Ekainaren 23an, San Joan suaren inguruan, lore sortak banatuko ditugu Egian, Antiguan eta Saguesen. San Joan bezpera urteko egunik luzeena da, eta euskal mitologiaren arabera, gau berezia da. Hainbat ohitura daude egun horren inguruan, eta BAGERAk San Joan lore sortena berreskuratu eta sustraitu nahi izan du azken urteetan.
Lore sorta etxe barruan ipini behar da hurrengo urtera arte eta, urtebete igaro ondoren, San Joan gaueko sutara bota behar da; beraz, egun horretan ez ahaztu iazkoa eramateaz! Hori eginez gero, etxekoek osasun ona izango dute, eta suak edota urak eragindako kalterik ez dute izango.
Norberak ere osa dezake bere lore sorta. Horretarako honakoak behar dira: lizarra, arto landarea, garia, arrosa, garoa eta San Joan lorea.