BageraNet BageraNet


(Albisteetan)
GAIAK
 Bagera
 Bageranet
 Bestelakoak
 Euskara
 Gaztezulo
 Irutxulo
 Kultura

ALBISTEAK
 Albisteak
 Bilaketa aurreratua
 Zeuk idatzi
 Editatu
 Moderatu
 RDF (XML)
Jaso ezazu
Bageranet Albistegia
posta elektronikoz


Irutxuloko Hitza
  BAGERA    ZIBERTEKA    IRUTXULO    GAZTEZULO    ALBISTEAK    LOTURAK    NON ZER 
 [ Bageranet  >  Albisteak  >  ASTE NAGUSIAREN BALORAZIOA EUSKARAREN ERABILERARI DAGOKIONEZ ]
Euskara ASTE NAGUSIAREN BALORAZIOA EUSKARAREN ERABILERARI DAGOKIONEZ
Bagera Donostiako Euskara Elkartea 2008-08-25 / 09:23

Dagoeneko 14 urte igaro dira BAGERAk, Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostiako Aste Nagusian euskararen erabileraren inguruko lehen behaketa egin zuenetik Donostian euskarak dagokion lekua, presentzia eta indarra lor dezan ari gara lanean, eta, horretarako, ezinbestekoa ikusten dugu euskarak zor zaion lekua izatea hiritarroi eskaintzen zaizkigun ekintzetan.

Dagoeneko 14 urte igaro dira BAGERAk, Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostiako Aste Nagusian euskararen erabileraren inguruko lehen behaketa egin zuenetik Donostian euskarak dagokion lekua, presentzia eta indarra lor dezan ari gara lanean, eta, horretarako, ezinbestekoa ikusten dugu euskarak zor zaion lekua izatea hiritarroi eskaintzen zaizkigun ekintzetan.

Ospatu berri den Aste Nagusian eginiko azterketaren emaitzak ikusirik, BAGERAk honela baloratzen du Aste Nagusian euskarak izandako lekua:

Idatzizkoari dagokionez, hein batean, hizkuntzen erabilera orekatua izan dela esan daiteke, nahiz eta hainbat hutsune topatu ditugun: Eskuko egitarauaren taulan gaztelera izan da nagusi, baita hainbat guneetan zeuden egitarauetan ere. Bestetik, prentsara helarazitako oharrak elebitan bidali diren arren, aurten berriro ere, Udalak Aste Nagusiari buruz egindako balorazioan banatutako idatziak gaztelera hutsez izan dira. Hainbat ekintzen karteletan eta iragarkietan gaztelera nagusi izan da. Eta azkenik, Udalaren www.donostia.org web orrian ere aipatzekoa da sarrerako hizkuntza lehenetsia gaztelera dela, eta bigarren mailan geratzen dela Aste Nagusiko informazioa euskaraz jaso ahal izateko aukera.

Jardueretan erabilitako hizkuntzaren neurketa egiten dugunean aztertzen duguna: aurkezpenik izan duen, ekintza bera zein hizkuntzetan garatu den eta, dagoenean, megafoniatik edota esatariak erabilitako hizkuntza. Hori guztia kontuan hartuta, oro har ekintzaren hizkuntza baloratu dugu. Horren arabera, Udalak egindako sailkapenari jarraiki, hauxe da gure balorazioa:

Haurrentzako jarduerak: Haurrentzako jarduera gehienak hizkuntzarik gabe garatutakoak izan dira (Buruhandi eta erraldoiak, zezensuzkoa,...). Ekintza elebidunen kopurua ere handia izan da, baina hauetako asko elebidunak izan arren, esan beharra dago, gaztelerarako joera handiagoa izan dela euskararako baino (Futbol torneoa, Hip Hop tailerra,...). Hala ere, aurtengoan aipatzekoa da nagusiki euskaraz egindako jarduerak gehiago izan direla gaztelera hutsez egindakoak baino.

Antzerkia eta zinea kalean: Sail honetan izandako ekintza gehienak gazteleraz izan dira. Iaz, euskarazko emanaldi bakarra izan zen eta aurten bi izan dira. Aipatu beharra dago, aurten, programatutako zinea kalean euskarazko filmik ez dela izan. Datorren urtean jarduera hau errepikatuz gero euskarazko eskaintza egitea espero dugu.

Musika: Musika atala da Aste Nagusiko egitarauaren atalik garrantzitsuena: Musika Bandak, Sagueseko kontzertuak, Paseo Berriko berbenak,.... Aurreko urteetakoarekin alderatuta ez dago aldaketa handirik. Instrumentalak soilik direnak leku garrantzitsua izanik ere (fanfarreak eta musika bandak), musika emanaldi gehienak gazteleraz izaten dira. Bereziki nabarmentzekoa da Saguesen euskaraz kontzertu bakarra egiten jarraitzen dela eta eskas iruditzen zaigula; berdin Haizeen Orrazian.

Kirola: Kirol ekintza gehienetan gaztelera da hizkuntza nagusia. Askotan, ekintza bera garatzeko hizkuntzarik behar ez den arren esatari edo epaile lanetan aritzen direnak gaztelera erabiltzen baitute gehienetan. Euskara herri kiroletan erabiltzen da batik bat, eta bi hizkuntzetan aritzen dira Fortuna K.E. eta Askatuak Saskibaloi taldeak antolatutakoetan.

Folklorea: Aurten atal honetako ekitaldi kopurua handitu egin da, besteak beste bertsolarien saioak izan direlako bost egunetan. Atal honetako ekintza ia gehienak euskaraz izan dira, Jotak, Mariachiak eta Bilbainadak izan ezik, beraz, positiboki baloratzen dugun pausua da.

Su artifizialak: Su artifizialak hizkuntzarik gabeko ekintzatzat hartu daitekeen arren, aurkezpena izaten dute eta hauek beti elebidunak izan dira.

Batzuk: Udalak atal honetan sailkatzen dituen ekintzetatik ia gehienak gazteleraz izan dira; Tai-Chi eta Sabel dantza ikastaroak, Punto Radio eta Ser irratiak antolatutakoak eta Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenian eskaintzen diren antzerki obrak osatzen dute multzo hau. Oro har euskara hutsez egindako jarduerarik ez dugu ikusi atal honetan. Bi hizkuntzetan egindakoen artean, Marmitako txapelketa, Salbea, Kanoikada eta Hondarrez egindako gaztelu eta figuren lehiaketa izan dira.

Oro har, poztekoa da euskaraz buruturiko ekintza gehiago izan direla aurten, batik bat, bost egunetan izandako bertso saioei esker. Baina hori esanik, nabarmentzekoa iruditzen zaigu aurreko urteetan adierazitako hutsuneek bere horretan jarraitzen dutela, funtsezko aurrera pausorik gabe, eta, bereziki, honako hauek azpimarratu nahi ditugu:

1) Haurrentzako antolatutakoetan euskararen erabilera mantentzen da, baina zuzendu beharrekoa iruditzen zaigu saio elebidunetan gaztelera nagusitzeko dagoen joera.

2) Musikaren atalean euskarazko taldeen kopurua handitu beharko litzateke, batez ere Sagues eta Haizearen Orraziko esparruan.

3) "Batzuk" atalean sailkatutako ekintzetan, onartezina iruditzen zaigu gaztelania halako neurrian nagusitzea.

4) Antzerki emanaldietan ezinbestekotzat jotzen dugu euskarazko eskaintza indartzea. Zinea Kalean ekintzan, berriz, nahitaezkoa izan beharko luke euskarazko filmek beren lekua izatea. Eta Kirol ekitaldietan premiazkotzat jotzen dugu, Fortuna Kirol Elkartearen eta Askatuak Saskibaloi taldearen antzera, gainerako antolatzaileek ere esatari elebidunak erabiltzea.

Euskararen erabilera normalizatzeko urrats handiak eman behar dira oraindik, izan diren hutsuneak konpondu eta euskararen erabilera areagotu eta sendotu behar da, batez ere, Aste Nagusiko ekitaldien hizkuntza garapenean. Horretarako, ekintza elebidun gehiago antolatzeaz gain, aukerak daudenean (batez ere haur eta gazteei zuzendutako ekitaldietan) euskarazko ekitaldiak antolatu beharra dago. BAGERA Donostiako Euskaltzaleen Elkartetik gure laguntza eskaintzen jarraituko dugu.

O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O O
  Hasierara   hasierara   

Bagera.net © Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009 | Telefonoa: 943467181 - Faxa: 943446532
e-posta: idazkaritza@bagera.net | Webgune honi buruz: Kontsultak - Kredituak
Orri honen kokapena: http://www.bagera.net/Bageranet/Albisteak/1219648990
Gipuzkoako Foru Aldundia Webgune hau Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako ekimena da.