ELEBITASUNA ASKO ZAINTZEN BADA ERE, HUTSUNEAK ERREPIKATU EGITEN DIRA.
BAGERAk, Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostiako Musika Hamabostaldiko euskararen erabileraren inguruko lehen behaketa egin zuenetik 7 urte igaro dira. Urte guzti hauetan, hamabostaldiaz gain Donostian burutzen diren beste hainbat jaialdi edo ekintzatako hizkuntza erabilera nolakoa den ere neurtzen dugu. Izan ere, Donostian, egunetik egunera, euskarak dagokion lekua, presentzia eta indarra lor dezan ari gara lanean, eta, horretarako, ezinbestekoa ikusten dugu hiritarroi eskaintzen zaizkigun ekintzetan euskarak zor zaion lekua izatea.
Ospatu berri den Musika Hamabostaldian eginiko azterketaren emaitzak ikusirik, BAGERAk honela baloratzen du euskarak izandako lekua:
Idatzizkoari dagokionez, hizkuntzen erabilera nahiko orekatua izan dela esan daiteke, prentsa oharrak eta banatutako egitarauak bi hizkuntzetan baitaude. Hala ere, hobetzeko gauzak badirela uste dugu: Egitarauetan informazio guztia ez da bata bestearen itzulpena baizik eta hizkuntza bakoitzean informazio propioa irakur daiteke. Hori positibo baloratzen dugu, baina batzuetan gazteleraz ematen den informazioa euskaraz ematen dena baino mamitsuagoa dela iruditzen zaigu eta hori ekiditeko ohar horietan hizkuntza tartekatu beharko litzatekeela iruditzen zaigu. Bestetik, Musika Hamabostaldiaren euskarrietan ipintzen diren iragarki gehienak gazteleraz direla ikusirik, antolakuntzaren aldetik arlo honetan hobetzeko ardura hartu beharko lukeela uste dugu.
Ahozko erabilerari dagokionez, orokorrean aurkezpenetan, elebitasuna mantendu da. Halere, antolatzen diren bestelako ekitaldietan (hitzaldi edota bideo proiekzioetan) euskararen presentziarik ez dagoela azpimarratu behar dugu. Bestetik, musika emanaldietan, aurkezpenik badago bi hizkuntzetan egin arren, ondoren interpreteak azalpenen bat ematen badu, normalean gazteleraz izaten dira. Azkenik, prentsaurrekoetan, euskararen presentzia oro har oso urria dela esan beharrean gaude. Antolatzaileak prentsaurrekoaren aurkezpena bi hizkuntzetan egiten duen arren, prentsaurrekoaren edukia gazteleraz zabaltzen da.
Laburbilduz, azken urteetan errepikatzen diren hutsuneak errepikatu dira eta, nahiz eta hein batean elebitasuna ematen den, euskararen erabileran salto kualitatibo bat emateko aukera badagoela uste dugu. Beraz, Musika Hamabostaldiko antolatzaileak, gonbidatzen ditugu, urtean zehar landu beharrekoak landu ditzaten, musika emanaldiez gain antolatzen diren bestelako jardueretan euskararen presentzia bermatu dezaten, prentsaurrekoen hutsunea nola hobetu aztertu eta iragarleekin egin beharreko aurrelana egin dezaten.
Azkenik, BAGERAk Musika Hamabostaldiko antolakuntzari eskerrak eman nahi dizkio gure lana egiteko ematen diguten laguntzarengatik, eta aurrerantzean euskararen aldeko lanean laguntzeko prest izango gaituztela gogorarazi nahi diegu.