik, hirugarren saria Olaziregik eman zuen eta hiru eletan aurkeztu zuen saritua, azken hau frantsesez egin zuen, itzulpena gaztelera egin zioten.
2.2.1. Prentsaurrekoak
Moderatzaileak gehienetan, agurtzeko lehenik euskara erabiltzen du, ondoren gaztelera eta batzuetan ingelesa, beti ere gaztelera nagusitzen da. Bestalde, prentsaurreetan itzulpen zerbitzua dago eta euskarazko itzulpena 3. kanalean entzun daiteke. Prentsaurrekoak eskaintzen diren aretoan bi ohar ikusi ditugu: batak telefono mugikorrak itzaltzeko adierazten du, eta besteak, kaskoetatik itzulpenak entzuteko kanal bakoitzean aurki dezakezun hizkuntza adierazten du, biak hirueletan daude, gazteleraz, euskaraz eta ingelesez.
Bestalde, internetetik prentsaurreak jarraitzeko aukera ere izan da. Web orrian sartzean euskarazko bertsioa aukeratu dugu. Hizlariek gazteleraz hitz egin dutenean ez da itzulpenik egin eta beste hizkuntza batean egin denean, itzulpena gazteleraz soilik entzun daiteke. Ingelesezko bertsion sartu ezkero ere berdina gertatzen da, hau da, gazteleraz entzuten da.
Euskal zinearen eguna aurkezteko emandako prentsaurrekoan euskara nagusi izan zen. IBAIA Komunikazioak antolatutako prentsaurrekoa aurkeztu eta gidatu zuenak bi eletan egin zuen eta ondoren Gipuzkoako Foru Aldunditik, BERRIA egunkaritik eta IBAIAko ordezkariak egindako hitzak euskaraz izan ziren gehien bat.
2.2.2. Aurkezpenak eta kolokioak
Behatzaileek ikusitako emanaldi guztietatik %41 izan du aurkezpenenik. Hauetako gehiengoa (%55) gazteleraz egin dira, laurden bat (%28) elebietan eta besteetan gazteleraz edota euskaraz gain beste hizkuntzaren bat ere erabili da. Aurten, euskara hutsezko aurkezpen bat izan da, Aupa Etxebeste! filman, baina euskaraz azpititulatutako filmeen emanaldietan, gutxitan bada ere, emandako oharretan ez da elebitasuna mantendu. Gainera gogoan izan behar dugu, behatzaile askok aipatu dutela aurkezpenak elebietan izan arren, askotan euskara ongi-etorri hitz batzuk eta beste esaldi labur batzuetarako soilik erabili dela, ondoren gazteleraz izan delarik aurkezpenaren zatirik nagusiena. Behatzaileek nabarmendu dute ere, egoera hau ez dela Belodromoko aurkezpenetan eman eta bi hizkuntzen arteko oreka izan dela.
Kolokioei dagokienez, esan behatutako emanaldien gutxiengo batek izan duela kolokiorik (%23) eta hauetatik gehiengo handi bat (%85), gazteleraz izan direla, besteetan gazteleraz gain beste hizkuntzaren bat erabili da. Euskara batzuetan sarrera txiki bat egiteko besterik ez da erabili. Gutxi izaten dira euskaraz egiten diren galderak, aurten bi kolokiotan euskaraz egindako galderarei, euskarara eta gaztelerara itzuli zaizkie erantzunak. Kolokioetan izaten den aurkezlea gutxitan egiten du euskaraz, eta egitekotan sarrerako bi hitz besterik ez dira izaten.
2.2.3. Jendaurreko zerbitzuak
Zinemaldiko bulegoan bertaratu edota telefonoz hitz egin dugunean, euskaraz egin ahal izan dugu. Kursaaleko gunean; informazio leihatiletan, aretoen sarreretan, sarreren salmentako edota akreditatuentzako lehioetan, euskaraz jaso dugu zerbitzua kasu bateren batean izan ezik, euskaraz egin arren gazteleraz erantzun dutela. Kursaal kanpoan dagoen dendan gazteleraz egin digute, baita Principe zine aretoen sarreran zengoen informazio puntuan atenditu zigun mutilak ere.
2.3. FILMAK
Aurtengo ekitaldian, euskaraz azpititulatutako filmeak 15 izan dira eta bikoiztutakoak bi. Euskaraz azpititulatutakoen 30 emanaldi izan dira. Euskarara bikoiztutako filmeen emanaldiak berriz, 15 izan dira, Eibar, Beasain, eta beste herrietako emanaldiak barne. Hauetaz gain Euskal Zinemaren Egunean beste bi filma luze eta bi labur bota zituzten euskaraz.
Guztira, 208 filma egon dira ikusgai (laburmetraiak eta zine eskolako emanaldiak kontutan hartu gabe), beraz, euskaraz azpititulatuak edo bikoiztutakoak % 7a suposatzen dute. Emanaldi kopuruei erreparatuz gero, gutxi gora behera, 603 emanaldi izan dira, euskarazkoak horien % 7,46 izan dira. Emandako igoera, herrietan euskaraz bikoiztutako haurren filma botatzeari esker izan da.
Jarraian sailez sail behatu ditugun filma guztien datuak aurkezten ditugu. Aurkezpen eta kolokioen kasuan “Ez” azaltzen denean, kolokio edo aurkezpena egon zela jakin arren, hizkuntzaren erabilera ez zela behatu kasu horietan. Eta “-“ azaltzen denean adierazi nahi dugu emanaldi horretan ez zela horrelakorik egon.
3. ONDORIOAK
3.1. FILMEAK
Euskaraz bikoiztuak edo azpititulatuak izan diren filmeak, aldez aurretik iragarriak izan dira. Baina zenbait hutsune nabaritu dugu, adibidez, eskuegitarauean ez da euskaraz bikoiztutako filmeen aipamenik egiten. Beste urtetan bezala, euskararen presentzia gorantz doa arlo honi dagokionean, baina motel. Aurten azpititulatutako filmeen kopurua iazkoan baina lau gehiago izan dira, eta emanaldi kopurua ere igo egin da, iazko 22 emanalditik 30era. Bikoiztutakoetan, filmeen kopuruan ez baina emanaldi kopuruan igoera izan da. Gipuzkoako hainbat herrietako zinematan bikoiztutako filmea eskaintzea izan da honen arrazoia, eta horri esker, iazko 7 emanaldietatik 15 izatera lortu da. Ehundaka dira Zinemaldian dauden filme emanaldiak eta horietatik % 7,46 soilik dira euskaraz oraindik ere.
3.2. IDATZIZKO MATERIALA
Oro har, Zinemaldiaren antolakuntzak argitaratutako idatzizko material gehienetan informazio guztia elebietan edo hirueletan dago euskararen erabilera bermatuz.
3.2.1. Zinemaldiaren argitalpenak eta beste materiala
Egindako argitalpen, sarrera, abono... gehienetan elebitasuna (euskaraz eta gazteleraz) edo hirueletasuna (euskaraz, ingelesez eta gazteleraz) mantendu da. Hala ere, urtero errepikatzen diren hainbat hutsune daude sailen izenen erabileran, oharretan eta beste zenbait lekutan. Hala eta guztiz ere, oso positiboa deritzogu aurten ere argitalpen bat euskara hutsez egin izana.
3.2.2. Festival aldizkaria
Aurten iazko irizpide berdinak erabili ditugunez, iazko datuekin alderatzeko aukera izan dugu. Honela ikusi ahal izan dugu egunkariaren atal orokorrei dagokienez, euskarak gorabehera gutxi izan duela eta iaz bezala gaztelera gailendu dela atal guztietan. Datorren urterako hobetu beharreko ataletan sartzen ditugu euskararen presentziarik izan ez dutenak: programazioa, filmeen fitxa teknikoak,agenda eta staffa.
Artikuluei dagokienez, iazko datuak kontuan hartuta, euskara hutsezko artikuluen kopurua oso gutxi handitu da. Oro har, emandako portzentaiak iazkoren berberak direla esan genezake. Aldaketak izan dira, atal batean edo bestean artikulu nagusi edota laburretan gehiago edo gutxiago izatean, baina guztirakoetan ez dira aldaketarik izan.
Aipatzekoa da ere euskarazko zenbait artikulutan leihoak gazteleraz jarri diren bitartean, formula hori ez dela erabili beste hizkuntzetako artikuluetan euskararen mesedetan, eta euskarazko artikuluetan beti gaztelerazko labur bat dagoen moduan ez da gauza bera gertatzen alderantziz denean.
Oraindik ere hainbat sailek ez dute euskarazko artikulu nagusirik: Inaugurazioa, Fipresci saria, Horizontes Latinos, Robert Wise, Zinema Eskolak, Sales Office eta Euskal zinemaren egunari dagokiona. Laburren kasuan aurtengoan gutxiago dira euskarazko artikulurik izan ez duten sailak: Horizontes Lantinos, Zinema Eskolak eta Sales Office. Ikus daitekeen bezala, aipatutako azken hiru sail hauetan ez da euskarazko artikulu soil bat ere ez izan.
Orokorrean Festival egunkarian euskarak duen presentzia ia hirugarren mailakoa da, gazteleraren oso azpitik eta ingelesaren parera erabiltzen baita.
3.2.3. Web orria
Aurten ere, lehenengo pantailan hizkuntza aukeratzeko aukera ematen zuen.
3.2.4. Prentsa oharrak eta bestelakoak
Gainerakoan, gaztelera hutsezko ohar bat edo beste topatu badugu ere, elebitasuna edo hirueletasuna izan da nagusi prentsara bidalitako informazioan.
3.2.5. Zinemaldiak argitaratu ez duen materiala
Idatzi hauek zinemaldiak zuzenean argitaratzen ez dituela dakigun arren, zinemaldiak honen erabilera egiten duen neurrian eta antolatzaile bezala duen ardura kontuan izanda, iruditzen zaigu asko dagoela hobetzeko arlo honetan (euskararen presentzia oso eskasa delako).
3.3. IRAGARKIAK
Egunkari ofizialean azaldutako iragarkiez gain, esku orriak, panelak, standak, e.a. ere hartu ditugu kontuan. Ikaragarria da, Zinemaldian zehar ikus ditzazkegun iragarki mordoak, baina tamalez, ia gehiengoak gaztelera hutsez.
Egunkari ofizialean, euskarazko iragarkiek gora egin dute bai iragarki eta baita iragarle kopuruari dakokionez, aurten lau iragarle izan dira euskara hutsezko iragarkia jarri dutenak. Elebietan egin dituzten iragarleak 6 izan dira, iazkoaren kopuru berdina, baina iragarki kopurua jaitsi egin da. Beraz, iazkoarekin alderatuta, euskara erabili duten iragarleen kopurua igo da baina ez hainbeste iragarki kopurua. Aipatzekoa da, ingelesez hutsezko iragarki kopurua pixka bat ere ugaritu dela eta gaztelera hutsezkoak gutxitu (Ikus 3. eranskina).
Beste iragarki motei dagokienez, aipatu egoera antzekoa dela, zinemaldiaren iragarki ofizialek eta beste iragarleren bat salbu, iragarle etxeak errepikatu egiten dira. Iazkoarekin alderatuta, euskara gutxiago erabili da “Festival” egunkaria ez den beste euskarrietan. Kaleko paneletan eta zinemaldiko liburuan adibidez, badira egunkarian iragarkiak elebietan edo euskaraz egin arren, paneletan gaztelera hutsez egin dituztenak.
Azkenik, aipamen berezia egin nahi dugu administrazio publikoak jarritako iragarkiei buruz, hainbat hutsune topatu ditugulako besteak beste ongi etorri gidan Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren iragarkietan eta web gunean Eusko Jaurlaritzak jarritako gaztelera hutsezko iragarkietan.
3.4. AHOZKO ERABILERA
Orokorrean, Nazioarteko Zinemaldian, gaztelera, euskara eta ingelesa erabiltzen da, baina dudarik gabe, gaztelera gailentzen da. Bestalde, idatzizko erabileran Zinemaldiak euskararen erabilera egokia egiteko egiten duen ahalegina ez da ahozkoan nabaritzen. Euskararen ahozko erabilera agurrak egitera mugatzen da askotan, baina bi hitzetan gelditu ohi da. Euskaraz ematen den informazioa ez da itzulpena izaten baizik eta erabiltzen den hizkuntza bakoitzak informazio propioa ematen du. Hau positibotzat jotzen dugu.
Zinemaldiaren bi aurkezpen ofizialetan ikusi ahal izan dugu euskarari lekua egin zaiola. Euskarazko interbentzioak maiztasunez egiten dira baina oraindik ere gazteleraz gehiago egiten da. Bigarren aurkezpenean informazioa gehiago zabaltzen da eta gaztelera da nagusi. Hala ere, hizkuntza bakoitzean informazio propioa lantzen da eta hori beti oso positibotzat jotzen dugu.
Aurten, iaz bezala ekitaldi berezietan bideoak erabili dira, baina guztiak gazteleraz entzun edota ikusi dira bai ETB1ean eta baita TVE telebista kateetan ere. Euskarak merezi duen lekua izateko asko falta da eta ekitaldi hauetako aurkezle bat gutxienez euskalduna izan ohi denez, aurrerapauso garrantzitsuak emateko aukerak daudela uste dugu. Defizit hau hobetzeko dauden oztopoez jabetzen gara, baina oztopo hoiek sortzen dituztenei euskararen presentzia areagotzeak daukan garrantziaz jabetu eta aurrerapausoak eman beharko liratekeela uste dugu.
Aurkezpen eta kolokioetan gaztelera da nagusi. Askotan, euskara modu sinboliko batean soilik agertzen da agurtzeko momentuan. Aurkezpenak motzak izaten dira baina gazteleraz ematen da informazio gehiena, euskara, bi hitzetan agurtzeko soilik erabili ohi da, Belodromoko aurkezpenak eta besteren bat salbu. Batzuetan filmearen parte hartzaileren batek hartzen du hitza (euskara edo gaztelera ez den hizkuntz batean), eta itzulpena egitekotan gaztelerara egiten da soilik. Gainera, iruditzen zaigu euskara arlo honetan sustatzeko aukerak badaudela, adibidez, euskarazko emanaldietan (azpititulatutakoetan eta bikoiztutakoetan) euskara hutsezko aurkezpenak eginez.
Kolokioetan ere gaztelera da nagusi eta beste hizkuntza bat erabiltzen denean, itzulpena beti gaztelerara izaten da. Antolakuntzari, euskararen ahozko erabilera naturaltasun handiagoz erabiltzea proposatzen diogu, jendea euskara erabili dezan bultzatzeko, beraz, gero erantzuna ere euskaraz jaso dezaten bideak eskaini behar dira.
Prentsaurreko guztien metodologia antzekoa izaten da. Guztietan ere formak ondo gordetzen dira, aurkezpen gehienak bi hizkuntzetan izaten dira eta , lehenengo euskaraz, eta ondoren luze zabalago gazteleraz. Ondoren, filmearen parte hartzaileek beren hizkuntzan hartzen dute hitza. Dena den, kazetari bakoitzak itzulpena nahi duen hizkuntzan entzuteko aukera dauka, bakoitzak zenbakitxo batekin, hoien artean euskaraz entzuteko aukera dago hirugarren zenbakiarekin. Itzulpen zerbitzua era egokian funtzionatu du. Bestalde, hobetzeko hutsunerik topatu dugu internet bidez jasotzen ziren prentsaurrekoetan, soilik gazteleraz entzun daitezkeelako eta itzulpen zerbitzua egonik euskaraz entzuteko aukera izatea posible dela ikusten dugulako.
4. PROPOSAMENAK
- Sailen izenen arteko oreka mantentzea euskarazko edo elebietan dauden sailak programatuz eta ondoren izen elebidun horiek zinemaldiarekin erlazionaturiko arlo guztietan erabiltzea.
- Filmeei dagokienez, euskarak leku zabalago baten beharra izanik, gutxienez, aurreko urteetako emanaldi kopurua handitzen joatea proposatzen dugu eta ahal den neurrian, euskarazko emanaldiak sail guztietan izan daitezela baita sail ofizialean ere.
- Hainbat filmeen aurretik egin ohi diren aurkezpen laburretan, erabiltzen diren hizkuntzen artean oreka mantentzea eta euskara ez mugatzea soilik lehenengo ongi etorriko bi hitzetara. Ekitaldi berezietan ere euskararen erabilera areagotzea.
- Kolokioetan, modu natural batean euskara erabiltzea. Eta, galderaren bat euskaraz eginez gero, erantzuna euskaraz jaso ahal izatea bermatzea.
- “Festival” egunkarian ere, atal bakoitzean idazten dena orekatuagoa izatea, hau da, sail edota atal guztietan egotea euskararen presentzia. Bestalde, hainbat atal elebietan jartzea edota leku arazoa dagoenean informazio berdina eskaintzeko hizkuntzak tartekatzea.
- Zinemaldiaren antolakuntzaren esku ez dauden, baina, azken finean, zinemaldiaren barnean dauden beste hainbat ekitaldi eta eragileren idatzizko euskarrietan euskara normaltasunez erabiltzera bultzatzeko ahaleginak egitea.
- Zinemaldiaren inguruan dauden iragarle anitzei Donostiako egoera linguistikoa azaltzea eta euskara normaltasun osoz erabiltzera animatzea.
- “Galak” eta sari banaketen emanaldietan euskararen erabilera gutxienez, gaztelerarekin orekatua izatea.
Zenbait aurrerapausu nabaritu ditugun arren, eta hauek garrantzitsuak izanagatik, euskararen erabilera, zinemaldian oro har, ez du behar beste gora egiten. Besteak beste hori nabaritzen dugu euskararen presentzia filmeetan, zinemaldiaren atalik garrantzitsuena, ez delako nabarmen igo azken urteetan zehar eta oraindik ere % 7 xume batean dago. Gainera ahozko erabileran ez da aldaketarik nabaritzen azken urte hauetan, antolakuntzak ez erabiltzeaz gainera, jendeak erabil dezan ez delako sustatzen ari. Idatzizko materialean, berriz, zinemaldiko antolakuntzak egindako aurrerapena nabaritzekoa da, gaur egun bere esku dagoen material guztian euskarak lekua duelako eta gehienetan hizkuntzen arteko oreka mantentzen delako. Salbuespen bezala “Festival” egunkari ofiziala dugu non euskara ingelesaren pare jarraitzen duen eta gazteleraren erabileratik urrun. Hala ere, aurten egunkari horretan, atal gehientsuenetan euskararen presentzia antzeman dugu, emaitza orokorra aurreko urtekoaren berdina izan bada ere. Azkenik, eta zinemaldiko antolakuntzatik kanpo egon arren, zinemaldiaren inguruan biltzen diren hainbat euskarri, bai iragarkiak, bai beste motatako material idatzian euskararen presentziarik ez dago ia. Horregatik zinemaldiko antolakuntzak eta erakunde publikoek bere esku dagoena egin beharko luketela uste dugu, zinemaldiaren parte diren beste eragile hauei ere euskara erabiltzera animatzeko.