METODOLOGIA
Hamaikagarren urtez egin du BAGERA Elkarteak Zinemaldiaren neurketa eta beraz, hamaika urteetako datuak aurrean izan ditugu neurketa egiterakoan. Zinemaldiak bere gain hartzen dituen momentu guztiak neurtzen saiatu gara. Filmeen aurkezpenak eta kolokioak, euskaraz azpititulatutako edota bikoiztutako filme kopurua, programazio aurrerapenaren txostena, filmez filmeko gida, “Festival” egunkari ofiziala, kartelak, e.a. neurtu ditugu besteak beste.
Behaketa aurrera eramateko orduan, bagerakideen laguntza ezinbestekoa izan da, halere, elkartetik kanpoko kolaboratzaileak ere izan ditugu. Batazbeste, 25 lagunetik gora jasotako datuak bildu ditugu behaketa aurrera eramateko orduan.
Neurketa egiterakoan, 3 multzo desberdindu ditugu:
a) Material idatzia: Material idatzi ugari izaten da Nazioarteko Zinemaldian. Antolakuntzaren argitalpenak (Filmez filmeko gida, progamazioaren aurrerapen txostena, ...), kartelak, “Festival” egunkaria, web orria, errotulazioak, e.a. izaten ditugu aztergai. Baita, Donostiako kaleak apaintzen dituzten iragarki panelak, e.a.
b) Ahozko erabilera: Ekitaldi Nagusiak, prentsaurrekoak, filme emanaldietako aurkezpen eta kolokioak eta jendaurreko zerbitzuak aztertzen ditugu atal honetan. Zein hizkuntza erabiltzen diren eta bakoitza zein neurritan erabiltzen den hartzen dugu kontuan.
c) Filmeak: Filmeen azterketa sinplea da. Zinemaldia irauten duen egunetan zenbat pelikula eta zenbat emanaldi proiektatuko diren kontuan hartu eta hoietatik euskarara bikoiztutakoak edota azpititulatutakoak zenbat izan diren azalduko dugu.
NEURKETAREN EMAITZAK
Eremu desberdinak neurtu ondoren, arloz arlo, neurketaren emaitzak emango ditugu ezagutzera. Azken partean ondorioak eta aurrera begirako proposamenak azalduko ditugu.
Ohar moduan honakoa argitu nahi genuke: txostenean zehar elebietan adierazten denean, euskara eta gaztelera erabiltzen direla esan nahi da. Eta hirueletan esaten denean, aldiz, euskara, gaztelera eta ingelesa erabiltzen direla esan nahi da.
MATERIAL IDATZIA
Argitalpenak
Filmez filmeko gida
Filmez filmeko, 88 orrialdetako gida aztertu eta gero, azterketak ondorengo emaitza eman du:
Liburuxka guztiko testuak hirueletan daude: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, aipatutako ordenean eta, kasu guztietan, bata bestearen itzulpenak dira. Argitalpen datuak eta beste zenbait ohar, berriz, euskaraz eta gazteleraz daude. Azalean aurtengo edizioko kartela azaltzen da. Kontrazalean datorren iragarkia (Kutxarena) ere elebietan dago.
Filmez filmeko gidarekin batera, bi eskuorri banatu dituzte:
Eskuegitarauan ez dago testu gehiegirik. Filmeen izenburuak, jatorrizko hizkuntzan daude, bestetik, zinemaldiaren izena hirueletan dago, eguna bezalaxe. Baina, sailen izen gehienak gazteleraz daude (sección oficial, velodromo,....), soilik Zabaltegi dago euskaraz eta beste bi sailen izenak zuzendarien izenak dira. Orrialde azpiko oharretan ere gaztelera nagusitzen da.
Sarrerak eskuratzeko azalpenak ematen dituen esku orria elebietan dago, bata bestearen itzulpen gisa.
Programazio aurrerapenaren txostena
- orrialdeko bi txosten banatu ziren Zinemaldiko karpeta batekin batera. Karpetan, zinemaldiaren kartel nagusia agertzen da azalean eta atzekaldean zinemaldiaren babesleen logoak, irudia eta helbidea, gazteleraz. Aipatutako bi txostenak bata bestearen itzulpena dira, lehenengoa euskaraz idatzia eta bestea gazteleraz. Aipatzekoa da euskarazko txosteneko orri guztietan agertzen den zintilioa (Zinemaldiko kartel nagusia irudikatzen duena) gaztelera hutsez dagoela.
Programazioaren aurrerapena
Sei orrialdeetako triptikoa da. Bai azalean, kartel ofiziala azaltzen da, zein beste orrietako informazioan elebitasuna erabili arren gaztelera lehentasunez erabili da besteak beste sailen izenetan eta erabilitako letra motan. Testuak bata bestearen itzulpena dira.
Nazioarteko Zinemaldiaren informazio liburua
Liburuak 350 orrialde ditu. Azalean, Zinemaldiaren kartel ofiziala dago eta kontrazalean Kodakeko iragarkia gazteleraz. Barruan antolakuntzari buruzko datuak, liburuko zintilioak, bukaerako palmaresa saila eta beste hainbat ohar elebietan agertzen dira. Aipatzekoa da halere, sailak bereizteko orrialde alboetan dituen markak (sailaren siglekin) gaztelerazko izenaren siglak adierazten dituztela. Honetaz gain, sail bakoitzaren informazioa hirueletan dago, filmeen izenburuak berezko hizkuntzan daude eta gainontzeko informazioa, fitxa teknikoa, zuzendariari buruzko azalpen laburra eta filmearen sinopsia hirueletan, lehenengo euskaraz, ondoren ingelesez eta azkenik gazteleraz agertzen da. Halaber epaimahaikide guztien erreferentzi labur bat hirueletan agertzen da, euskaraz, ingelesez eta gazteleraz. Testu guztiak bata bestearen itzulpena dira.
Liburuan 34 orrialde osoko iragarki daude. Horietatik 30 iragarki gaztelera hutsez dira (bata filma baten kartela izanik), beste batean gaztelera eta ingelesa tartekatzen dira eta beste hirurak elebietan daude.
Akreditatuentzako CD-ROMa
Ordenagailuan sartzearekin batera zinemaldiaren aurkezpen bideoa dago ikusgai, eta berau sahiesteko aukera gazteleraz idatzirik dago (“saltar presentación”). Orrialde nagusian hizkuntza aukeratu beharra dago gaztelera, euskara edota ingelesa. Honekin batera Acrobat programa lortzeko oharra hirueletan dago, baina azpialdeko oharrak, egilearen datuak eta zinemaldiaren babesle eta laguntzaileena gazteleraz daude.
Behin hizkuntza aukeratuta pelikula, sail eta beste hainbat informazio eskura dezakezu hiruetako edozein hizkuntzatan. Atal batzutan: “Antolaketa”, “Esker emateak” eta besteren batean klikatuz gero liburuan eskaintzen den orrialde elebidun berbera agertzen da baita ingelesezko aukeran ere. Aipatu beharra dago pelikula multzo bat aurkezten zaigunean zutabeen izenburuak gazteleraz agertzen direla bai euskarazko zein ingelesezko ataletan. Kontsulta bukatu eta programa ixterakoan, egilearen datuak azaltzen dituen orri bat irekitzen da gazteleraz bakarrik.
Esku orriak
Zinemaldiak iraun duen egunetan hainbat eskuorri izan dira eskuragai. Guk eskuratu ditugunen artean, Zinemaldiaren antolakuntzari zegozkionetan euskararen presentzia bermatu egin da hainbat hutsune izan diren arren: Incorrect@s sailak hainbat eskuorri zituen eta lehenengo orrian “Las Películas” gazteleraz eta sarrera orrialdea ingelesez daude, prentsa emanaldien egitarauetan sailen izenak gazteleraz eta beste hainbat ohar gazteleraz nagusiki eta batzuetan ingelesez agertzen dira. Bestalde beste eragile batzuek aurkeztutako eskuorri eta aldizkaritan euskararen presentzia oso murritza izan da, soilik Euskadiko Filmategiak Gipuzkoa dokumentalari buruz argitaratutako liburuxkan aurkitu dugu, eta hemen ere ez dago elebitasunik, testu garrantzitsu guztiak gaztelera hutsez daude eta. Bestelako iragarki, filmeei buruzko eskuorri eta txostenak gazteleraz nagusiki eta baita frantses eta ingelesezkoak aurkitu ditugu.
Zinemaldiko kartelak
Aurten zinemaldiak 6 kartel izan ditu: nagusia, Zabaltegi sailekoa, “Horizontes Latinos” sailekoa, Anthony Mannen sailekoa, “Incorrect@s?” sailekoa eta Woody Allenen sailekoa. Guztiak elebietan agertzen zituzten zinemaldiaren izena, lekua eta data eta sail bakoitzaren izena hizkuntza bakarrean agertzen zen. Hala ere, kartelen aurkezpeneko eskuorria non kartel bakoitzaren xehetasunak agertzen diren, gaztelera hutsez dago.
_“Festival” egunkari ofiziala_
Zinemaldian egunero kaleratzen den egunkaria aztertu dugu, baita azken ale berezia ere. Aurten ere, iaz Zinemaldiko antolatzaileekin eta Euskararen Udal Patronatuko teknikariekin ezarritako irizpideak erabili ditugu azterketa honetarako, hala egunkaria atalka banatu dugu eta horren arabehera atera ditugu emaitzak eta ondorioak. “Festival” egunkarian agertzen diren iragarkien azterketa txostenaren 3.1.6 atalean agertzen dugu.
Batetik, zintiloak, argazkien oinak, programazio atala, filmeen fitxa teknikoak, filmeen sinopsiak, agenda, argazki notiziak, eta infografiak eta staff atala aztertu ditugu. Guztiak kontuan hartuta gaztelera nagusitzen da. Zintilo nagusiak elebietan edo hirueletan izaten dira baina hainbat azpisailen izena soilik gazteleraz topatu ditugu (perlas de otros festivales...) nahiz eta zinemaldiaren beste zenbait materialetan saila euskaraz ere agertzen den. Infografiak eta filmeen sinopsiak beti hirueletan izan dira baina hainbat hutsune izan dituzte, adibidez infografietan “ptos” laburdura agertzen zen soilik. Gainontzeko ataletan gaztelera izaten da nagusi ia elebakartasunez; besteak beste argazki oinak, programazio atala, agenda, staff-a ...
Bestetik, egunkariaren muina aztertu dugu, hau da, artikuluen bi sailkapen egin ditugu: batetik zabaleraren arabera, nagusi eta laburren artean bereiztu dugu eta bestetik sailaren arabera sailkatu ditugu.
Orokorrean hartuta, hau da, sail guztietako artikulu nagusiak eta laburrak batuta, gaztelera nagusi dela ikusi daiteke (%57), ondoren euskara eta ingelesa maila beretsuan azaltzen dira (%20 inguru) eta elebietan edo hirueletan agertutako artikuluak oso urriak dira (%2 guztira). Artikulu nagusietan, gaztelera nabarmenki nagusitzen da (%72), ondoren euskara (%25) dago eta maila oso apalean ingelesa (%2). Artikulu laburretan berriz, ingelesa eta gaztelera dira nagusi (%43 bakoitza) eta euskara (%12) bigarren maila batean erabiltzen da.
Sail bakoitzari eskainitako artikuluak zein hizkuntzetan azaldu diren aztertuz gero, euskarari egindako tartearen emaitza oso desberdina da sailaren arabera:
Sail ofizialean euskaraz idatzitako artikulu nagusien kopurua gaztelerazkoen azpitik daude nabarmen.
Zabaltegin leku txukuna izan du euskarak, gazteleraren maila beretsuan nahiz eta hau nagusi izan.
Horizonte Latinos sailari buruzko artikuluetan lekurik ez zaio eskaini euskarari ez artikulu nagusietan ezta laburretan ere. Adierazgarria da, sail honetako artikulu labur guztien hizkuntza ingelesa izan dela.
Belodromoan emandako filmeei buruzko artikulu luzeetan gaztelera izan da nagusi eta laburretan, berriz, euskara nagusi izan da ingelesarekin batera.
Anthony Mannen atalean, artikulu nagusien %90 gazteleraz izan dira.
Woody Allen Ezagutu atalean, artikulu nagusiak bakarrik izan dira eta euskara eta gaztelera maila beretsuan erabili dira, gaztelera nagusi izan arren. Hala ere aipatzekoa da euskarazko testuetan agertzen ziren lehioak gazteleraz zeudela, alderantziz ez bezala eta egunkarietako beste atal batzuetan ez bezala.
Incorrect@s atalean euskara artikuluen heren batean erabili da soilik, bai nagusietan baita laburretan ere.
Zinema eskolak atalean, artikulu nagusiak gazteleraz izan dira batez ere eta laburrak ingelesez.
Gazteriaren sariari eta Sales office atalari dagozkionetan euskarak ez du lekurik izan eta artikulu guzti-guztiak, nagusiak eta laburrak gazteleraz izan dira.
Donostia Sariak ataleko artikuluetan gaztelera nagusi izan den arren, hirueletasunak beste ataletan baino garrantzi handiagoa izan du.
Epaimahaiari buruzko artikuluetan gaztelera izan da nagusi, batez ere nagusietan, guzti-guztiak gazteleraz izan dira eta. Laburretan ere euskarak oso leku txikia izan du.
Berriak eta beste artikulu batzuei dagokienez, euskarak leku txikia izan du artikulu nagusietan, eta laburretan %15etan erabili da soilik.
Web orria
Aurtengo web gunean lehenengo orrian CD-ROMaren antzeko orrialdea agertzen zaigu. Bertan gaztelera, euskara, ingelesa eta frantsesaren (soilik prentsa komunikatuak) artean aukeratzeko eskatzen zaigu. Behin aukeratu ondoren hizkuntza guztietan aukera berdinak eskaintzen ditu. Euskarazko bertsioari dagokionez “Programazioa” atalean zenbait gauza gazteleraz bakarrik idatzirik topatu ditugu, besteak beste: Buscador de Programación eta honen barnean ageri diren sección, sála (sic) eta buscar; sailen izenak, pelikulak sailka ikusten direnean (sección oficial, perlas de otros festivales...) eta zenbait emanaldiren izenak (proyección película ganadora ...). Bestalde, irailaren 17ko programazio atalean eguna ingelesez agertzen da, Friday 17.
Azkenik aipatzekoa da web guneko orrialde guztietan agertzen den Eusko Jaurlaritzaren iragarkia gazteleraz bakarrik dagoela, baita euskarazko bertsioan ere.
Ukipen-pantailadun makina
Aurten lehen aldiz zinemaldiak jarritako ukipen-pantailadun makinak izan dira hainbat lekutan: Zinemaldi plazan, akreditatuen gunean, Principe eta Kursaaleko sarreran. Makina hauen kanpoko informazioa, Taclinefort enpresa egileari dagokiona, gazteleraz dago. Pantailaren lehen hizkuntza gaztelera da eta bertan bi aukera ditugu, zinemaldiarekin zerikusia duen informazioa aukeratu, kartelaren irudiaren bidez edo beste hainbat zerbitzudun gune batera sartu. Zerbitzu guzti hauek (telefono mugikorrak kargatu eta beste zenbait) erabiltzeko aukera soilik gazteleraz dago. Zinemaldiaren gunean sartuz gero, lehen kizkuntza gaztelera da eta euskara edo ingelesa hautatzeko aukera ematen du. Hala ere euskarazko bertsioan, web gunean eta CD-ROMean gertatu bezala zenbait gauza gazteleraz aurkitzen dira, besteak beste sail batzuen izenak (liburu eta beste materialean euskarazko izena izan arren), aretoen izenak (velódromo) edo emanaldi bereziei buruzkoak.
Iragarkiak
“Festival” egunkari ofizialean argitaratu diren iragarkien azterketa egin dugu. Gaztelera soilik erabiltzen duten iragarleak nagusi dira, 39 iragarletik 29k (%74), aurreko urteetan bezala eta ondorioz iragarkien gehiengoa (%73) gazteleraz dago. Gainera euskarazko iragarkiak erabili dituen iragarle bakarra izan da aurten. Elebitasuna erabiltzen duten iragarki kopurua garrantzitsua izan arren (iragarkien %21) iragarleei dagokienez soilik seik (%15) erabili dute. Aurreko urteetan ez bezala ingelesa eta hirueletasuna erabili duten iragarleak ere izan dira aurten.
Egunkarian azaldutako iragarkiez gain, kalean, Zinemaldi plazan eta beste gune batzuetan beste euskarri batzuen bitartez ikusitako iragarkiak eta oharrak ere aztertu ditugu, hala nola, farolak, panelak eta standak.
Zinemaldi plazan: 7 stand zeuden, horietatik bik (Telefonica eta Kutxa) elebitasuna erabiltzen duten bitartean, beste 5ek (Mercedes, Kaiku, MontBlanc, Tentaciones El Pais eta Fidenet) soilik gaztelera. Zinemaldiari dagokion guztia hirueletan edo elebietan dago, nahiz eta zenbait ohar (subtítulo, fuera de concurso...) gazteleraz dauden.
Akreditatuen gunea: 4 iragarle daude (El Corte Inglés, DHL, MontBlanc eta Image.net) eta batek ere ez du euskara erabiltzen. Soilik El Corte Inglesek itxita dagoela azaltzeko oharrean gaztelera, ingelesa eta frantsesarekin batera. Aipatzekoa da Image.net-ek ongi etorria emateko kartel bat hainbat hizkuntzatan izan arren, 11 hain zuzen ere, euskaraz ez dutela jarri. Zinemaldiari dagokion guztia hirueletan edo elebietan dago (prentsaurreen deialdiak, errotulazioa...), Donostia Sariari dagokiona izan ezik, testua gazteleraz soilik dago eta.
Sales office: beste materialarekin gertatzen den bezala, gune honi dagokionean euskarak ez du inongo lekurik eta oharrak nagusiki gazteleraz eta batzuk ingelesez daude.
Farolak: 3 iragarle desberdinek erabili dute euskarri hau (TCM, Mercedes eta Zinemaldiak). Zinemaldiak, kartel nagusiaren bitartez elebitasuna erabili du, baina beste biek gaztelera soilik.
Panelak: Kursalaren aurrean eta Maria Cristinaren inguruetan erabili dira. Iragarki publizitarioei dagokionez, “Festival” egunkarian azaldu diren iragarle askok ipini dute publizitatea kaleko panel handietan. Euskara hutsez soilik Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri du iragarkia eta filme baten kartela ere euskaraz dago, hirueletan bakarrak (Eusko Jaurlaritzak) jarri ditu bi iragarki. Euskaraz eta gazteleraz, berriz, bost, batzuk errepikatuak (Kutxa, EITB, Euskal Zinema eta Altadis lelo nagusia gazteleraz egon arren). Gainontzeko guztiak gaztelera hutsez daude, 45 kartel inguru, erdia filmeen kartelak dira, izenburua jatorrizko hizkuntzan dutelarik eta baten batean ingelesa ere erabiltzen da. Maria Cristina eta Victoria Eugenia artean Canal +ek eta AXN-k hainbat kartel paratu dituzte gaztelera hutsez.
Standak: Okendo enparantzan Grupo Clave, Cortefiel eta MaxFactorrek ipinitako standetan ez dugu euskarazko hitz bakar bat ere ikusi.
Abono, gonbidapen, sarrera eta akreditatuentzako materiala
Beste urteetan bezala, aurtengoan ere elebietan ageri da informazio guztia bai abonoetan bai gonbidapenetan baita sarreretan ere. Aurkezpen ofizialetako gonbidapenetan euskarak du lehentasuna, baina argitalpenak eskuratzeko txartela nagusiki hirueletan egon arren “publicación” hitza agertzen da txartelaren elementu nagusi bezala.
Bestalde, Nor eta Non gidaren azterketa egin dugu. Azalean elebitasuna eta hirueletasuna erabiltzen da eta kontrazalean zinemaldiko irudia elebietan agertzen den arren helbidea gazteleraz bakarrik dago. Barnean antolaketa atalari dagokiona elebietan dago eta atal ezberdinen aurkezpen orrialdeak, zintiloak bezala, elebietan eta hirueletan dauden arren, pertsonei buruzko datuak gazteleraz bakarrik daude.
Ongi etorri gidari buruz esan euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez dagoela gidako testu nagusia. Dena dela, hainbat informazioetan gaztelera bakarrik erabiltzen da helbideetarako edo Manifestaren azalpen testuetan adibidez. Gainera kontutan hartu behar da, gida honetan orrialde osoko 9 iragarki daudela, guzti-guztiak gaztelera hutsez eta horien artean Gipuzkoako Aldundikoa eta Eusko Jaurlaritzarena.
Errotulazioa (Zine aretoko oharrak, ...)
Zinemaldiaren guneetan, antolakuntzak ipinitako ohar txartel guztiak elebietan edo, kasu batzuetan, hirueletan daude. Hala ere, zenbait ohar (azpitituluei eta iraupenari buruzkoak) gazteleraz bakarrik daude.
Prentsa harremanak
E-mailez guztira 23 prentsa ohar jaso ditugu, horietatik 19 zinemaldiko antolakuntzarenak izan dira eta beste laurak zinemaldiaren barruan Ibaiak antolatzen duen Euskal Zinemaren Egunari dagozkionak. Antolakuntzako 19 e-mail horietatik gehiengoa, 17, euskara hutsez izan dira, beste bat elebietan euskarari lehentasuna emanez eta bestea gazteleraz. Ibaiak bidalitakoen artean, berriz elebitasuna erabili da guztietan baina soilik bitan izan du euskarak lehentasuna. Gainera Ibaiaren bi e-mailetan atxikitako dokumentu bana bidali da, bata elebietan zegoen gaztelerak lehentasuna zuela eta bestea, Euskal Zinemaren Egunaren egitaraua, elebietan eta hirueletan dago, baina hemen ere zenbait hutsune topatu ditugu, besteak beste aretoaren izenean (Príncipe) eta ordutegian (horas).
Prentsaurrekoen berri emateko, prentsa gunean dauden orri idatzietan elebitasuna eta hirueletasuna erabili da, euskarari lehentasuna emanez.
Gazteria Sariko kideentzako materiala
Gazteria Sariko kideei eman zaizkien paper guztiak gaztelera hutsean daude, azken ekitaldirako gonbidapena salbu, elebietan dagoela.
Besteak
Aurtengo beste berrikuntza bat topatu dugu, zinemaldiarekin batera egin den “Erakusleihoen lehiaketa” Gipuzkoako Merkatarien Elkarteak antolatuta eta Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala eta Telefonicaren babesarekin. Lehiaketa honen karteleko mezu nagusia gazteleraz zegoen eta baita partehartzen zuten dendetako kartela ere.
AHOZKO ERABILERA
Ekitaldi Nagusiak
Aurkezpen ofizialak
2004ko maiatzaren 30ean Maria Cristina Hotelean izan zen 52. Zinemaldiaren aurkezpena. Edurne Ormazabal eta Aitzpea Goenagak egin zuten aurkezpen lana eta euskara eta gaztelera tartekatu zituzten. Aurrekoetan ez bezala, informazio gehiago eskaini zen gazteleraz. Bestalde, hainbat film zati proiektatu ziren jatorrizko hizkuntzan (ingelesez) eta gazteleraz azpititulatuta zeuden.
2004ko irailaren 4an, Maria Cristina hotelean Zinemaldiaren aurkezpen ofiziala izan zen. Gonbidapena elebietan jaso genuen, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz idatzi zegoen. Aurkezpenean bi hizlari aritu ziren, lehenik Zinemaldiaren zuzendari, Mikel Olaziregi eta Jose Angel Herrero Velarde. Lehen hizkuntza euskara izan zen, eta agurraz gain, beste hainbat informazioa ere eman zuen zuzendariak euskaraz. Baina Herrero Velardek hitza hartu zuen guztietan gaztelera erabili zuen soilik. Orohar gaztelera izan zen nagusi erabat aurkezpenean.
Inaugurazio eta amaiera ekitaldiak
Inaugurazio ekitaldiarekin batera, lehenengo Donostia Saria banatu zen. Bertan, Edurne Ormazabal eta Aitana Sanchez Gijon aritu ziren aurkezle lanetan. Ekitaldian 8 bideo izan ziren ikusgai. Ekitaldian zehar, bi aurkezleek hitza txandaka hartu zuten eta aurkezpen osoa ia erabat gazteleraz izan zen. Hainbat gonbidatuk ere hitza hartu zuten, kasu hauetan beraien jatorrizko hizkuntzan hitz egiten zuten eta itzulpena, egin zen kasuetan, gazteleraz egin zen. Beraz, esan dezakegu aurkezpena erabat gaztelera hutsez izan zela, euskaraz esandako esaldi guztiak ondokoak izan baitziren: “Gabon eta ongi etorri Donostiara eta bere nazioarteko zinemaldira”, “Agur”, “Gabon”, “Donostiako udala, Eusko Jaurlaritza, Kultura Ministerioa eta Gipuzkoako Foru Aldundia” eta “Gabon, zinean ikusiko gara”. Hori 41 minutu eta 20 segundo iraun zituen ekitaldi batean.
Amaiera ekitaldian ere, aurreko aurkezle berdinak egon ziren, eta euskararen erabilerari dagokionez aurrekoaren oso antzekoa izan zen. Euskararen presentzia inaugurazio ekitaldian baino handixeagoa izan arren, ekitaldiaren iraupena kontuan hartuta oso urria izan zen.
Gazteria Sariaren aurkezpen eta itxiera ekitaldiak
Gazteria Sariko kideen 15 minutuko aurkezpen ekitaldian gaztelera soilik erabili zen, agurrean eta beste esaldi batean salbu. Itxiera ekitaldia berriz, Belodromoan egin zen eta elebitasuna mantendu zen.
Prentsaurrekoak
Moderatzaileak, agurtzeko lehenik euskara erabiltzen du, ondoren gaztelera eta azkenik ingelesa. Bestalde, prentsaurreetan itzulpen zerbitzua dago eta euskarazko itzulpena 3. kanalean entzun daiteke. Prentsaurrekoak eskaintzen diren aretoan bi ohar ikusi ditugu: batak telefono mugikorrak itzaltzeko adierazten du, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz. Besteak, kaskoetatik itzulpenak entzuteko kanal bakoitzean aurki dezakezun hizkuntza adierazten du eta hirueletan dago, gazteleraz, euskaraz eta ingelesez.
Bestalde, internetetik prentsaurreak jarraitzeko aukera ere izan da. Euskara hizkuntza aukeratu dugu eta hizlarien jatorrizko hizkuntzaz gain, itzulpena gazteleraz soilik entzun daiteke, beste behin, soilik jatorrizko hizkuntza entzun dugu, hau da, galderak gazteleraz egin badira gazteleraz entzun ditugu eta erantzunak ingelesez egin badira, ingelesez. Baina orohar, euskaraz, gazteleraz edo ingelesezko bertsiotik sartuta gaztelerazko itzulpena soilik entzun da, salbuespenak salbuespen.
Aurkezpenak eta kolokioak
Behatzaileek ikusitako emanaldi guztietako erdietan izan da aurkezpenen bat. Hauetako gehiengoa (%57) gazteleraz egin dira, laurden bat (%25) elebietan eta besteetan gazteleraz edota euskaraz gain beste hizkuntzaren bat ere erabili da. Aipatzekoa da, euskara hutsezko aurkezpenik ez dela izan ezta euskaraz azpititulatutako filmeen emanaldietan ere. Gainera gogoan izan behar dugu, behatzaile askok aipatu dutela aurkezpenak elebietan izan arren, askotan euskara ongi etorri hitz batzuk eta beste esaldi labur batzuetarako soilik erabili dela, ondoren gazteleraz izan delarik aurkezpenaren zatirik nagusiena. Behatzaileek nabarmendu dute ere, egoera hau ez dela Belodromoko aurkezpenetan eman eta bi hizkuntzen arteko oreka izan dela.
Kolokioei dagokienez, esan behatutako emanaldien gutxiengo batek izan duela kolokiorik (%28) eta hauetatik gehiengo handi bat (%88), gazteleraz izan direla. Besteetan gazteleraz gain beste hizkuntzaren bat erabili da, baina batean ere ez da euskara erabili. Gainera zenbait kasutan euskarazko galderak egin direnean gazteleraz erantzun dira.
Jendaurreko zerbitzuak
Zinemaldiko bulegoan bertaratu edota telefonoz hitz egin dugunean, euskaraz egin ahal izan dugu. Kursaaleko gunean; informazio leihatiletan, dendan edota sarreren salmentako lehioetan, euskaraz jaso dugu zerbitzua kasu bateren batean izan ezik, euskaraz egin arren gazteleraz erantzun dutela.
FILMAK
Aurtengo ekitaldian, euskaraz azpititulatutako filmeak 11 izan dira eta bikoiztutakoak bi. Euskaraz azpititulatutakoen 22 emanaldi aurrikusiak bazeuden ere baten batean arazo teknikoak zirela medio gazteleraz azpititulatu dira eta beraz emanaldiak gutxiago izan dira. Hainbat behatzailek nabarmendu dute aurten erabili den azpititulatzeko sistema bere egokitasunagatik eta, pelikularekin batera joan beharrean bertan proiektatzen denez, euskaraz azpititulatzeko aukera handiagoak ematen dituelako. Euskarara bikoiztutako filmeen emanaldiak, berriz, 7 izan dira, guztiak Belodromoan. Hauetaz gain Euskal Zinemaren Egunean beste lau filma luze eta hiru labur bota zituzten euskaraz eta beste labur bat ere elebietan
Guztira, 207 filma egon dira ikusgai (laburmetraiak kontutan hartu gabe), beraz, euskaraz azpititulatuak edo bikoiztutakoak % 6a suposatzen dute. Emanaldi kopuruei erreparatuz gero, gutxi gora behera, 643 emanaldi izan dira, euskarazkoak, arazoengatik izan diren aldaketak kontutan hartu gabe, horien % 4,5 izan dira.
Jarraian sailez sail behatu ditugun filma guztien datuak aurkezten ditugu. Aurkezpen eta kolokioen kasuan “Ez” azaltzen denean, kolokio edo aurkezpena egon zela jakin arren, hizkuntzaren erabilera ez zela behatu kasu horietan. Eta “-“ azaltzen denean adierazi nahi dugu emanaldi horretan ez zela horrelakorik egon.
ONDORIOAK
FILMEAK
Euskaraz bikoiztuak edo azpititulatuak izan diren filmeak, aldez aurretik iragarriak izan dira. Baina zenbait hutsune nabaritu dugu, adibidez, eskuegitarauean ez da euskaraz bikoiztutako filmeen aipamenik egin. Beste urtetan bezala, euskararen presentzia gorantz doa arlo honi dagokionean, baina oso motel. Aurten azpititulatutako filmeen kopurua iazko berdina izan arren, emanaldi gehiago aurrikusi da. Bikoiztutakoetan, berriz, kopuru berarekin emanaldi gutxiago izan dira. Ehundaka dira Zinemaldian dauden filme emanaldiak eta horietatik %5 soilik dira euskaraz oraindik ere.
IDATZIZKO MATERIALA
Oro har, Zinemaldiaren antolakuntzak argitaratutako idatzizko material gehienetan informazio guztia elebietan edo hirueletan dago euskararen erabilera bermatuz.
Zinemaldiaren argitalpenak eta beste materiala
Egindako argitalpen, sarrera, abono... gehienetan elebitasuna (euskaraz eta gazteleraz) edo hirueletasuna (euskaraz, ingelesez eta gazteleraz) mantendu da. Hala ere, urtero errepikatzen diren hainbat hutsune daude sailen izenen erabileran, oharretan eta beste zenbait lekutan. Hala eta guztiz ere, oso positiboa deritzogu aurten argitalpen bat euskara hutsez egin izana.
_“Festival” aldizkaria_
Aurten iazko irizpide berdinak erabili ditugunez, iazko datuekin alderatzeko aukera izan dugu. Honela ikusi ahal izan dugu egunkariaren atal orokorrei dagokienez, euskarak gorabehera gutxi izan duela eta iaz bezala gaztelera gailendu dela atal guztietan. Datorren urterako hobetu beharreko ataletan sartzen ditugu euskararen presentziarik izan ez dutenak: programazioa, filmeen fitxa teknikoak,agenda eta staffa.
Artikuluei dagokienez, iazko datuak kontuan hartuta, euskara hutsezko artikuluen kopurua oso gutxi handitu da eta gainera gogoan izan behar dugu elebietan eta hirueletan dauden artikuluak ia erabat desagertu direnez, orohar euskararen presentzia gutxitu egin dela. Positiboa deritzogu berezko informazioa euskaraz eskaintzeari, baina honek, gure ustetan, ezin du elebietan dauden artikuluen kaltetan izan. Aipatzekoa da ere euskarazko zenbait artikulutan lehioak gazteleraz jarri diren bitartean, formula hori ez dela erabili beste hizkuntzetako artikuluetan euskararen mesedetan.
Gainera hainbat sailek ez dute euskarazko artikulu nagusirik izan: Horizontes Latinos, Gazteriaren Saria, Donostia Sariak (soilik hirueletan izan diren artikuluetan), Sales Office eta Epaimahaiari dagokiona. Laburren kasuan ere, egoera oso antzekoa topatu dugu.
Orokorrean Festival egunkarian euskarak duen presentzia hirugarren mailakoa da, gazteleraren oso azpitik eta ingelesa baino gutxiago erabiltzen da.
Web orria
Aurtengo beste aurrerapausuetako bat web orrian aurkitu dugu, aurreko urteetan ez bezala, aurten lehenengo pantailean hizkuntza aukeratzeko aukera ematen baitzuen. Honetaz gain, sarritan gertatzen den bezala, akats batzuk topatu ditugu eta horregatik, arreta gehiago beharko lukela iruditzen zaigu.
Ukipen-pantailadun makina
Hau ere aurtengo berrikuntzetako bat izan da eta beste hainbatetan ikusi izan dugun bezala, Zinemaldiari dagokionean euskararen erabilpena txukuna izan da, hainbat hutsune bazituen ere. Baina lehenengo hizkuntza gaztelera zela eta gainera makinak berak eskaintzen zituen beste hainbat zerbitzu soilik gazteleraz jaso zitezkeela gogoan izanda, zerbitzu berri honek hobetu behar dela iruditzen zaigu.
Prentsa oharrak eta bestelakoak
Gainerakoan, gaztelera hutsezko ohar bat edo beste topatu badugu ere, elebitasuna edo hirueletasuna izan da nagusi prentsara bidalitako informazioan.
Gazteria Saria
Sari honek aipamen berezia behar duela iruditzen zaigu, honekin loturiko gauza gehienetan euskararen erabilera oso urria izan delako eta gainera gazteriari zuzenduriko zinemaldiaren arloa izanik, bereziki zaindu beharreko saila iruditzen zaigu. Dagoeneko aipatu dugun bezala, Festival aldizkarian, sail honetan euskarazko artikulu luzerik ez da izan. Gainera sari honen epaimahaia osatzen zuten gazteei emandako idatzi guzti-guztiak gazteleraz zeuden, azken festarako gonbidapena izan ezik. Ondoren aipatuko dugun bezala, sail honi eskainitako ekitaldietan ere euskararen presentzia behar baino eskasagoa izan da.
Zinemaldiak argitaratu ez duen materiala
Idatzi hauek zinemaldiak zuzenean argitaratzen ez dituela dakigun arren, zinemaldiak honen erabilera egiten duen neurrian eta antolatzaile bezala duen ardura kontuan izanda, iruditzen zaigu asko dagoelako hobetzeko arlo honetan (euskararen presentzia oso eskasa delako).
IRAGARKIAK
Egunkari ofizialean azaldutako iragarkiez gain, esku orriak, panelak, standak, e.a. ere hartu ditugu kontuan. Ikaragarria da, Zinemaldian zehar ikus ditzazkegun iragarki mordoak, baina tamalez, ia gehiengoak gaztelera hutsez.
Egunkari ofizialean orohar euskarazko iragarkiek behera egin dute bai iragarki eta baita iragarle kopuruan, aurten soilik DHL-k jarri du euskarazko iragarkia. Gainera elebietan dauden iragarki eta iragarleekin, iazko datuekin erkatuta, beste horrenbeste gertatzen da aurten 39 iragarletatik soilik 6k erabili dute aukera hau. Beraz, iragarki eta iragarle kopurua euskara ez beste hizkuntza guztietan gora egiten duen arren, euskarazko iragarkiak eta euskara darabilten iragarleak gutxituz doaz.
Beste iragarki motei dagokienez, aipatu egoera antzekoa dela, zinemaldiaren iragarki ofizialek eta beste iragarle gutxi batzuek euskara erabili arren (paneletan euskararen presentziak gora egin du oso modu apalean izan arren), gaztelera nagusi dela batez ere kalean jartzen diren standetan eta paneletan.
Azkenik aipamen berezia egin nahi dugu administrazio publikoaren iragarkiei buruz, hainbat hutsune topatu ditugulako besteak beste ongi etorri gidan Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren iragarkietan eta web gunean Eusko Jaurlaritzak jarritako gaztelera hutsezko iragarkietan.
AHOZKO ERABILERA
Orokorrean, Nazioarteko Zinemaldian, gaztelera, euskara eta ingelesa erabiltzen dira, baina dudarik gabe, gaztelera gailentzen da. Bestalde, idatzizko erabileran Zinemaldiak euskararen erabilera egokia egiteko egiten duen ahalegina ez da ahozkoan nabaritzen. Euskararen ahozko erabilera agurrak egitera mugatzen da askotan, baina bi hitzetan gelditu ohi da. Euskaraz ematen den informazioa ez da itzulpena izaten baizik eta erabiltzen den hizkuntza bakoitzak informazio propioa ematen du. Hau positibotzat jotzen dugu.
Zinemaldiaren bi aurkezpen ofizialetan ikusi ahal izan dugu euskarari lekua egin zaiola baina iazkoekin alderatuz lehenengo aurkezpenean euskara gutxiago erabili zen eta atzerapausoa izan da. Bigarrenean oraindik ere gazteleraz ematen den informazioa askoz ere handiagoa da euskarazkoa baino, hala ere, aurreko urteekin alderatuz, euskara hutsezko informazioa eskaintzea positiboa iruditzen zaigu.
Aurten, ekitaldi berezietan bideoak erabili izana berrikuntza izan da eta gainera euskaraz ere ikusi ahal izan direnez positiboa deritzogu. Hala ere, euskarak merezi duen lekua izateko asko falta da eta ekitaldi hauetako aurkezle bat gutxienez euskalduna izan ohi denez, aurrerapauso garrantzitsuak emateko aukerak daudela uste dugu. Defizit hau hobetzeko dauden oztopoez jabetzen gara, baina oztopo hoiek sortzen dituztenei euskararen presentzia areagotzeak daukan garrantziaz jabetu eta aurrerapausoak eman beharko liratekeela uste dugu.
Arestian aipatu bezala, Gazteria Sariak arreta berezia beharko lukeen arloa dela iruditzen zaigu. Baina arlo honen barruan burutu diren bi ekitaldietan erabilera kontrajarriak behatu ditugu; Belodromoko itxiera ekitaldian elebitasuna izan zen bitartean, aurkezpen ekitaldian euskarak ez zuen inongo lekurik izan eta datorren urterako hobetu beharreko arloa irizten diogu.
Aurkezpen eta kolokioetan gaztelera da nagusi. Askotan, euskara modu sinboliko batean soilik agertzen da agurtzeko momentuan. Aurkezpenak motzak izaten dira baina gazteleraz ematen da informazio gehiena, euskara, bi hitzetan agurtzeko soilik erabili ohi da, Belodromoko aurkezpenak eta besteren bat salbu. Batzuetan filmearen parte hartzaileren batek hartzen du hitza (euskara edo gaztelera ez den hizkuntz batean), eta itzulpena egitekotan gaztelerara egiten da soilik. Gainera, iruditzen zaigu euskara arlo honetan sustatzeko aukerak badaudela, adibidez, euskarazko emanaldietan (azpititulatutakoetan eta bikoiztutakoetan) euskara hutsezko aurkezpenak eginez.
Kolokioetan ere gaztelera da nagusi eta beste hizkuntza bat erabiltzen denean, itzulpena beti gaztelerara izaten da. Antolakuntzari, euskararen ahozko erabilera naturaltasun handiagoz erabiltzea proposatzen diogu, jendea euskara erabili dezan bultzatzeko, beraz, gero erantzuna ere euskaraz jaso dezaten bideak eskaini behar dira, batez ere, bertako pelikula elebidunek eskaintzen duten aukera aprobetxatuz.
Prentsaurreko guztien metodologia antzekoa izaten da. Guztietan ere formak ondo gordetzen dira, aurkezpenak hiru hizkuntzetan izaten dira eta, lehenengo euskaraz, ondoren ingelesez eta azkenik eta luze zabalago gazteleraz. Ondoren, filmearen parte hartzaileek beren hizkuntzan hartzen dute hitza. Dena den, kazetari bakoitzak itzulpena nahi duen hizkuntzan entzuteko aukera dauka, bakoitzak zenbakitxo batekin, hoien artean euskaraz entzuteko aukera dago hirugarren zenbakiarekin. Itzulpen zerbitzua era egokian funtzionatu du.
Bestalde, hobetzeko hutsunerik topatu dugu internet bidez jasotzen ziren prentsaurrekoetan, soilik gazteleraz entzun daitezkeelako eta itzulpen zerbitzua egonik euskaraz entzuteko aukera izatea posible dela ikusten dugulako. Aurreko urteetan bezala, ez dago ohiturarik prentsaurrekoetan galderak euskaraz egiteko eta hori, dagoeneko zinemaldiko prentsaurrekoetan egiten den bezala, sustatzeko beharra ikusten dugu.
PROPOSAMENAK
- Sailen izenen arteko oreka mantentzea euskarazko edo elebietan dauden sailak programatuz eta ondoren izen elebidun horiek zinemaldiarekin erlazionaturiko arlo guztietan erabiltzea.
- Filmeei dagokienez, euskarak leku zabalago baten beharra izanik, gutxienez, aurreko urteetako emanaldi kopurua mantentzea proposatzen dugu eta ahal den neurrian, euskarazko emanaldiak sail guztietan izan daitezela baita sail ofizialean ere.
- Hainbat filmeen aurretik egin ohi diren aurkezpen laburretan, erabiltzen diren hizkuntzen artean oreka mantentzea eta euskara ez mugatzea soilik lehenengo ongi etorriko bi hitzetara. Ekitaldi berezietan ere euskararen erabilera areagotzea.
- Kolokioetan, modu natural batean euskara erabiltzea. Eta, galderaren bat euskaraz eginez gero, erantzuna euskaraz jaso ahal izatea bermatzea.
- “Festival” egunkarian ere, atal bakoitzean idazten dena orekatuagoa izatea, hau da, sail edota atal guztietan egotea euskararen presentzia. Bestalde, hainbat atal elebietan jartzea edota leku arazoa dagoenean informazio berdina eskaintzeko hizkuntzak tartekatzea.
- Zinemaldiaren antolakuntzaren esku ez dauden, baina, azken finean, zinemaldiaren barnean dauden beste hainbat ekitaldi eta eragileren idatzizko euskarrietan euskara normaltasunez erabiltzera bultzatzeko ahaleginak egitea.
- Zinemaldiaren inguruan dauden iragarle anitzei Donostiako egoera linguistikoa azaltzea eta euskara normaltasun osoz erabiltzera animatzea.
Zenbait aurrerapausu nabaritu ditugun arren, eta hauek garrantzitsuak izanagatik, euskararen erabilera, zinemaldian oro har, ez du behar beste gora egiten. Besteak beste hori nabaritzen dugu euskararen presentzia filmeetan, zinemaldiaren atalik garrantzitsuena, ez delako nabarmen igo azken urteetan zehar eta oraindik ere %5 xume batean dago. Gainera ahozko erabileran ez da aldaketarik nabaritzen azken urte hauetan, antolakuntzak ez erabiltzeaz gainera, jendeak erabil dezan ez delako sustatzen ari.
Idatzizko materialean, berriz, zinemaldiko antolakuntzak egindako aurrerapena nabaritzekoa da, gaur egun bere esku dagoen material guztian euskarak lekua duelako eta gehienetan hizkuntzen arteko oreka mantentzen delako. Salbuespen bezala “Festival” egunkari ofiziala dugu non euskara ingelesaren pare jarraitzen duen eta gazteleraren erabileratik urrun.
Azkenik, eta zinemaldiko antolakuntzatik kanpo egon arren, zinemaldiaren inguruan biltzen diren hainbat euskarri, bai iragarkiak, bai beste motatako material idatzian euskararen presentziarik ez dago ia. Horregatik zinemaldiko antolakuntzak eta erakunde publikoek bere esku dagoena egin beharko luketela uste dugu, zinemaldiaren parte diren beste eragile hauei ere euskara erabiltzeko animatzeko.