|
|
|
 |
|
[
Bageranet
>
Behaketak
>
Aste Nagusiko emaitzak
>
2005eko astenagusia
]
|
|
 |
2005eko Aste Nagusia
1. SARRERA
Azken hamaika urteetan, BAGERA Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, euskararen erabilera areagotzea ardatz duela, uneoro euskararen erabilera eta egoera ezagutu nahian, Donostiako Aste Nagusiko hizkuntza tratamendua aztertu du. Euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko bidezkoa iruditzen baitzaigu.
Behaketaren zergatia
Euskararen hizkuntza normalkuntza prozesuan, ezinbestekoa da ekintza instituzionala eta Donostiako gizarte osoaren parte hartzea bultzatzea; abiapuntu honetatik, BAGERA Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostiako Aste Nagusian euskararen erabilera zein egoeratan aurkitzen den jakin nahi du, bai instituzioen aldetik, KTEren aldetik alegia, eta bai gizartearen aldetik.
Garrantzitsua iruditzen zaigu egunerokotasunean euskararen presentzia bermatzea. Aldi berean, jai giroan ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu euskararen erabilera suspertzea, euskal kulturarekin batera.
Euskararen erabileraren neurketa egiteko orduan, kontuan hartu behar dugu Donostiaren egoera turistikoa udan zehar. Abuztuan zehazki, Donostiatik kanpoko jende ugari etortzen da: Kanadiarrak, italiarrak,... eta Estatuko hainbat herritatik etorritako jendea. Hau dela eta, egitarauaren aniztasuna beharrezkoa ikusten dugun bezala, argi ikusten dugu euskarari merezi duen tokia eman behar zaiola .
Euskara, gaztelerarekin batera, hizkuntza ofiziala da eta Aste Nagusia antolatzeko garaian, donostiarren hizkuntza eskubideak kontuan hartu behar dira. KTEren eta erakunde pribatuen euskararen erabilerarik handiena lortzea donostiarren onurarako da.
Donostiako Aste Nagusian, euskara mugarik gabe erabilia izatea errealitate bihur daitekeen ametsa da eta, horretarako, ezinbestekoa da gizarte sektore guztien partaidetza eta inplikazioa lortzea .
Azken finean, hizkuntza funtzionamenduaren aldaketak mailakatua eta naturala izan behar du, eta sektore guztietan gauzatu behar da, baita aisialdian ere.
2. METODOLOGIA
Donostiako Aste Nagusiko euskararen erabileraren neurketa aurrera eraman ahal izateko, honako pausoak eman ditugu:
KTErekin harremanetan jarri aurtengo egitarauaren nondik norakoen berri jasotzeko eta hobetu beharreko arloetan gure laguntza eskaintzeko.
Ondoren, behatzaile taldea osatu eta beraiekin harremanetan jarri. Aurten 30 behatzaile izan ditugu eta beraiekin egindako bileran, behaketa nola garatu behar zuten azaldu zaie.
Behatzaile taldeak erabilitako irizpideak honakoak izan dira:
Jarduera: Su artifizialak/ Van Morrisonen kontzertua/ The goodfather filma./...
Eguna: Jarduera egin den egunaren data
Ordua: Jarduera egin den ordua
Lekua: Jarduera garatu den tokia
Ahozkoak: (Ahal dela portzentajeak erabili)
Aurkezpenak: aurkezpenik izan bada, hizkuntza bakoitzean erabili den portzentaia aipatu (adibidez: %75 euskaraz, %25 gazteleraz).
Jarduera: ekintzaren garapenean hizkuntzarik erabili bada, erabili den hizkuntza adierazi behar da.
Bozgorailua: Bozgorailuz zerbait esan bada, zein hizkuntzan izan den adierazi.
Idatzizkoak: (Ahal dela portzentajeak erabili)
Kartela: Kartelik badago, adierazi zein hizkuntzatan dagoen idatzita .
Bi orrikoak/ esku egitarauak: mota horretako euskarririk balego, adierazi zein hizkuntzatan dauden idatzita .
Publizitatea: publizitate euskarririk balego, adierazi iragarleak zein hizkuntza erabili duen.
Bestelakoak: beste euskarri motarik balego, adierazi zein motatakoa den eta zein hizkuntza erabili den (adibidez: zinemaldian filmen azpitituluen hizkuntza).
Ikusle/ entzule kopurua/ adina: adierazi zein ikusle mota den eta ahal dela kopurua gutxi gorabehera.
Oharrak: aurrekoez gain, beste ezer izanez gero, azalpenak adierazteko tartea.
Behaketa egiteko, ahal izan diren ekitaldi gehienak neurtu dira, baita idatzizko materiala ere.
3. BEHAKETAREN EMAITZA
3.1. KTEren ARDURAPEKOAK
3.1.1. Idatzizko materialaren azterketa
3.1.1.1. Egitarauak
3.1.1.1.1. Dosierra
268 orrialdeko dossierra da aurtengoa, oro har esan daiteke bi hizkuntzetan idatzita dagoela, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz.
Dosierra atalka
Azalean, Aste Nagusiko kartela bi hizkuntzetan ageri da, euskaraz eta gazteleraz. Aurtengo leloa bi hizkuntzetan dago: "Dastatu! ¿Descúbrela!" eta data ere bi hizkuntzetan azaltzen da. Kontrazalean, berriz, su artifizialen kartela dago, lehenik gazteleraz eta ondoren euskaraz.
Prentsa dossierraren hasieran aurkibidea eta aurtengo egitaraua laburtua ageri dira eta bietan lehenengo hizkuntza euskara eta ondoren gaztelera da.
Jaien hasieran "Artillero dale fuego" kanta azaltzen da eta protokolo eta datu guztiak bi hizkuntzetan daude.
Aurtengo su artifizialen 41. jaialdi lehiaketaren datu orokorrak eta abar bi hizkuntzetan ageri dira euskarari lehentasuna emanez, hala ere, etxe bakoitzari buruzko informazioa gazteleraz soilik azaltzen dira. Ondoren, egunez egun izan diren piroteknia etxeen curriculumak, bitxikeriak, gazteen euskaltel saria, herritarren epaimahaiaren sarirako bozketak, epaimahaia eta segurtasun neurriak bi hizkuntzetan azaltzen dira (hauetan hala ere, mapa bat ageri da eta azken urteetan bezala, "area de seguridad" hiru aldiz azaltzen da gazteleraz eta "ambulantzia" hitza ere oker idatzita ageri da). Lehiaketaren historiari buruzko informazioan datak eta beste hainbat zehaztasun gaztelera hutsean daude.
Txistularien agerraldiari buruzko informazioa bi hizkuntzetan dago. Ondoren, Folklore atalean, guztia bi hizkuntzetan ageri da euskarari lehentasuna emanez.
Zezen suzkoaren entzierroaren datuak eta historia bi hizkuntzetan idatzita dago lehenengo hizkuntza euskara izanik.
Erraldoi eta buruhandien egitaraua, bi hizkuntzetan dago. Historia eta partehartzaileen zerrenda bi hizkuntzetan ageri da lehentasuna euskara izanik.
Aurtengo Aste Nagusiaren haur jaialdien atalean haurrentzako egitaraua lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz dago. Gainontzekoan, ekitaldi eta taldeen aurkezpen guztiak bi hizkuntzetan azalduta daude.
Musikari dagokionez, Pop Rock lehiaketa, Sagues, Trinitate plaza, Urumeako terraza- Kursaal, Zurriola terraza- Kursaal eta Haizearen orraziko kontzertuak, Zuloaga plazako dantzaldiak, Paseo Berriko berbenak, Bulebarreko musika bandak, Bulebarreko kioskoan, Errege Katolikoetan, eta kaleetan zehar dauden fanfarreak ditugu sail honetan. Gehienetan informazioa bi hizkuntzetan ageri da lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz. Hala ere, gaztelera hutsezko aipamenak topatu ditugu adibidez, Trinitate plaza eta Sagueseko kontzertuen atalean talderen palmaresa gazteleraz dago soilik, baita Pop rock lehiaketarena ere eta "Virgen de Nieva" abesbatza, Milagroko musika bandari buruzko informazioa ere gaztelera hutsean dago.
Kirolen atalean elebitasuna mantentzen da azaltzen den informazioan. Herri kiroletan euskara hutsezko atal bat ere badago.
Beste ekintza batzuk atalari buruzko informazioa bi hizkuntzetan azaltzen da, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz.
Bestelakoak: Aste Nagusiko kartel lehiaketaren irabazleari buruzko informazioa gaztelera hutsean ageri da. Bestalde Txosnak eta Aste Nagusi berdeari buruzko informazioa txukun ageri da bi hizkuntzetan.
Oro har elebitasuna mantentzen da Aste Nagusiko dossierrean, normalean euskara da lehen hizkuntza. Iazko dossierrarekin alderatuta, iazko hainbat akats zuzendu badira ere, badira oraindik zuzendu beharrekoak datorren urteari begira ( akats gramatikaletan adibidez, su artifizialean atalean "ambulantzia", edo itzuli ez diren hainbat adibidez, bi musika bandei buruzko informazioa).
3.1.1.1.2. Esku egitaraua
Azalean aurtengo Aste Nagusiko kartela ageri da, euskaraz eta gazteleraz. Kontrazalean, berriz, Heinekenen iragarkia ageri da, iragarkiak gaztelerazko hainbat mezu zabaltzen ditu iragarkiaren bidez: “Piensa en verde”, "Este sonido nunca ha tenido muchos fans",...
Bigarren orrialdean babesleen logoak azaltzen dira eta bi hizkuntzetan aurkeztuta daude eta iragarki etxeek ez dute lelorik erabili. Hirugarren orrialdean, Aste Nagusiaren agurra Odon Elorza alkateak sinatu du eta bi hizkuntzetan ageri da.
Jarraian egitaraua egunez egun azaltzen da, zutabetan, irizpide egokiz, ezkerraldean euskaraz eta eskuinaldean gazteleraz .
Aste Nagusiko jarduera guztiak liburuxkaren erdian dagoen taula batean laburbiltzen dira. Jarduerak, batzuk euskaraz, beste batzuk gazteleraz eta beste batzuk bi hizkuntzetan azaltzen dira. Egitaraua sakelan eramateko prestatuta dago eta azaletan kartel nagusia eta su artifizialean kartela ageri dira (bi hizkuntzetan).
Azkenik, festa guneak kokatzen dituen mapa bat ageri da eta bi hizkuntzetan dago euskaraz eta gazteleraz.
Aurten egitaraua braille sisteman argitaratu da euskaraz eta gazteleraz ONCE elkartearen eskutik.
Esku egitaraua elebitasun txukunean dago.
3.1.1.1.3. Su artifizialen egitaraua
Bertan ageri den informazio guztia bi hizkuntzetan ageri da. Azaletan aurtengo su artifizialen lehiaketako kartela ageri da, eta bi hizkuntzetan dago. Aurreko urteetan izandako euskarazko akats ortografikoak zuzendu egin dira aurten. Mapan, kaleen izenak euskaraz daude, baina su artifizialetarako markatutako guneak gazteleraz adierazita daude aurreko urteetan bezala.
3.1.1.2. Kartelak
3.1.1.2.1. Orokorra
Aste Nagusiko kartelak bi eredu ditu aurten, bata euskarazko leloarekin eta bestea gaztelerazkoarekin. Gainontzeko informazioa bi hizkuntzetan dago idatzita, lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz. Braille sisteman argitaratu da ere kartela euskaraz eta gazteleraz ONCE elkartearen eskutik.
3.1.1.2.2. Su artifizialak
Bertan ageri den informazioa bi hizkuntzetan dago, hau da, euskaraz eta gazteleraz. Lehenik gazteleraz eta ondoren, euskaraz lehiaketaren izena eta data lehenik euskaraz eta ondoren gazteleraz.
3.1.1.2.3. Faroletakoak
Orokorra
Aste Nagusiko kartel orokorra baina leloa bi hizkuntzetan zuenez, guztiz bieletan zegoen. Honekin batera beste kartel bat ageri zen babesleen ikurrekin bieletan zegoen kartela baina ikurren azpian Eskerrik asko jartzen zuen guztietan.
Babesleenak
Heineken: Gaztelerazko bi leloekin gaztelera hutsezko kartelak ikusi ditugu Donostiako faroletan.
Euskaltel: lelo batzuk euskara hutsez eta beste batzuk gaztelera hutsez ikusi ditugu.
3.1.1.2.4. Bestelakoak
Boulevarden erdian egitarau erraldoi bat zegoen iradokizun gutunontziarekin batera eta bieletan idatzita zegoen.
Heinekenek kaleko hainbat euskarritan kontzertuen guneen norabideak adierazteko kartelak ere jarri zituen gaztelera hutsean.
3.1.1.3. Ekintzetan banatutakoa
- Esku orriak
Boulevardeko kioskoan izango den musika banda bakoitzeko esku orri bana dago, alde batetik aurtengo kartela bi eletan dago eta bestetik ekitaldiei buruzko informazioa. Oro har, bi eletan daude, guztietan lekua euskaraz jarrita dago (Boulevardeko kioskoa) baina hainbatetan egitarauan gazteleraz soilik dauden oharrak irakur daitezke.
Konstituzio plazan izango den folklore emanaldi bakoitzeko bi orriko bat atera da. Azalean bi eletan dagoen kartela ikusteaz gain lekua, eguna eta ordua ere ikus daiteke, hau ere, bi eletan. Kontrazalean, talde bakoitzaren ikurra dago. Azal barruan, taldeari buruzko informazioa irakur daiteke. Batean informazioa euskaraz bakarrik dago, gainontzekoetan bi eletan. Kontrazal barruan, berriz, talde bakoitzak eskainiko duen egitaraua dator, guztiak euskaraz.
Erraldoi eta buruhandietarako ere atera da bi orrikoa. Oro har, bi eletan dago.
Arrantza eta Bolei txapelketen oinarriekin esku orri bana atera da. Orriaren alde batean euskaraz eta bestean gazteleraz azaltzen da informazio guztia.
3.1.1.4. Oharrak
- Eskenatokietako oharrak (egitaraua)
Saila Lekua ¨Jarduera Hizkuntza Eszenatokia Oharrak
Musika Paseo Berria Berbenak Bi hizkuntzetan Lekua: Euskaraz
Musika Bulebarreko kioskoa Nagusiki bandak Bi hizkuntzetan HG Lekua: Boulevard
Musika Errege Katolikoak Gau latinoak Bi hizkuntzetan Escenario Reyes catolicos Lekua: Gazteleraz
Musika Sagues Kontzertuak Bi hizkuntzetan Escenario Sagües Lekua: Gazteleraz
Musika Trinitate plaza Kontzertuak Bi hizkuntzetan Escenario Plaza Trinidad Lekua: Euskaraz (Trinidadea)
Folklorea Konstituzio plaza Txistulari, dantza talde eta jotak Bi hizkuntzetan Lekua: Euskaraz
Hainbat Alderdi Eder Su artifizialak Bi hizkuntzetan
Musika Haizearen orrazia Kontzertuak Bi hizkuntzetan Lekua: Gazteleraz
Denetarik Zuloaga plaza Orkestrak, pailazoak, erraldoiak, ... Bi hizkuntzetan
- Bide mozketarako oharrak Antolatzaile, babesle eta laguntzaile zeintzuk diren azaltzeko izaten den panela bi hizkuntzetan dago.
- Oholtzara ez igotzeko Konstituzio plazan bi hizkuntzetan
- Su artifizialetako lehiaketan parte hartzeko Euskaltelek jarritako autobusean argibideak bi hizkuntzetan zeuden. Bestalde, botoa emateko aukera euskaraz bazegoen eta argibideak emateko langile euskaldun bat zegoen.
- Bestelakoak (salneurriak, sarrerak, ...):
Haurren ferialean, txartelak eta fitxen salneurriak bi hizkuntzetan zeuden. Hala ere, “herri eguna” iragarriz, topatu dugu gaztelera hutsezko iragarkia. Bestalde, feria batean txartelen prezioa gaztelera hutsean zegoen. Paseo Berriko ferialetan salneurrien zerrenda bi hizkuntzetan zegoen, baina gainontzeko guztia gazteleraz.
- Kursaaleko terrazetan zeuden tabernetan salneurriak bi hizkuntzetan zeuden eta bertako langile gehienek euskaraz bazekiten. Bestalde, Errege Katolikoetako tabernan gaztelera hutsean zeuden.
- Edalontziak: Aurten ingurugiroa zaintzeko atera diren edalontziak bi hizkuntzetan zeuden, eta euskarari lehentasuna ere eman zaiola esan daiteke, izan ere lelo nagusia "Donostiako Jaiak" izan dute edalontziek.
3.1.1.5. Webgunea
www.sansebastianturismo.com/
Kultur eta Turismo Ekintzetxearen ataria da. Behin gune honetan sartuta, hizkuntza hautaketa egiteko aukera ematen du, euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesaren artean. Euskaraz hautatuz gero eta Aste Nagusia klikatuz gero, sei azpi atal ditu guneak: Sarrera, Artillero, Aste Nagusiko argazkiak, Aste Nagusia 2005 (egitaraua), Su artifizialen lehiaketa 2005 eta Zezenak Aste Nagusian. Guztiak euskara hutsean irakur daitezke, zezenena izan ezik, -atal honetan sartuz gero dena gaztelera hutsean dago-.
3.1.1.6. Prentsa oharrak, publizitatea, ...
Abuztuaren 1ean egindako kartelaren aurkezpenerako prentsaurrekoaren deialdia gaztelera hutsez iritsi zitzaigun, eta bertan banatu zen txostena ere gaztelera hutsez zegoen.
Uztailaren 29an, su artifizialen kartelaren aurkezpenerako prentsaurrekoaren deialdia gaztelera hutsez iritsi zitzaigun, eta bertan banatutako txostenak bi hizkuntzetan zeuden.
Abuztuaren 4an, Aste Nagusiaren aurkezpena iragartzen zuen prentsa oharra ere gaztelera hutsez iritsi zen. Bestalde, Odon Elorzaren eta Enrique Ramosen izenean aurkezpen horretarako gonbidapena bi hizkuntzetan idatzita dago, euskarari lehentasuna emanez.
El Diario Vasco egunkarian hainbat iragarki topatu ditugu, batzuk bi hizkuntzetan eta beste batzuk gaztelera hutsez. Bi hizkuntzetan: Kutxak egunero egitarauko hainbat ekimen azpimarratzen zituen. Bestalde, Haur Bizikleta festaren iragarkia bi hizkuntzetan egon arren, gaztelera gailentzen zen.
Gaztelera hutsez: Heinekenek eguneko kontzertuei buruzko iragarkia Su artifizialen Heineken eta DVren lehiaketetan parte hartzeko argibide guztiak gaztelera hutsez ageri ziren. Azkenik, su artifizialen epaile lanak eginez DV saria eta Euskaltel sarian parte hartzeko iragarkia gaztelera hutsez zegoen (lehiaketaren izena izan ezik –bi hizkuntzetan zegoen–).
Bestalde, EA alderdiak Aste Nagusiaren balorazio eginez prentsa oharra gaztelera hutsean bidali du.
3.1.1.7. CDak
3.1.1.7.1. Aste Nagusia orokorra
Prentsa dossierrean azaltzen den informazio berbera azaltzen da, hizkuntzaren erabilera berberarekin.
3.1.2. Ahozko erabileraren neurketa
3.1.2.1. Prentsaurrekoak
Abuztuaren 1ean, Aste Nagusiko kartela eta kontzertuen aurkezpena egin zen udaletxean. Enrique Ramosek eta Odon Elortza alkateak parte hartu zuten eta gaztelera hutsean eman zuten informazioa.
Uztailaren 29an, Su artifizialen aurkezpena izan zen udaletxean. Enrique Ramosek eta Manu Narvaezek parte hartu zuten eta gaztelera hutsean izan zen. Banatutako idatzizko materiala bi hizkuntzetan banatu zen.
Abuztuaren 4an, Zurriola hondartzako "Café de la Playa" kafetegian izan zen Aste Nagusiko programaren aurkezpena. Enrique Ramos eta Denis Itxaso zinegotziek eta Manu Narvaezek parte hartu zuten. Megafoniaz gaztelerazko ohar batez aurkeztu zituzten. Enrique Ramosek hartu zuen hitza lehenik eta gaztelera hutsean aritu zen. Ondoren, Denis Itxasok hartu zuen hitza eta, hasieran esaldi pare bat euskaraz egin bazituen ere, gainontzeko azalpen guztiak gaztelera hutsez egin zituen. Azkenik, Manu Narvaezek hitz egin zuen eta hau ere gaztelera hutsean aritu zen. Bestalde, hizkuntza paisaia eta banatutako materiala bi hizkuntzetan zegoen (edalontziak, ploterrak, hizlarien kamisetak...)
Abuztuaren 22an, balorazio prentsaurrekoa eskaini zuten Odon Elorzak, Manu Narvaezek eta Enrique Ramosek. Alkateak hitz batzuk egin zituen euskaraz, beste biek gaztelera hutsean eskaini zuten prentsaurrekoa eta informazio gehiena gaztelera hutsez eman zen. Idatzizko prentsa oharra gaztelera hutsean zegoen.
Prentsaurrekoetarako deialdiak gaztelera hutsez jaso dira.
Aste Nagusiari buruzko lau prentsaurreko horietan euskararen presentzia oso urria izan da, ia ez da euskara erabili. Aurreko urteetan baino gutxiago erabili dela esan genezake. Euskararen erabilera ez da % 2ra iritsi. Soilik prentsaurrekoetan banatutako idatzizko euskarrietan esan daiteke elebitasuna gorde dela.
3.1.2.2. Bulegoko harrera
KTEko bulegora telefonoz deituz gero, entzuten den lehendabiziko hitza euskara da, erantzungailu baten bidez hizkuntza aukeratzeko eskatzen dizu, euskara edo gaztelera. Era berean, bulegora gerturatuz gero, harrera hainbat hizkuntzetan egiten dute, euskarari behar den lekua eskainiz.
3.2. KTEren ESKUDUNTZATIK AT
3.1.1. Idatzizko materialaren azterketa
→ Nuevo Desarrollo de Anoetak zezenen egitaraua gaztelera hutsean dago.
Aste Nagusiko zezenketen egitaraua, sarrera txartelak, toreroei buruzko curriculumak... oro har Ilunbeko zezen plazan banatzen den idatzizko material guztia gaztelera hutsez idatzita azaltzen da eta euskararen arrastorik ez da inon ageri.
→ Heineken etxeak babestu dituen kontzertuen egitaraua argitaratu du gaztelera hutsean. Mapa bat ere azaltzen da kontzertuen guneekin eta agertokietan ez bezala mapa honetan bi hizkuntzetan azaltzen dira guneen izenak. Erabili dituen leloak gaztelera hutsezkoak dira.
→ Helduen ferietako tonbola eta abarretan banatutako boletoak… gaztelera hutsean zeuden.
→ Euskaltelek Su artifizialen lehiaketan parte hartzeko argitaratutako inprimakiak bi hizkuntzetan zeuden.
→ Fortunak eskriman izena emateko esku orri bat banatu zuen bi hizkuntzetan.
→ Gabiltza Gipuzkoako Artisauen Biltzarrak bere dendari buruzko esku orria bi hizkuntzetan banatu zuen.
ONDORIOAK
Aurten Bagerak Aste Nagusiko ekitaldien % 88 behatu du, %95 KTEren ardurapekoak eta % 65 KTEtik kanpoko ardurapekoak.
KTEren ardurakoak diren ekitaldien eta beste entitate pribatuen esku gelditzen diren ekitaldien arteko bereizketa egin dugu.
KTEren ekitaldiak
Alde batera utzita hizkuntzarik ez duten aurkezpen eta ekitaldiak, KTEren ardurakoak diren ekitaldietan, aurkezpenen %78 bi hizkuntzetan izan dira (iaz hizkuntzarik gabekoak alde batera utzita % 70 izan ziren bi hizkuntzetan), euskara hutsez % 13 (iaz % 16) eta gazteleraz % 9 (iaz %14). Iazko Aste Nagusiarekin alderatuta aurkezpen elebidunek gora egin dute, eta euskara eta gaztelera hutsezkoek behera egin dute.
Alde batera utzita hizkuntzarik ez duten aurkezpen eta ekitaldiak, KTEren ardurakoak diren ekitaldietan, aurkezpenak honela izan dira:
- bi hizkuntzetan % 78 (iaz % 70 )
- euskara hutsez % 13 (iaz % 16)
- gazteleraz % 9 (iaz % 14).
Iazko Aste Nagusiarekin alderatuta aurkezpen elebidunek gora egin dute, eta euskara eta gaztelera hutsezkoek behera egin dute.
Ekintzen hizkuntza garapenari erreparatuz gero, gazteleraz %48 izan dira (iaz % 43 izan ziren), ondoren euskara hutsez garatutakoak % 26 izan dira, (iaz %32) eta bi hizkuntzetan, %13 iaz bezalaxe. Gainontzeko ekitaldietan atzerriko hizkuntzaren bat erabili da (%13 aurten eta iaz % 12).
Ekintzen hizkuntza garapenari erreparatuz gero:
- gazteleraz % 48 (iaz % 43),
- euskara hutsez % 26 (iaz %32)
- bi hizkuntzetan % 13 (iaz bezalaxe)
- atzerriko hizkuntzaren bat % 13 (iaz % 12)
Iazko datuekin alderatuta, aurkezpen elebidunek egin dute gora eta gaztelerazkoek eta euskarazkoek behera. Ekintzen garapenari begiratuz gero, gaztelerazkoek gora egin dute eta euskaraz eta gazteleraz eta euskara hutsean egiten direnek berriz, behera egin dute.
Iazko datuekin alderatuta:
- aurkezpen elebidunek gora egin dute, eta gaztelerazkoek eta euskarazkoek behera.
- ekintzen garapenari begiratuz gero, gaztelerazkoek gora egin dute eta euskaraz eta gazteleraz eta euskara hutsean egiten direnek berriz, behera egin dute.
Idatzizkoa
Idatzizko materialari dagokionez, oro har, elebitasunerako joera dagoela esan daiteke. Hala ere, badira datorren urteari begira kontuan hartu eta zuzentzeko gauzak. Prentsarako argitaratzen den dosierrean adibidez, badira gaztelera hutsez azaltzen diren atalak.
Aurtengo Aste Nagusiko kartelaren bi eredu izan dira, bata euskarazko leloarekin eta bestea gaztelerazko leloarekin. Gaztelerazko kartela proportzioan gehiago ikusi da kalean euskarazkoa baino. Su artifizialen kartela, berriz, bi hizkuntzetan zegoen, lehenik gazteleraz eta ondoren euskaraz.
Aste Nagusian zehar banatutako eskuorri guztiak bi hizkuntzetan eta euskarari lehentasuna emanez irakur zitezkeen. Ikusitako oharrak bi hizkuntzetan zeuden (kale mozketak, bizikletentzako aparkalekua...)
Eskenatokietako egitarauak bi hizkuntzetan zeuden, eta batzuetan leku izena euskaraz eta beste batzuetan gazteleraz azaltzen zen. Nabarmentzekoa da aurten Heineken etxeak jarri dituen lau eskenatokietan euskararen arrastorik ez izatea (KTEk jarritakoak albo batera utzita). Agertokien izenak erabat erdaldunak ziren: Escenario Plaza Trinidad, Escenario Reyes Catolicos…Izenez gain, leloak ere gaztelera hutsezkoak izan dira. Aurreko urteetako elebitasunarekin hautsi egin da aurten.
Aurten Euskaltel izan da Su artifizialen babesle eta iaz ez bezala (iaz Heineken izan zen), euskaraz botoa emateko aukera bermatu da, horretaz gain, eskuorri eta inprimakiak bi hizkuntzetan zeuden. Ez da gauza bera gertatzen zezenketen esku orriekin eta Heinekenek kontzertuei buruz argitaratu zuen egitarauarekin, biak gaztelera hutsez baitzeuden.
Webgunea eta egitaraua eta kartelekin banatutako bi CDetan prentsa dossierreko informazio berbera azaltzen da bi hizkuntzetan lehen azaldutako akatsekin. Webgunean bestalde, zezenketen atala gaztelera hutsean dago.
Aipatzekoa da aurten egitaraua eta kartela braille sisteman argitaratu dela, euskaraz eta gazteleraz ONCE elkartearen eskutik, aurrerapauso positiboa da hau euskararentzat.
Bost prentsa ohar jaso dira eta denak gaztelera hutsez iritsi dira, lau prentsaurrekoetarako deialdiak izan dira eta laugarrena EA alderdiaren Aste Nagusiaren balorazio oharra. Aste Nagusiko aurkezpen ekitaldirako gonbitea, berriz, bi hizkuntzetan zegoen euskarari lehentasuna emanez.
Diario Vasco egunkarian, Aste Nagusiaren inguruko hainbat iragarki ikusi ditugu Kutxak babestuta: egitarau laburtua zen eta bi hizkuntzetan zegoen. Bestalde, Bizikleta festarena euskaraz eta gazteleraz egon arren, gaztelera gailentzen da iragarkian.
Gaztelera hutsez, berriz, Heinekenek eguneko kontzertuei buruzko iragarkia argitaratu du Diario Vascon. Su artifizialen lehiaketetan parte hartzeko Euskaltelen eta Dvren argibide guztiak gaztelera hutsez ageri ziren. Azkenik, su artifizialen epaile lanak eginez DV sarian eta Euskaltel sarian parte hartzeko iragarkia gaztelera hutsez zegoen (lehiaketaren izena izan ezik; hori bi hizkuntzetan zegoen).
Ahozkoa
Ahozko hizkuntzari dagokionez, ondoren atalez atal zer nolako emaitza izan den aztertu dugu.
Su artifizialen aurkezpena euskaraz eta gazteleraz egin da. Urtero bezala, bi hizkuntzetan eta txukun.
Kirolen atalean, berriz, euskara txukuntasunez erabili da aurkezpenetan. Hala ere, kirolen sari banaketetan dago hutsune handiena. Arrantza lehiaketan adibidez, sari banaketa gaztelera hutsean egin baitzen. Street Basket lehiaketan ere bi hizkuntzak erabili baziren ere, gorabeherak izan dira kirol honetan, lehen egunean euskara erabili zen batez ere, bigarren egunean goizez bi hizkuntzetan aritu zen esataria eta arratsaldez, berriz, bi hizkuntzak erabili baziren ere gaztelera gehiago erabili zen eta sari banaketa gaztelera hutsean izan zen. Boleibol txapelketan berriz, hizkuntzarik gabeko ekitaldi gisa baloratu arren, epaile lanak gazteleraz izan dira eta sari banaketa ere gaztelera hutsean izan zen. Pilota txapelketan arduradunak saiakera handia egiten du euskara erabiltzeko, hala ere, sari banaketa ere gaztelera hutsean izan zen.
Folklore emanaldiei dagokionez, euskara izan da gehien erabili den hizkuntza aurkezpenetan. Aurkezpenak taldearen baitan izan dira, eta gehientsuenek euskara hutsez egin dute.
Musika atalean honako hauek sartu ditugu: Zuloaga eta Paseo Berriko dantzaldiak, Sagues eta Trinitateko kontzertuak, Bulebarreko musika bandak eta Haizearen Orraziko, Errege Katolikoetako eta Kursaaleko guneko emanaldiak .
Sagueseko, Trinitate enparantzako, Haizearen Orraziko, Errege Katolikoetako eta Bulebarreko emanaldietan aurkezpen guztiak elebidunak izan dira. Zuloagako, Paseo Berriko eta Kusaaleko emanaldietan ez da aurkezpen grabatua izan eta gehienetan musika jotzen hasi dira. Paseo Berriko emanaldiak batez ere euskaraz izan diren bezala, Zuloagakoak batez ere gazteleraz, eta Zurriolako terrazetakoetan ere gaztelera gailendu da. Bestalde, aurreko urtean bezala Pop Rock lehiaketaren sari banaketa eta aurkezpen gehienak gaztelera hutsez izan ziren, salbuespena talde batek bere burua euskara hutsean aurkeztu izana.
Berbenak alde batera utzita, kontzertuen atalean, gaztelerazko taldeak izan dira nagusi eta euskal taldeek oso tarte gutxi izan dute. Eta, gainera, bi euskal taldek egun berean eta ordu berean jo dute, bi toki diferentetan. BAGERAren ustez, euskal talde gehiago ekar litezke Donostiako Aste Nagusira eta, gutxienez, egunero talde euskaldun bat bermatu.
Haurren atalean, aurkezpenari baino haur jaialdiaren hizkuntza garapenari erreparatzen dio BAGERAk. Esan genezake jaialdien % 50 ozta-ozta izan direla euskara hutsez . Gari, Montxo eta Joselontxo eta Gorringoren jaialdiak euskara hutsean izan dira.
Bestalde, Zurriolako Heineken karpan tailerrak, haur disko festa eta karaokea (gutxitan) izan dira. Guztira sei jaialdi izan dira eta lehenengo hiruretan, begiraleak elebidunak izan arren, tailerren zehaztasunak megafoniaz gaztelera hutsean aritu ziren (haurrek euskaraz eginez gero, beraiekin zuzenean euskaraz aritzen ziren), bitartean megafoniatik entzuten zen musika, espainiar modako kantak ziren, gehienak gaztelera hutsean, salbuespena euskarazko pare bat kanta izaten ziren. Tailerrak, marraztu, makilatu... horretaz gain, ere haurrei hainbat koreografia erakutsi zaizkie (Asereje, Paquito Chocolatero...) Beste hiru jaialdietan, berriz, taileerretan euskararen erabilera txukunagoa izan zen. Bestalde, gutxitan izan da karaokea eta haurrek aukeratutako kantak lehen aipatutakoen antzerakoak ziren ("Antes muerta que sencilla", "A toda mecha"...Ez dakigu euskarazko kantarik aukeratzerik bazegoen. Azkenik, egunero haur diskofesta izan da eta oro har lehen aipatutako modako kanta horiek jartzen ziren. Azken hiru jaialdi hauek bi hizkuntzetan izan direla ondorioztatu badu ere BAGERAk, gaztelera gailendu da, begiraleek euskaraz egin arren, jarritako kanten % 95 gazteleraz izan baitziren eta DJaren animazioa oro har gazteleraz izan baitzen. Hala ere, laugarren jaialditik aurrera izandako hizkuntza aldaketa positiboki baloratu du BAGERAk.
Bizikleta festan, iazkoaren antzera, euskara eta gaztelera erabili arren, irteera emateko garaian beti gazteleraz egiten zuen esatariak.
Eskriman gaztelerazko azalpen bat egin ondoren arduradunak, beste bi begiraleek haurraren hizkuntzaren arabera euskaraz edo gazteleraz egiten zuten.
Hainbat ataletan, aurrekoetan sartzen ez diren beste hainbat ekitaldi sartu ditugu eta behatutakoen artean KTEren ardurakoak direnak hizkuntzarik gabeko ekitaldiak izan dira, Kañoikada izan ezik, hala ere, aurten "Donostia Latin banda" aritu da eta kantuak gaztelera hutsezkoak izan dira.
KTEtik at
KTEren arduratik at gelditzen diren ekitaldiak, Kirol arlokoak eta hainbat ekitaldien multzokoak dira. Gutxi badira ere, ekitaldien erdia baino gehiago bi hizkuntzetan aurkeztu dira. Bestalde, Teledonostik antolatu zuen jaia gaztelera hutsez izan zen. Azkenik, Donostia-Donostia klasikan elebitasuna txukun mantendu zen ahozkoari eta hainbat karteli dagokionez (ez beti), baina antolatzaileek eta karabanako auto ofizialek zeramatzaten agiri-txartelak gaztelania hutsez zeuden, eta txirrindularien zerrenda ezagutzeko banatu zen orrian ere azalpen nagusia gaztelania hutsez zegoen (Lista oficial de dorsales). Zaldi lasterketetan bi hizkuntzak erabili ziren, hala ere, lasterketaren erretrasmisioa egiten denean soilik gaztelera erabili da.
Bestalde, zezenetan ahozko hizkuntzarik ez badago ere, Ilunben idatziz banatzen den material guztia gaztelera hutsean dago, ez da hitz bakar bat ere euskaraz azaltzen.
Iazko emaitzekin alderatuta KTEren ardurapetik kanpoko aurkezpen elebidunek egin dute gora eta gaztelerazkoek behera. Euskara hutsezko aurkezpenik, berriz, aurten ez da izan. Ekintzen hizkuntza garapenean, berriz, gaztelerazkoek egin dute gora nabarmen eta bi hizkuntzetan eta euskara hutsean garatzen direnek behera egin dute.
Langileen hizkuntza
Zurriolako terrazetan izandako zinpeko guardiek ez zekiten euskaraz, Aste Nagusiko gune guztietako tabernariek aldiz, euskararen erabilera bermatu dute. Su artifizialen botoa emateko garaian ere Euskalteleko langileek ere bermatu dute euskararen erabilera. Bestalde, bizikletak uzteko aparkalekuan hiruzpalau egunetan izandako langileek ez zuten euskaraz egiten.
Orohar
Oro har, hizkuntzarik izan ez duten aurkezpenak alde batera utzita, KTE eta KTEren arduratik kanpo dauden ekitaldien aurkezpen gehienak bi hizkuntzetan izan dira %77 (iaz %68), ondoren euskaraz izan dira aurkezpenak % 12 (% iaz 15), eta gero gazteleraz %11 (iaz %16).
Bestalde, ekintzen hizkuntza garapenari erreparatuz gero, hizkuntzarik gabekoak alde batzera utzita, gaztelerazkoak izan dira nagusi %54 (iaz %41), gero euskarazko emanaldiak %22 (iaz % 30) eta azkenik bi hizkuntzetan garatu direnak %13 (%16).
Iazko datuekin alderatuta, aurkezpen elebidunek gora egin dute, euskara eta gaztelera hutsezkoek behera egin dute
Ekintzen hizkuntza garapena iazkoarekin alderatuz, gaztelerazkoek gora egin dute. Bestalde, euskara hutsez eta bi hizkuntzetan garatu direnek behera egin dute. Beste hizkuntzak edo hizkuntza anitzak erabili dituzten ekitaldiek ere behera egin dute. Iazko datuekin alderatu ondoren, gero eta gaztelera hutsezko ekintza gehiago dago behatutako datuen arabera.
Aipatzeko da hainbat ekitaldien sari banaketak gaztelera hutsean egiten direla. Arrantza lehiaketa, Boleboila, Street Basket, pilota txapelketa….
Azkenik, udalak eskainitako prentsaurrekoetan euskararen erabilera ezerezean gelditu da, azken urteetan baino gutxiago erabili dela esan genezake. Aurreko urteetan sarrera gisa erabili izan da euskara, aurten hori soilik prentsaurreko batean gertatu da. Euskararen erabilera prentsaurrekoetan ez da % 2ra iritsi.
Aurkezpenei dagokienez, aurrerapausoak ematen diren bezala, ekintzen garapenean ezin dugu gauza bera esan, izan ere, behatutakoaren arabera euskarak gero eta toki gutxiago du Donostiako Aste Nagusian. Euskararen erabilera nahi bezalakoa izateko urrats handiak eman behar dira oraindik, izan diren hutsuneak konpondu eta euskararen erabilera areagotu behar da Aste Nagusiko ekitaldien hizkuntza garapenean. BAGERA Donostiako Euskaltzaleen Elkartetik gure laguntza eskaintzen jarraituko dugu.
Datorren Aste Nagusia euskararen erabilera handiagoa izango delakoan, agur bero bat,
BAGERA DONOSTIAKO EUSKALTZALEEN ELKARTEA
Telefonoa: 943467181
Faxa: 943446532
Posta elektronikoa: bagera@bagera.net/
O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
|
|