Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, MINTZALAGUNA izeneko egitasmoa sortu zuen duela 15 urte: euskara ikasten ari denari edo erabilpenerako aukera gutxi duenari euskaraz mintzatzeko lagun bat eskaintzen zaio, izan ere, euskara ikasten ari direnak asko dira eta hauen erabilera, berriz, nahiko urria da Donostian. Bestalde, euskaldun berriari euskaraz hitz egiteko duen beldurra galaraztea eta hizkuntza ohiturak aldatzea dira helburu nagusiak. Ekimen honek bi alde behar ditu, euskalduna batetik eta euskaldun-gaia (hau da, euskaldun izateko bidean daudenak), bestetik.
Mintzalagunean parte hartu nahi izanez gero, 2008-2009 ikasturtean izena emateko epea urrian zehar izango da. Euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleek eta hauei laguntzeko prest dauden mintza laguntzaileek urriaren 25era arte dute aukera Mintzalaguna ekimenean izena emateko.
Euskara ikasleek parte hartu ahal izateko gutxienez euskaltegietako 5/6. urratsa izan behar dute. Mintza laguntzaile izateko, berriz, nahikoa da euskara erraztasunez hitz egitea. Hiru lagunez osatutako talde txikiak osatzen dira, eta astero ordubeteko mintzapraktika saioa egiten da. Taldeak erabakitzen du non bildu eta zer egin mintzapraktika egiten den bitartean (paseatu, kirola egin, kafe bat hartu…) eta taldea elkartzeko orduan norberaren ordutegia kontuan hartzen da. Adin eta lanbide askotako mintzalagunak izaten dira.
Izena emateko eta informazio gehiago nahi izanez gero, 943467181 telefono zenbakira deitu edo Katalina Eleizegi 36 behean dugun bulegoan eskura daiteke.