BAGERA Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, uneoro euskararen erabilera eta egoera ezagutu nahian, Donostiako Aste Nagusiko hizkuntza tratamendua aztertu nahi du, aurreko urteetan bezala.
Euskararen hizkuntza normalkuntza prozesuan, ezinbestekoa da ekintza instituzionala eta Donostiako gizarte osoaren parte hartzea bultzatzea; abiapuntu honetatik, BAGERA Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostiako Aste Nagusian euskararen erabilera zein egoeratan aurkitzen den jakin nahi du, bai instituzioen aldetik, Kultur Udal Patronatuaren aldetik alegia.
Garrantzitsua iruditzen zaigu egunerokotasunean euskararen presentzia bermatzea. Aldi berean, jai giroan ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu euskararen erabilera suspertzea, euskal kulturarekin batera.
Euskararen erabileraren neurketa egiteko orduan, kontuan hartu behar dugu Donostiaren egoera turistikoa udan zehar. Abuztuan zehazki, Donostiatik kanpoko jende ugari etortzen da. Hau dela eta, egitarauaren aniztasuna beharrezkoa ikusten dugun bezala, argi ikusten dugu euskarari merezi duen tokia eman behar zaiola, hots, gutxienez gazteleraren pareko presentzia izan behar duela.
Azken finean, hizkuntza funtzionamenduaren aldaketak mailakatua eta naturala izan behar du, eta sektore guztietan gauzatu behar da, baita aisialdian ere.
Beraz, urtero bezala, asteburuan hasiko den Aste Nagusian euskarak duen erabilera behatuko du BAGERAk eta horregatik, behaketa ahalik eta osatuena egin nahi dugulako zuen guztion laguntza eskatu nahi dizuegu. Behaketa fitxa bete beharreko argibideekin eta behin bete ondoren guri helaraztea eskatzen dizuegu (Katalina Eleizegi 36 behea 20009 Donostia edota posta elektronikoz bidali).